Nafarroako Auzitegi Nagusiak baimendu egin du Nafarroan ziurtagiriaren ezartzea

Foru aginduan jasotako neurriak «egokiak, beharrezkoak eta neurrizkoak» direla ebatzi du.

Iruñeko taberna bat, artxiboko irudian. IñIGO URIZ/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko azaroaren 25a
13:41
Entzun

Nafarroako Gobernuak atzo igorri zion Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari COVID pasaportea ezartzeko foru agindua, eta erantzuna eman berri du auzitegiak: ontzat jo du ziurtagiria ezartzeko erabakia. Auzitegiko Administrazioarekiko Auzien Salak dio, Espainiako Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia eta Nafarroako Gobernuak emandako txostenak ikusita, foru aginduan erabakitako neurriak «egokiak, beharrezkoak eta neurrizkoak» direla. Magistratuen esanetan, COVID ziurtagiria «transmisioa eragozteko tresna» bat da, eta, bestelako neurri batzuekin alderatuta, gainera, oinarrizko eskubideetan «eragin apalagoa» dauka. Auzitegiak gaineratu duenez, bere helburua honako hau da: arriskurik handiena duten espazioetan kutsatzeko arriskua murrizten laguntzea (batez ere jendetza biltzen den tokietan, eta jatea eta edatea baimenduta dagoen tokietan), eta, zeharka, txertaketa sustatzea, txertaketaren estaldura %100ekoa izan dadin. COVID ziurtagiria ezartzearekin batera, aurrerantzean ere prebentzio neurriak betetzea garrantzitsua dela dio auzitegiak, hala nola maskara egoki erabiltzea eta leku itxiak aireztatzea.

Auzitegiak autoan argudiatu duenez, COVID ziurtagiria eskatzeko Nafarroako Gobernuak emandako argudioak «justifikatuta» daude. Are, azpimarratu du indarrean diren lege ezberdinek babestu egiten dituztela oinarrizko eskubide batzuk murriztea edo mugatzea. Besteak beste, Espainiako Konstituzioak eta Osasun Publikorako lege organikoak babestuta dago halako neurri bat ezartzea, epaileen arabera.

«Erabakitako neurriek modu arinean mugatzen dituzte oinarrizko eskubideak», azpimarratu dute aretoko magistratuek. Zehaztu dute COVID ziurtagiria ezartzeak oinarrizko eskubide batzuk «mugatzen» dituela, baina ez dituela horiek urratzen. Gainera, ohartarazi dute Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren doktrinak dioela oinarrizko eskubideei muga jartzea justifikatuta dagoela baldin eta helburua «legitimoa eta proportzionala» bada. Epaileen ustez, ziurtagiria ezartzea «proportzionala» da bilatzen dituen helburuarekiko, hau da, osasuna babesteko helburuarekiko.

Autoak dioenez, ziurtagiria eskatzea neurri «egokia» da osasuna babesteko, dokumentu hori eskatuko den tokietan sartzea borondatezkoa delako eta horietan ez delako funtsezko jarduerarik egiten. Horrela dio autoak, hitzez hitz: «Aisialdia nahi den moduan erabil daiteke, eta pertsonak establezimendu horietara sar daitezke, edo terrazan geratzea erabaki dezakete; baina establezimenduen barrualdeetara sartzea erabakitzen badute, zeinak leku itxiak eta gutxi aireztatuak izaten diren, kutsatzeko arrisku handiagoa izango dute. Beraz, ziurtagiria erakusteak bermatuko luke pertsona hori ez dagoela SARS-CoV-2 birusarekin kutsatuta».

Autoaren arabera, gainera, ziurtagiriak ez du berdintasun eskubidea urratzen, ez baita «diskriminaziorik» egiten txertatuta daudenen eta ez daudenen artean. Izan ere, epaileek gogoratu dute Nafarroako Gobernuak aurkeztutako foru aginduak zehazten duela ziurtagiria eskatu dezatekela ez soilik txertaketa pauta osoa dutenek, baita azken 72 orduetan PCR proba negatiboa eskuratu dutenek eta azken 48 orduetan antigeno proba negatiboa izan dutenek ere.

Gainera, Nafarroako Gobernuak ziurtagiria ezartzeko baimena eskatzerakoan emandako argudioak «modu argi eta zehatz» batean oinarrituta daudela uste dute epaileek. Besteak beste, Osasun Publikoko Institutuaren txosten epidemiologikoa, Nafarroako ospitaleko osasun asistentzialaren egoeraren txostena eta azterlan juridiko bat aurkeztu zituen foru gobernuak bere erabakia argudiatzeko.

Azaroaren 27tik urtarrilaren 7ra bitartean eskatu nahi du foru gobernuak ziurtagiria, eta erabaki hori ontzat jo dute epaileek, «egokia eta proportzionala» delako. Hala, auzitegiaren babesa jasota, larunbatetik aurrera COVID ziurtagiria eskatzeko moduan egongo dira Nafarroan 60 mahaikidetik gorako jatetxeetan, gaueko aisialdian –besteak beste, diskoteketan eta dantzalekuetan–, bai eta barrualdean egiten diren ekitaldi jendetsuetan ere, baldin eta 1.000 pertsonatik gorako guneak badira eta jateko edo edateko aukera baldin badago, betiere.

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko eledunak atzo zehaztu zuenez, establezimenduetako eta ekitaldietako arduradunen esku egongo da COVID ziurtagiria eskatzeko ardura, eta udaltzainek eta foruzainek «ausaz» egingo dituzte kontrol eta ikuskaritzak.

Indurain, pozik

Nafarroako Justizia Auzitegiaren erabakiaz presazko balorazioa egin du gaur Santos Indurain Nafarroako Osasun Kontseilariak. Adierazi du erabakiak «babes juridikoa» ematen diola neurriari, egokia eta proportzionala dela esan duelako. Osasun kontseilariaren ustez, ziurtagiria ezarri ahal izateak balio izango du oraindik txertoa jaso ez duten pertsonen txertaketa «sustatzeko». Izan ere, nahiz eta lurraldeko txertaketa maila oso ona den, txertatu berri bakoitzak erietxeratu eta hildako kopurua murriztea posible egiten du, Indurainen esanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.