Giza eskubideak

Torturaz akusaturiko jeneral bat izendatu dute Interpoleko buru

Arabiar Emirerri Batuetako Ahmed Naser Al-Raisiri oposizioko kideak torturatzea egotzi diote. Giza eskubideentzako «egun tristea» dela adierazi dute hainbat elkartek.

Al Raisi, artxiboko argazki batean. EMIRATES NEWS AGENCY / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko azaroaren 25a
17:40
Entzun

Azken asteotan egon den ika-mikak ez du erabakia galarazi azkenean: Arabiar Emirerri Batuetako Ahmed Naser Al-Raisi militarra Interpoleko buru izendatu dute gaur, nahiz eta haren kontrako hainbat salaketa dauden auzitegian, atxilotu politikoak torturatzea egozten diotenak.

Interpolek Lyonen du egoitza nagusia (Frantzia), eta 188 estatu kideen poliziak koordinatzen ditu: nazioarteko erakunderik handiena da, NBEren atzetik. Horien ordezkarien %68,9k bozkatu dute Al-Raisi presidente izendatzearen alde. Lau urterako egongo da karguan.

Turkiako eta Frantziako auzitegietan jarri dituzte salaketak haren aurka. Turkian bertan egin dute gaurko bozketa, erakundea han egiten ari baita batzar nagusia. Salaketetako batean, Giza Eskubideen Aldeko Golkoko Zentroak Al-Raisiri egoitzi dio Ahmed Mansur oposizioko kidea 2017. urtetik atxilotuta edukitzea lau metroko koadroko ziega batean, koltxoirik eta mantarik gabe, eta osasun azterketa edo garbitzeko aukera barik.

Matthew Hedges unibertsitateko ikertzaile ingelesak salaketa jarri du, besteak beste Al-Raisiren aurka, aurtengo maiatzean. Udaberri arabiar deituriko matxinadei buruzko tesia osatzeko, Arabiar Emirerri Batuetara joan zen 2018an, besteak beste oposizioko kideak elkarrizketatzeko. Dubaiko aireportuan atxilotu zuten handik bi astera, eta espioitza leporatu zioten. Sei hilabetez eduki zuten preso, bakarturik iaz denbora guztian, eta tortura psikologikoa egotzi zion Al-Raisiri.

«Zalantzarik gabe Golkoko gobernurik autoritarioenaren ordezkaria» Interpoleko buru aukeratu dutela-eta, gaurkoa «giza eskubideentzako egun tristea» dela adierazi du Human Rights Watch elkarteko ikertzaile Hiba Zaiadinek.

Abu Dhabiko Gobernuko ordezkariek, berriz, pozik hartu dute erabakia, eta Al-Raisiren aurkako «difamazio kanpaina» salatu dute.

Iazko urrian, Human Rights Watchek eta beste hemezortzi erakundek salatu egin zuten Al-Raisiren hautagaitza, «oposizio baketsua sistematikoki jomugan hartzen duen segurtasun aparatu bateko kidea» delakoan.

Aurtengo udaberrian, berriz, Erresuma Batuko hainbat erakundek txosten bat argitaratu zuten erakusteko Arabiar Emirerri Batuek Interpolen Ohar Gorrien sistema erabiltzen duela oposizioko kideen kontra. Ohar Gorriak pertsona bat behin-behinean atxilotzeko nazioarteko eskaerak dira, herrialdeetako Poliziek ez duten zertan bete derrigorrez, baina garrantzi handia ematen diete. Txostenak izenez aipatzen du Al-Raisi: «Arabiar Emirerri Batuetako errepresio sistemaren gailurrean dago, eta zuzenean hartu du parte hainbat tortura eta atxiloketa kasu nabarmenetan. Hura aukeratzeak honako mezua bidaliko dio munduari: Interpolek errespetu gutxi edo bat ere ez diela giza eskubideei, eta ezikusia egingo diela torturari eta errepresioari».

Polizia erakundean bertan ere ika-mika sortu du izendapenak. Sarka Havrankova txekiarra zen presidentetzarako beste hautagaia, eta Al-Raisi zoriondu badu ere, bozketaren aurretik gogora ekarri du Interpolen estatutuek erakundeko kideak behartzen dituela Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala aintzat hartuta lan egitera. «Horrez gain, baztertu egin behar ditugu atxiloketa arbitrarioak, eta torturak eta beste tratu doilorrak gaitzetsi. Horiek ez dira polizia lan onerako tresnak».

Al-Raisi aukeratzeak erakundearen izenari eta lanari egin diezaiokeen kalteaz ohartarazi diote berriki Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteari Europako Legebiltzarreko bi diputatuk, tartean Marie Arena Giza Eskubideen Azpibatzordeko buruak.

Interpolek historia beltza dauka lehendik ere. 1938 eta 1945artean, hainbat agintari nazi izan ziren erakundeko presidente, besteak beste Reinhard Heydrich, Gestapoko buru eta juduen holokaustoaren antolatzaile nagusietakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.