Garamendik ez du parte hartuko Autonomia Erkidegoetako Presidenteen Konferentzian

Adierazi du Espainiako Gobernua hitzartutako «aldebiko akordioak behin eta berriz ukatzen» ari dela, eta Sanchezen Gobernuari eskatu dio bete dezala Eusko Jaurlaritzarekin «hitzartutakoa». Garamendik nabarmendu du ez dutela onartuko «Eusko Jaurlaritza gutxiestea».

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburua. RAUL BOGAJO / FOKU
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko azaroaren 26a
12:28
Entzun

Olatz Garamendi Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak uko egin dio Autonomia Erkidegoetako Presidenteen Konferentziaren Jarraipen eta Sustapen Batzorde Prestatzailean parte hartzeari; besteak beste, Espainiako Gobernua hitzartutako «aldebiko akordioak behin eta berriz ukatzen» ari delako.

Bilera gaur egingo dute, Madrilen, eta Isabel Rodriguez Espainiako Lurralde Politikako ministroak eta estatuko autonomia erkidego bakoitzak izendatutako sailburu eta ordezkariek hartuko dute parte. «Ziurrenik» urtarrilean egingo den autonomietako presidenteen Konferentzia prestatzeaz arduratzen da foroa.

Garamendiren arabera, «ez du zentzurik alde anitzeko foro autonomiko batean parte hartzeak» Pedro Sanchezen Gobernuak «Eusko Jaurlaritzarekin dituen aldebiko akordioak behin eta berriz urratzen dituen bitartean». Horrela, Espainiako Gobernuari eskatu dio bete dezala Eusko Jaurlaritzarekin «hitzartutakoa». Horrez gain, nabarmendu du Gernikako Estatutua ez dela betetzen ari, eta hori onartu eta 42 urtera ere «falta diren transferentzien proposamenik» ez dagoela adierazi du.

Sailburuaren ustez, adostutako aldebiko akordioak ez betetzeak «birzentralizazioa aplikatzen saiatzea dakar». Sanchezen Gobernuari adierazi dio «akordioak betetzeko daudela», eta ez dutela onartuko «Eusko Jaurlaritza gutxiestea»: «Espainiako Gobernuak ulertu behar du hori ez dela bidea». Nabarmendu du «estatuarekin lanean eta negoziatzen» jarraituko duela, «egin gabe dauden transferentziak ekartzeko».

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak maiatzean sinatutako lau transferentziei ere egin die erreferentzia. Eskualdaketa horien garrantzia «aitortu» du, baina zera gaineratu du: «Ez gara iraganeko errentetatik biziko, are gutxiago euskal autogobernua jokoan dagoen honetan, eskubide hori guri dagokigulako eta lege organiko batean jasota dagoelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.