Oroimena

Izua betikotzeko zigor erantsia

Nafarroako Gobernuak ‘Expolio y castigo’ argitaratu du, Cesar Laianak frankismoaren jazarpen ekonomikoari buruz idatzitako liburua. Historialariak nabarmendu du erregimenak araudi zehatz bat sortu zuela etsaitzat zeuzkanen ondasunak eskuratu eta haiek zigortu eta beldurtzeko.

edurne elizondo
2021eko azaroaren 26a
17:00
Entzun

Aita eraman zutenetik, gure bizitza errotik aldatu zen: ama kartzelara eraman zuten, lurrak kendu zizkiguten, behor bat eraman ziguten, etxeko objektuak lapurtu zizkiguten. Ezer gabe utzi gintuzten”. Josefina Lambertorenak dira hitzak; 2014ko uztailean erran zituen, Maialen Belarra kazetariak BERRIA egunkarian argitaratutako elkarrizketa batean. Josefinak Vicente eta Maravillas Lamberto zituen aita eta ahizpa. Biak fusilatu zituzten, 1936ko abuztuan.

Senideak hil zizkioten Lambertori, baina zigor hori ez zen nahikoa izan 1936ko altxamendua sustatu eta babestu zutenentzat: esku hutsik utzi zuten familia, gainera. Lambertorena, bai eta bertze familia anitz ere. “Frankismoaren jazarpenak hamaika aurpegi izan zituen, eta ekonomikoa izan zen horietako bat. Zigortzea izan zuen helburu, izua zabaltzea”, erran du Cesar Laiana historialariak.

Josefina Lamberto, Larraga sorterrian, familiari egindako omenaldi batean. Jagoba Manterola / Foku.

Laianak Nafarroako Memoriaren Institutuan egiten du lan, eta, han, institutuak 3.000 libururekin osatu duen liburutegian, nabarmendu du badela errepresio mota horren berri zabaltzeko beharra, baita sufritu zutenei aitortza egitekoa ere.

Helburu hori du Laianak idatzi eta Nafarroako Gobernuak argitaratutako Expolio y castigo liburuak, hain zuzen ere; azaldu nahi du frankismoak nola jokatu zuen erregimenaren etsaitzat jo zituenen ondasunak eskuratzeko, eta erdigunean jarri beren ondasunak galdu zituztenak eta haien ondorengoak.

Lan hori ez da erraza izan. 1936ko altxamendu militarra gertatu eta gero, 3.200 pertsona fusilatu zituzten herrialdean. Militarrek estatu kolpea egin eta berehala hasi zuten garbiketa politikoa, eta, horrekin batera, herriz herri, hildako edo ihes egindako horien ondasunen lapurreta. “Biktimen testigantzen bidez jaso dugu lehen hilabete horietako jazarpen ekonomikoaren berri; agiririk ia ez dago”, azaldu du Laianak.

Egoera aldatu zen gero, eta hasierako ordenarik eza arautu egin zuten militarrek, nolabait erranda: jazarpen ekonomikoa lege bilakatu zuten, zenbait dekreturen bidez. 1936ko irailekoa da 108. dekretua, eta helburu zuen legez kanpo uztea alderdiak eta sindikatuak, eta haien ondasunak eskuratzea. 1937an, berriz, ondasunak konfiskatzeko batzordeak sortu zituzten, eta, 1939ko otsailean, azkenik, erantzukizun politikoen legea onartu zuten. “Dekretu eta lege horien bidez, erregimenaren asmoa zen prozesua kontrolatzea, isun, enbargo eta gainerakoen bidez irabazitako guztia bere esku hartzeko”.

Birramonaren estankoa

Aspaldikoa da Laianaren liburuaren lehen hazia. Izan ere, jazarpen ekonomikoaren auzia etxean ezagutu du. “Gure birramonari autobus geltokian zuen estankoa kendu zioten; horri buruzko inolako agiririk ez da, baina”. Historialariak zehaztu du, halere, jazarpen ekonomikoaren gaia jorratzeko ideia izan zuela bertze ikerketa baterako Nafarroako Aldizkari Ofiziala aztertzen ari zenean. “Isun eta txosten asko agertzen zirela ohartu nintzen”.

Laiana agiri horiek gordetzen hasi zen. Halere, urrats nagusia egin zuen Nafarroako Justizia Auzitegia egoitza berrira mugitu zutenean. “Hango artxiboko arduradunak lagundu zidan aurkitutako txostenak ordenatzen”.

Egindako ikerketa lanaren ondorioz, Laianak garbi du jazarpen fisikoaren ondoko jazarpen ekonomikoa baliatu zutela, hein handi batean, ihes egin zutenen senideen aurka. “Zigortzeko modu bat izan zen, eta, aldi berean, disidentzia oro hutsean uztekoa”. Ondorioak “oso latzak” izan ziren familia anitzentzat. “Kale gorrian gelditu zen jende asko”.

Emakumeek bete zuten rola nabarmendu nahi izan du Cesar Laianak. “Senarra hilda, erbestean edo kartzelan, bakarrik gelditu ziren emakume asko, familiaren ardura guztia haien bizkar. Biktima izan ziren, baina ez ziren deus egin gabe gelditu. Bidea bilatu zuten berea defendatzeko, egunerokoari aurre egiteko, bizirik segitzeko”.

Jazarpen ekonomikoaren atzean “hamaika aitzakia” aurkitu ditu Laianak, aztertutako txostenetan. “Edozer gauzak balio zuen isun bat jartzeko: mezatara ez joatea, edo ezkerreko egunkariak irakurtzea egozten zieten. Horrek erakusten du, herriz herri, altxamenduaren aldeko jendea aritu zela gisa horretakoen berri jasotzen”.

“Kontrola ezartzeko” tresna bat izan zen jazarpen ekonomikoa. Gutxi zutenen kontra erabili zuten, bai eta anitz zutenen aurka ere. “Errepublikaren aldeko jarrera izan zuten burgesiako kideen aurka gogor jo zuen erregimenak, eta isun handiak ezarri zizkien. Burgesiaren gehiengoa altxamenduaren aldekoa zen; kontrako jarrera izan zuten horiei, nolabait, beren klasearen aurka egin izana egotzi zien erregimenak”.

Cesar Laianak 1936-1966 bitarteko jazarpen ekonomikoa aztertu du bere liburuan, 1966koak direlako behin betiko indultuak. “Jazarpen ekonomiko horrek oinarri zituen dekretuak 1945ean desagertu ziren, baina horrek ez du esan nahi txosten guztiak desagertu zirenik. Ondasunak galtzeko mehatxuak hor segitzen zuen herritar askorentzat”. Historialarik oroitu du, adibidez, Manuel Irujori bahitutako ondasunak 1950eko hamarkadan saldu zituztela.

Soldatak eta gainbalioa

Jazarpen ekonomikoak ondasunik gabe utzi zituen batzuk; bertze batzuk, berriz, jazarpen hori bultzatu eta baliatu zutenak, aberastu egin ziren. Laianak garbi erran du gaur egungo zenbait dirutzak frankismoaren garai horretan badutela jatorria. Historialariak, halere, jazarpen horri bidea eman zion sistema politikoa jarri nahi izan du erdigunean, erregimena izan zelako, finean, espoliazioari etekinik handiena atera ziona.

Horretarako, ondasunak bere esku hartu baino gehiago egin zuela nabarmendu du Laianak, hain zuzen ere. “Langileen soldatek, adibidez, behera egin zuten; frankismoaren lehendabiziko bi hamarkadetan, batez ere, gainbalioa oso altua izan zen. Ez dugu ahaztu behar, gainera, zenbait enpresak preso hartutakoen eskulana erabili zutela”.

Administrazioan gertatutako garbiketa ere aipatu du. Izan ere, altxamendua gertatu eta gero, frankistek administrazioan zituzten postuetatik bota zituzten errepublikaren aldekoak, eta haien tokian jarri zituzten kolpea babestu zutenak. “Hori sumatu da duela gutxira arte. Altxamenduaren aldekoentzat izan da administrazioa”, salatu du Laianak, argi eta garbi.

Aitortzarako aukera

Frankismoaren jazarpenak milaka herritarri eragin zien. Zenbait arlotan, biktimak eta haien ondorengoak hasi dira zor zaien aitortza jasotzen, baina jazarpen ekonomikoaren alorrean, oraindik ere, ez da deus egin. “Ezezaguna da gertatu zena, hein handi batean”, onartu du Laianak.

Aitortza hori “zor” zaiela garbi du. “Lapurtutakoa itzultzea ez da erraza, baina modua bilatu behar da lapurreta horiek gertatu zirela nabarmentzeko, eta biktimei ordain bat emateko”. Oroitu du Espainiako Kongresuan ari direla tramitatzen Memoria Demokratikoaren lege proiektua. Testu horrek, hain zuzen, biktimen artean aipatzen ditu jazarpen ekonomikoa sufritu zutenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.