Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Etxahun Lekuek irabazi du Galdakaoko finalaurrekoa

547,5 punturekin, Etxahun Lekue nagusitu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoan, Galdakaon. Aitor Bizkarra eta Xabat Galletebeitia sailkatu dira segidan

Etxahun Lekue, Galdakaoko Urreta kiroldegian. GORKA RUBIO / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko azaroaren 27a
20:41
Entzun

Aurreneko txapela jantzi zuen Etxahun Lekue Etxebarriak 2016ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketan, eta hautagai nagusietako bat izango da aurten ere. Galdakaon 547,5 punturekin irabazi ondoren, oraingoz bi bertsolarik daukate ziurtatuta finaleko lekua: Gorka Pagonabarragak eta Lekuek berak. Kanpoaldeko hotzak eta euriak ez du kikildu entzulea, eta bertsolariak oholtzaratu orduko bertsozaleek epeldua zuten barruko giroa. Datorren larunbatean jokatuko da hirugarren eta azken finalaurrekoa, Larrabetzun.

Lekueren ondoren, bigarren eta hirugarren egin dute, hurrenez hurren, Aitor Bizkarra Ruizek (541,5) eta Xabat Galletebeitia Abaroak (524,5), eta, puntuazioak ikusita, aukera handia dute biek Bilboko finalean aritzeko. Izan ere, Etxebarriko lehen finalerdian baino puntu gehiago lortu dituzte gaurko lehen lau sailkatuek. Lehenengo hiruren atzetik, honela geratu da sailkapena: Aitor Etxebarriazarraga Gabiola (520,5), Oihana Bartra Arenas (504) eta Josune Aramendi Perez (463,5).

Saio puntuagarria hasita, gogoetarako baliatu dute bertsolariek zortziko nagusiko ariketa. Oihana Bartra eta Etxahun Lekue erretiroa laster hartuko duten bi lagunen larruan jarri ditu Igor Menika gai emaileak. Honela amaitu du lehenengo bertsoaldia Bartrak: «Denbora barik ibili gara/ gure beharrak tarteko,/ ta orain eukiko dogu astia/ nahi doguna egiteko». Penaz erantzun dio Lekuek: «Ta dodazan lagun guztiak/ fabrika honetan dodaz».

Zortziko txikiko bertsoaldiak berotu du ordura arteko epela. Udaltzaina da Galletebeitia, eta, dei bat jaso ondoren, kale edanean dabilen gazte talde batengana gerturatzerakoan, bere alaba Bartrarekin egin du topo. Bizi hasi da Galletebeitia: «Kontainer gainean hor/ musikaz zein artez/ mesedez, pixkatxo bat/ kontenitu zaitez». Arin erantzun dio Bartrak segidan: «Ta beti izan zaitut/ bizi adibide,/ beti esan didazu/ dantzatzeko libre». Entzuleen barre algara artean, honela bukatu du bertsoaldia Bartrak: «Guay-ana egin behar dut/ lagunen aurrean».

Umorez heldu diote gaiari Lekuek eta Aramendik ere. Duela gutxi elkarrekin bizitzera joandako bikotea osatzen dute bi bertsolariek. Eta Aramendi etxe osoa margolanez betetzen ari da. Honela hasi da Lekue: «Oin zalantza bat dekot, /zalantza sakona:/ ze koloretakoa zen/ kuartuko horma?». Margonalen inguruan eztabaidatzen ibili eta gero, ondorio batera iritsi da Lekue: «Ni naz minimalista/ ta zu barrokoa./ Igual inposible da / gure artekoa». Fin itxi du ofizioa Aramendik: «Gu bion panorama/ hori bai koadroa».

Hamarreko txikiko ariketan ere ale politak utzi ditu bertsolariek. Lekuek hainbat hilabete igaro ondoren terapia psikologikoan, paziente berri batekin egin du topo kontsultan. Aholku batekin abiatu zuen bertsoaldia Lekuek: «Ez eduki presarik/ hau luzerako da». Etxebarriazarragak mesfidati erantzun dio: «Ni gizon isila naz/ ta mesfidatia,/ baina zabaltzekoa da/ nire erabakia». Etxebarriazarragak lau hilabeteko epean hobekuntzarik nabaritu duen galdetzerakoan, berriz, zera erantzun dio Lekuek: «Galdera horri baietz/ erantzun beharko,/ baina sendagaiari/ denbora zor dako».

«Zenbat geratzen den galdetu dizu; ez duzu jakin zer erantzun». Hari ezberdin bati egin dio tira bertsolari bakoitzak, gai jartzaileak emandako bakarkako ariketa josteko. Leuzemia duen alabaren aitatzat jarri du bere burua Lekuek: «Zenbat falta da, aita?/ galdetu deust hala,/ destinu petrala./ Erantzunik ez dotzet/ emon berehala,/ baina ederto dakit/ gitxiegi dala». Zenbat falta den baino gehiago, zer egingo duten galdetzeko esan dio aitak alabari bigarren bertsoaldian, eta honela abiatu du hirugarrena: «Baina hurreratu jat/ belarri albora,/ baina zenbat falta da?/ Berriz bere aproba./ Bizipenetan neurtu/ gura dot denbora». Publikoaren txalo zaparrada artean amaitu du bertsoaldia: «Beti maiteko zaitut,/ ta beti asko da».

Bigarren sailkatuak ere antzeko gaia hartu du hizpide. Alboko esklerosi amiotrofiko gaitza duen aitaren azalean jarri da Bizkarra: «ELA da oso gaixo zantarra,/ asko daude bere menpe:/ gurpil aulkira, gero hobira/ joaten da hainbat jende». Hirugarren bertsoaldian biribildu du lana: «Jada pentsatzen nago hasia/ bidea dela eutanasia/ hil nahi ta ezin hiltzea/ ez dalako bizitzea».

Datorren larunbatean jokatuko da hirugarren eta azken finalaurrekoa Larrabetzuko (Bizkaia) frontoian, arratsaldeko bostetan. Sei bertsolari hauek arituko dira: Ander Elortegi Garatea, Eneko Abasolo Txabarri Abarkas, Jone Uria Albizuri, Julen Arzanegi Erezuma, Nerea Ibarzabal Salegi eta Txaber Altube Sarrionandia. Orduan erabakiko da zein zortzi bertsolari sailkatuko diren Bilboko finalera. Abenduaren 18an jokatuko da, eta han erabakiko da nork jantziko duen txapela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.