Eguraldia

Aurreikusi dute uholdeak izango direla Euskal Herrian

Jaurlaritzak Uholdeei Aurre Egiteko Plan Berezia aktibatu du. Nafarroa erdialdea alerta gorrian dago, eta Ipar Euskal Herrian alerta naranja aktibatu dute. 500-600 metro inguruko altueran ari du elurra.    

Makina bat lanean, atzo, A-15 autobidean, Leitza (Nafarroa) parean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2021eko azaroaren 28a
10:20
Entzun

Iritsi da elurra Euskal Herrira. Goizean goiz 500-600 metrotan egon da elur kota, eta 1.100 inguruan izango da eguna amaitzerako. Euskalmetek, gainera, euri jasa gogorrak iragarri ditu, eta abisua eman du: uholdeak izan litezke, euriaren eta izoztutako uraren ondorioz. Prezipitazioek bihar goizera arte jarraituko dutela jakinarazi dute, eta okerrena gauean eta goizaldean izango dela esan.

Hori ikusita, Eusko Jaurlaritzak Uholdeei Aurre Egiteko Plan Berezia aktibatu zuen atzo, eta gaur goizean zehar neurri hori nahikoa ote den aztertzen ibili dira: 15:00etatik aurrera arrisku maila igotzea erabaki dute.

Nafarroan elurra da arazo nagusia. Herrialdearen erdialdean alerta gorria ezarri dute, izan ere, 600 metrotik gorako tokietan 25 zentimotroko elur lodiera pilatuko dela aurreikusi dute.

Ipar Euskal Herrian, berriz, alerta laranja ezarrita dago biharko 12:00ak arte.

Trafikoari erabat itxita daude Altubeko gaina eta A-15 autobidea.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, trafikoari itxita daude Altubeko, Barrerillako, Herrerako, Opakuako eta Urduñako gainak, guztiak Araban. Altube da haietako errepiderik garrantzitsuena, eta sarean hainbat erabiltzailek erakutsi dute hango egoera.

Nafarroan, berriz, itxita jarraitzen du A-15 autobideak. Hori da errepide sare nagusian itxita dagoen bakarra. Gipuzkoatik Nafarroara joateko, beraz, ezin da Andoainen hartu A-15a, eta A-1etik jarraitu behar da A-10 autobidearekin bat egin arte. 400 metro inguruko altueran ari du elurra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.