2021eko disko eta liburu gogokoenak aukeratzeko bidea jarri du BERRIAk

Aurtengo euskarazko liburu eta diskoak kontsultatu daitezke webgune berezi batean, euskal kultur sorkuntzari ikusgaitasuna emateko, kulturazaleen esku jarri du urteko sorkarien informazioa. Urtarrilaren 10 arte, gogokoenak aukeratu eta zozketa batean parte hartu ahal izango dute nahi duten guztiek.

jarraia206593.jpg
2021eko azaroaren 29a
08:39
Entzun

Urteko liburu eta diskoen erakusleihoa martxan du BERRIAk, eta, orain, gogokoenak aukeratu eta zozketa batean parte hartzeko aukera jarri du. Webgune honetan kontsultatu daitezke urteko sorkuntzak, eta baita gogokoenak aukeratu ere. Parte hartzaile bakoitzak bere gogokoenak diren urteko hiru disko eta hiru liburu aukeratu ditzake gehienez, izena eman, eta zozketa batean parte hartuko du. Urtarrilaren 9 arte izango da gogokoenak aukeratzeko modua, eta urtarrilaren 10ean zozkatuko dituzte Elkarren hogei bonu, kulturan gastatzeko.

Durangoko Azoka topaketa garrantzitsua da euskal sortzaileentzat eta argitaletxe eta diskoetxeentzat, eta egunotan ari dira urteko uztak aurkezten. Euskal kultur sorkuntzan egindako lanaren erakusleiho bat da izan nahi du webguneak, euskal kultura ikusgarri egiteko eta urteko lan guztiak leku bakarrean biltzeko. 2021ean argitaratu diren liburu eta disko guztiak bildu eta erakustea da gunearen asmoa, kulturazaleek erraz kontsultatu eta bilatzeko moduan.

Liburuei dagokienez, euskarara itzulitako lanak ere agertzen dira, ez euskaraz sortuak soilik, eta bilaketak egin litezke titulua edo egilea idatzita. Argitaletxe bakoitzak aurten zer argitaratu duen ere ikus liteke. Horrez gain, literatur generoaren araberako bilaketa ere egin liteke, eta bereizita daude haur literaturako lanak, adinaren arabera. Ia 500 libururen erreferentziak biltzen eta erakusten ditu webguneak.

Diskoei dagokienez, berriz, musika generoaren arabera egin liteke bilaketa, eta baita diskoetxearen arabera ere, ikusteko bakoitzak zer uzta dakarren aurten. Diskoez gainera, disko aurrerapenak eta kantu solteak argitaratu dituzten taldeen berri ere jasotzen du guneak. Era horretako ia 50 lan erakusten ditu, eta disko osoak, berriz, 125 inguru dira.

Liburu edo disko bakoitzak fitxa bat du, sormen lan horren xehetasun guztiekin, eta liburuek badituzte sinopsiak ere, zeri buruz ari diren jakiteko. Liburu edo disko bakoitzari buruz BERRIAk argitaratutako artikuluak, elkarrizketak eta kritikak ere agertzen dira fitxa bakoitzean, obra horri buruzko informazio gehiago eskura izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.