Pentsioak

Hegoaldean, pentsioak batez beste 32 euro handituko dira urtarrilean

Aurten prezioak uste baino gehiago handitu direnez, batez beste 285 euro jasoko dute pentsiodunek

Pentsiodunen manifestazio bat, azaroan, Iruñean. VILLAR LOPEZ / EFE
Iker Aranburu.
2021eko azaroaren 29a
10:38
Entzun

Hego Euskal Herriko pentsiodunek dagoeneko kalkula dezakete datorren urtean zenbateko pentsioa jasoko duten: aurtengo kopuruari %2,5 gehitu beharko diote. Horrek esan nahi du Hegoaldeko batez besteko pentsioa 32 euro handituko dela urtarrilaren 1ean, eta 1.300 eurora iritsiko dela —1.268 euro direla dio azken datuak, urrikoak—.

%2,5eko datua ez da ausazkoa: Espainian 2020eko abendutik 2021eko azaro artean izan den batez besteko inflazioari dagokio. Behin-behineko datua da, eta abenduaren 15ean izango da behin betikoa, egun horretara arte ez baitu INEk baieztatuko atzo aurreratutako azaroko datua, %5,6koa. Edonola ere, hamarren baten gorabeherak ez du alderik eragingo.

Pentsioak aurreko urteko inflazioaren arabera eguneratzea ezartzen duen legea 2022ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean, baldin eta aste honetan Espainiako Kongresuaren oniritzia jasotzen badu. Sistema horrek ordezkatu egingo du PPren gobernuak indarrean jarritakoa. Hark Gizarte Segurantzaren kontuen osasunarekin lotzen zuen pentsioen eguneratzea, eta, defizita zutenez, 2014-2018ko epean pentsioak %0,25 handitzea ekarri zuen. Sistema hori bertan behera geratu zen Pedro Sanchez Espainiako gobernuburu izendatu zutenean.

2022an, kontrakoa

Pentsioak batez besteko inflazioaren arabera eguneratzeak moteldu egiten du inflazioan batzuetan gertatzen diren gorabeheren eragina. Aurten, oso handia izan da gorabehera, urtea ozta-ozta hasi zelako inflazio positiboarekin —2020an, prezioak jaitsi egin ziren, pandemiaren ondorioz—, baina, gero, energiaren garestitzeak azken urteotako igoerarik handiena ekarri du.

Horrenbestez, %2,5eko igoera oso urrun geratu da azaroko datutik (3,1 puntu gutxiago). 2022an, prebisioak betez gero, oso litekeena da kontrakoa gertatzea, eta inflazio handiagoa izatea urtearen hasieran eta txikiagoa urteak aurrera egin ahala; hori baieztatuko balitz, eta aurten gertatuko denaren kontra, azaroko inflazioa baino handiagoa izango da 2023an pentsioek izango duten gorakada.

Urtarrileko ‘saria’

PPren erreformak baliogabetu egin zuen urtarrilean pentsiodunek aparteko ordainketa bat jasotzeko aukera. 1985ean ezarri zen, bermatzeko pentsiodunek ez zutela erosteko ahalmena galduko. Haren bidez, azaroko inflazioa aurreko urtarrilean egindako igoera baino handiagoa bazen, urtarrilean aldea konpentsatzen zuen Gizarte Segurantzak.

Sistema hori behin betiko lurperatuko du erreforma berriak, baina aurretik, azken aldiz, aparteko ordainketa bat jasoko dute Hego Euskal Herriko pentsiodunek. Izan ere, azaroko batez besteko inflazioa 1,6 puntu handiagoa izan da joan den urtarrilean jasotako pentsioen igoera baino (%0,9). Kopuru osoetan, batez besteko pentsioa eskuratzen duenak —1.268 euro— 284 euroko ordainketa bat jasoko du aste gutxi barru.

2018an jaso zuten azken aldiz ordainketa hori. 2019an eta iaz ez zuten euro bakar bat ere jaso, pentsioen igoera handiagoa izan zelako azken inflazioa baino eta, horrenbestez, erosteko ahalmena irabazi zutelako pentsiodunek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.