Honduras

Xiomara Castro ezkertiarrak irabazi ditu Hondurasko presidentetzarako bozak, lehen emaitzen arabera

Botoen %55,44 eskuratu ditu Libre alderdiko zerrendaburuak. Datuak berretsiz gero, Castro izango da Hondurasko lehen presidentea. Bigarren tokian geratu da Nasry Asfura, hautagai ofizialista. 

Libre alderdiaren jarraitzaileak Xiomara Castro presidentegaiaren garaipena ospatzen. GUSTAVO AMADOR, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko azaroaren 29a
11:37
Entzun

Botoen %38,94 soilik zenbatu dituzte orain artean, baina aldea nabaria da oposizioko Libre alderdiko hautagai Xiomara Castroren —botoen %55,44— eta bigarren tokian geratu den Alderdi Nazionaleko Nasry Asfuraren artean —botoen %34,04—. Hondurasko presidente izan zen Manuel Zelayaren emaztea da Castro, eta, emaitzak berresten badira, bera izango da herrialdeko emakumezko lehen presidentea ere.

Alderdi Nazionalaren hamabi urteko agintaldia amaituko luke Castroren garaipenak. Hauteskunde Batzorde Nazionalak ohartarazi du emaitzak behin-behinekoak direla, baina, hala ere, ezkerreko presidentegaiak garaipena aldarrikatu zuen bart, eta eskua luzatu zien aurkariei gaurtik aurrera elkarrizketak hasteko. «Aro berri bat eraikiko dugu elkarrekin. Demokrazia zuzen eta parte hartzailea. Kanpora gerra, gorrotoa, heriotzaren eskuadroiak, ustelkeria narkotrafikoa, eta kanpora pobrezia», esan zuen Castrok.

Hondurasko herritarrek 128 diputatu ere aukeratu zituzten atzo. Baina batez ere herrialdearen geroa aukeratu zuten: abortatzeko gutxieneko eskubideak legeztatu eta batzar konstituziogile bat osatzeko asmoa duen ezkerrarena, eta Tegucigalpako alkate Asfurarena, zeinak azpiegiturak berritzea jarri duen helburu nagusi gisa. Kuba eta Venezuelako gobernuekiko harreman estuagoak iragarri ditu Castrok, baita inbertsio handiagoak ere gizarte politiketan.

Kanpaina odoltsua

Alderdien promesekin batera, indarkeria izan da kanpainako protagonista nagusia. Azken urtean 30 hilketa izan dira Hondurasen arrazoi politikoek bultzatuta. Ugariak izan dira hautagaien aurkako ustelkeria eta narkotrafiko salaketak ere, tartean egungo presidente Juan Orlando Hernandezen kontrakoak. Azken horiek kalte egin diote hautagai ofizialistari, nahiz eta kanpainan zehar Asfura saiatu Orlandorengandik urruntzen.

Ekonomia izango da gobernu berriaren erronka nagusietako bat. Iaz, Hondurasen, Amerika erdialdeko herrialde populatuenetako bigarrenean, BPG barne produktu gordina %9 hondoratu zen, pandemiaren eta ekaitz tropikalek eragindako kalteen ondorioz. Munduko Bankuaren datuen arabera, iaz %55 handitu zen egunean bost euro baino gutxiagorekin bizi diren herritarren kopurua. Horrez gain, 2019tik 2020ra ia bikoiztu egin zen langabezia tasa, eta %10,9raino iritsi; eta aurtengo irailean 3,3 milioi herritarrek —biztanleen herenek— zituzten elikadura segurtasunerako arazoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.