Zazpi positibo atzeman dituzte Gipuzkoako egoitzetan, irailetik lehen aldiz

PCR proban positibo emandako egoiliarrak Eibarko Ospitaleko COVID-19 erreferentzia zentrora eraman dituzte, «birusa egoitzen barruan zabaltzea eragozteko»

Donostiako zahar etxe batek egoiliarrak. GORKA RUBIO / FOKU
2021eko azaroaren 29a
17:30
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu duenez, azken egunetan zazpi COVID-19 kasu positibo atzeman dituzte Gipuzkoako lau egoitzatako egoiliarren artean: kasu bat San Jose de la Montañan (Donostia), bi Caser Anakan (Irun), bat San Andresen (Eibar), eta hiru Gurutze Gorrian (Donostia). PCR proban positibo emandako egoiliarrak Eibarko Ospitaleko COVID-19 erreferentzia zentrora eraman dituzte, «prebentzioagatik eta birusa egoitzen barruan zabaltzea eragozteko».

Gipuzkoako egoitzetan bizi diren adinekoek irailetik urrira bitartean hartu zuten txertoaren hirugarren dosia. Maite Peñak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatuak, gogorarazi du txertoak ez duela birusaz kutsatzea eragozten: «Gaitzaren sintoma larriak garatzea prebenitzen du». Uneotan «egoeraren bilakaerari adi» segitzen dutela gaineratu du, PCR proba gehiago egiten, «egoitzetako erabiltzaileen eta langileen artean egon daitezkeen kasu positiboak atzemateko».

Azken positiboa irailaren 27an hauteman zen, eta urriaren 19tik ez da kasu aktiborik izan Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. «Erne jarraitzen dugu, prebentzio eta segurtasun neurri guztiak betetzen», esan du Peñak. Egoitzak «komunitatearekin konektatutako espazioak» direla gaineratu du, eta horrek arriskua areagotzen duela: «Bisitak, sartu-irtenak... ezin gara lasaitu, birusak gure artean jarraitzen duelako eta kutsatze komunitarioa handitzen ari delako».

Gipuzkoako Foru Aldundiak «ezohiko neurriak» hartu ditu «birusak komunitatean duen intzidentzia handia dela eta», besteak beste egoitzetako langileei PCR proba diagnostikoak areagotzea. Langileen diagnostikorako PCR listu probak ere aktibatu dituzte, zahar etxeetan egiten diren ohiko PCRen osagarri. Egoitzetako langileek 15 egunean behin listu proba diagnostiko bat egingo dute txertatuta egonez gero, eta, txertoa hartu ez duten langileen kasuan, proba astean behin egin beharko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.