Barbados

Barbadosek Ingalaterrako koroa baztertu du, eta errepublika aldarrikatu du

Sandra Mason presidente izendatu dute, Bridgetown hiriburuan eginiko ekitaldi arranditsu batean.

Barbadoseko Lehen ministro Mottley, Mason presidentea, Rihanna eta Charles Mountbatten-Windsor, ekitaldian. BERRIA
Edu Lartzanguren.
2021eko azaroaren 30a
09:52
Entzun

Munduak beste errepublika bat du. Barbadosek estatuburutzatik kendu du Ingalaterrako Elizabeth II.a, eta bere burua errepublika aldarrikatu du. Sandra Mason presidente izendatu dute, Euskal Herrian gaua zenean eginiko ekitaldi arranditsu batean.

Karibeko uharte bat da Barbados, ia 300.000 biztanlekoa. 1966. urtean independentzia lortu zuen, baina Commonwealth delakoan geratu zen, eta Ingalaterrako monarka estatuburu gisa gorde zuen.

Gatazkarik gabeko dibortzioa izan da, ordea. Izan ere, Bridgetownen eginiko ekitaldian, Charles Mountbatten-Windsor Elizabeth II.aren semea mintzatu da, besteak beste, eta aitortu egin du «esklabotzaren izugarrikeria». 1625an aldarrikatu zuten ingelesek uhartearen jabetza, eta mende horretan eraman zituzten esklabo beltzak hango etxaldeetan lan egitera. Esklabotza 1833. urtean abolitu zuten. Gaur, uhartearen populazioaren %91 beltza da, eta bakarrik %4 da zuria.

Egoera instituzionala aldatu bada ere, Erresuma Batuaren eta Barbadosen arteko loturei eutsiko dietela adierazi zuen monarkiaren ordezkariak, eta erreginak «zoriona, bakea eta etorkizunerako oparotasuna» opatu zion errepublika berriari.

Herrialdeko lehen presidenteak 72 urte ditu, eta uhartearen gobernadorea izan da 2018. urtetik. Barbadosko Itsasontzi Errepublikak lehen bidaia hasi du», esan du Masonek ekitaldian. «Ekaitz guztien gainetik egin dezala, gure herrialdea eta herritarrak gure aurrean dauden ostertz eta kostaldeetan lehorreratzeko».

Iragarri dutenez, errepublikaren lehenengo erabakietako bat Rihanna abeslaria heroi nazional izendatzea izango da. Izan ere, Robyn Rihanna Fenty musikaria herrialdeko Saint Michael hirian jaio zen, 1988. urtean. Kantariak parte hartu du ekitaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.