UGANDA-KONGOKO ERREPUBLIKA DEMOKRATIKOA

Ugandako armadak ADFren miliziei eraso die Kongoko Errepublika Demokratikoan

Ugandako eta Kongoko Errepublika Demokratikoko gobernuek aliantza militar bat osatu dute Indar Demokratiko Aliatuaren «mehatxuari» aurre egiteko.

Kongoko Errepublika Demokratikoko armadako soldadu bat, joan den otsailean Kivu Iparraldean. EFE
Igor Susaeta.
2021eko azaroaren 30a
13:05
Entzun

Ugandako eta Kongoko Errepublika Demokratikoko gobernuek atzo iragarri zutenez, aliantza militar bat osatu dute ADF Indar Demokratiko Aliatuak miliziaren «mehatxuari» aurre egiteko. Eta, ordu batzuk geroago, miliziaren aurkako erasoaldia hasi du Ugandako armadak. Txio baten bidez bozeramaile batek adierazi duenez, ADFkoek Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdean dituzten kanpaleku batzuk bonbardatu dituzte.

Patrick Muyaya Kongoko Errepublika Demokratikoaren Gobernuko bozeramaileak ere «talde terroristaren» aurkako aire erasoak baieztatu ditu. Prentsaren aurrean nabarmendu du, hori bai, bi gobernuek ez dutela esan ekintza bateratuak egingo dituztenik, «baizik eta adostutako ekintzak» izango direla. Ez du horiei buruzko zehaztasun gehiago eman, ordea.

Reuters berri agentziaren arabera, Watalinga eremuko herritarrek, Kivu Iparraldea probintzian (Kongoko Errepublika Demokratikoa), leherketak entzun dituzte. Ugandako mugatik gertu dago. «Izututa gaude etxean, ez gaituztelako egoeraz informatu», adierazi dio berri agentziari hango herritar batek. «ADFrekin gehiegi sufritu dugu. Gure familiak sarraskitu dituzte. Irtenbide baten zain gaude».

Miliziek urteak daramatzate Kongoko Kivu Iparraldea eta Ituri probintzietako zibilei eraso egiten. Kivuko Segurtasunaren Barometroak bildutako datuen arabera, 2017az geroztik 361 eraso egin dituzte miliziako kideek Kongo ekialdean, eta horietan 2.000 lagunetik gora hil dituzte. Azken asteetan, gainera, hainbat eraso suizida gertatu dira Ugandan, eta gobernuak ADFri egozten dizkio. Miliziak gutxitan hartzen ditu bere gain erasoak, baina duela bi aste, horietako baten ondoren, Musa Baluku liderrak adierazi zuen EI Estatu Islamikoak Afrika erdialdean duen adarretako baten kidea dela. EIk berak bere gain hartu izan ditu agintariek ADFri leporatutako erasoak.

ADF Uganda mendebaldean sortu zen, 1990eko hasieran, eta gerora Kongoko Errepublika Demokratikora zabaldu zen. Ugandako Gobernuarentzat, erakunde «terrorista» bat da, eta Kinshasa bera behin baino gehiagotan ahalegindu da milizia desagerrarazten. Herrialdearen ekialdea eremu aberatsa da baliabide naturalei dagokienez. Mineral asko dago; batez ere koltana, sakelako telefono adimendunetan erabiltzen dena.

Yoweri Museveni Ugandako presidenteak urteak zeramatzan abiatutakoaren moduko operazio bat egin nahian. Aintzat hartu behar da, gainera, tartean auzi ekonomikoak ere badaudela: joan den ekainean Ugandako partzuergo bati esleitu zioten bi herrialdeak lotzekoak diren hainbat errepideren eraikuntza.

Desplazatuen kopuruak, gora

Biolentziak desplazamendu jario handiak eragin ditu Kongoko Errepublika Demokratikoaren barruan. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren datuek diotenez, 2017az geroztik 5,6 milioi pertsona desplazatu dira; aurten bertan, 400.000. NBE Nazio Batuen Erakundeak esana die gatazkan dauden aldeei zibilak errespetatu ditzatela.

Monusco Kongoko Errepublika Demokratikorako Nazio Batuen Misioak 14.000 bat soldadu ditu han, baina XX. mendearen amaieratik nabarmen egin dute gora milizien eta armadaren arteko erasoek. Bizirik irauteko alternatiben faltan, kongoar askok armak hartu dituzte, eta miliziekin bat egin dute. Kivuko Segurtasunaren Barometroaren datuen arabera, 122 matxino talde daude herrialdean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.