Euskara

«Guraso erdaldunek berebiziko rola dute euskararen transmisioan»

Euskaltzaleen Topaguneak mahai ingurua antolatu du gaurko: 'Haurren aurrean, helduok heldu' solasaldia. Hizkuntza praktikak eta helduen eredugarritasuna mintzagai, Paula Kasares eta Kike Amonarriz izan dira hizlari.

2021eko azaroaren 30a
14:53
Entzun

Norabide guzietan zabaldu beharra da euskara, baina inportantea da horietako bakoitzean arreta jartzea, erne. Berriki, herritar helduen hizkuntza ohituretara zuzendu du begirada Euskaltzaleen Topaguneak beste hainbat eragilerekin sortutako egitasmoak: 'Haurren aurrean, helduok heldu' ariketa soziala abiatu dute Euskal Herriko 80 bat herritan. Ariketak joan den astean ekin zion bideari, azaroaren 22an, eta abenduaren 5ean izanen du amaia. Ariketak muinean duen gaia hizpide harturik, solasaldia egiten ari dira, 19:00etatik, Martin Ugalde kultur parkean, Andoainen (Gipuzkoa). BERRIAk zuzenean ari da ematen, streaming bidez.

Hauek izan dira solasaldiko partaideak: Paula Kasares Corrales Soziolinguistikako doktorea eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea eta Kike Amonarriz Gorria Soziolinguistikan aditua eta Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria. Garbiñe Ubeda Goikoetxea izan da moderatzailea.

Helduen eredugarritasunari so

12 urtera arteko umeen gertuko helduen hizkuntza portaeretan eragin nahi du ekinbide berriak, eta euskararen erabilera areagotu. Antolatzaileek aurkezpenean zehaztu zutenez, hiru portaera egonkortu nahi dituzte, batez ere: solaskideek euskara dakiten kasuetan euskaraz aritzea; lehen hitzak euskaraz egitea, baita ezezagunekin eta euskaraz ulertzen duten ezagunekin ere; eta euskaraz hitz egiten ez duten baina ulertzeko gai diren mintzakideekin euskarari eustea, baita hizkuntza bitako elkarrizketetan ere.

Helburu horien guztien bueltan ari dira hizketan Kasares eta Amonarriz, nor beretik. Batik bat, Kasaresek azpimarratu du gurasoak direla, hein handi batean, hizkuntza bakarrik ez, «hizkuntzaren inguruko arau soziokulturalak» zein diren irakasten dutenak. «Zer hizkuntza erabili, noiz zein hizkuntzatan aritu, norekin», zehaztu du Kasaresek. Iritzi berekoa da Amonarriz. «Haurrari euskaraz egitea bezain garrantzitsua da haurrari euskaraz egitea», zehaztu du Topaguneko lehendakariak.

Gako inportantea da gurasoen eta seme-alaben arteko transmisio linguistikoa. Zer gertatzen da, baina, gurasoek euskaraz ez dakitenean? Galdera horri ere heldu diote hizlariek, Ubedaren itaunari segika. Biek ala biek, Kasaresek eta Amonarrizek, argi dute erantzuna: guraso erdaldunak ezinbestekoak dira auzi honetan urratsak egiteko.

«Urteetan, euskal munduan ez dugu diskurtsorik izan euskaraz ez dakiten guraso horiendako. Familiaren transmisio eredu klasikoan oinarritzen zen ikuspegiak bazter utzi ditu guraso horiek, deus egiterik ez balute bezala», azaldu du Kasaresek, eta argi azaldu du guztiz kontrakoa dela errealitatea, bere ustetan: «Berebiziko rola dute honetan». Harago jo du Amonarrizek: «Ez da ulertzen gaur egungo euskararen egoera milaka familia erdaldunek egindako ahalegina ikusi gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.