Txertoak aldaera berrira moldatzeko hiru edo lau hilabete beharko direla dio EMAk

Derrigorrezko txertaketa ezartzeko lehen urratsa egin du Austriak. Greziak ehun euroko isuna ezarriko die txertatzen ez diren 60 urtetik gorako herritarrei.

Pertsona bat maskara duen aurpegi baten irudiren aurretik igarotzen, Johannesburgen. KIM LUDBROOK, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko azaroaren 30a
16:41
Entzun

EMA Sendagaien Europako Agentziako buru Emer Cookek iragarri du hiru edo lau hilabete beharko dituztela egun dauden txertoak aldaera berrira egokitzeko. Europako Parlamentuan egin duen agerraldian zehaztu du, hala ere, goizegi dela esateko txertoak moldatzea beharrezkoa izango ote den edo gaur egun daudenekin nahikoa izango den. «Oraindik ez dakigu ziur beharrezkoa izango ote den, baina, hala balitz, prest gaude. Okerrenari aurre egiteko prest gaude», azaldu du Cookek. Haren esanetan, egun dauden txertoak baliagarriak dira Europan gehien zabaldutako aldaerei aurre egiteko, baina azaldu du birusa mutatzen ari denez egunen batean txertoak ere moldatu beharko dituztela: «Horretarako, aintzat hartu beharko dugu egoera epidemiologikoa, aldaera berria zenbateraino dagoen zabalduta, eta herritarren adina eta txertaketa maila».

Bien bitartean, Austriak aurrera jarraitzen du otsailetik aurrera derrigorrezko txertaketa indarrean sartzeko prozeduran. Datorren astean aurkeztuko du horretarako lege proiektua, hilabeteko epean parlamentuak onartu eta otsailean indarrean sar dadin. Zehazteko dago, dena den, zer adinetatik gora izango den derrigorrezkoa txertatzea, zenbat dosi behar izango diren eta legea zenbat denboran egongo den indarrean —zenbait adituren arabera, arauak ez luke zentzurik herritarren %75 baino gehiago txertatuta daudenean—. Aurreratu dutena izan da araua betetzen ez dutenei 7.200 eurorainoko isuna jar diezaieketela. Austrian ez ezik, Alemanian ere gero eta gehiago dira neurri bera ezartzearen aldekoak, tartean abenduan kantziler kargua hartuko duena, Olaf Scholz sozialdemokrata.

Irlandak, berriz, iragarri du txertaketa ziurtagiria ez ezik test negatiboa ere eskatuko diela herrialdean sartzen diren guztiei, baita Erresuma Batutik joaten direnei ere. Ostiraletik aurrera sartuko da indarrean neurria, eta berdin balioko du txertoaren bi dosiak hartu dituztenentzat zein gaitza gainditu dutenentzat. Afrika hegoaldeko herrialdeetatik doazenentzako baimenak murriztu dituzte, eta aurreratu dute horiek berrogeialdia egin beharko dutela. Irlandak ez du oraindik aldaera berriaren kasurik baieztatu, baina 11 kasu ikertzen ariko litzateke.

OME Osasunaren Mundu Erakundeak gogor kritikatu ditu herrialdeek hartutako hainbat neurri; besteak beste, Afrika hegoalderako hegaldiak etetearena. Tedros Adhanom idazkari nagusiaren iritziz, «ulergarria» da aldaera berriak kezka eragitea, baina hartzen diren neurriek «arrazoizkoak» behar dute izan, nazioarteko osasun aholkuetan oinarrituak. Europako eta Asiako hainbat estatuk erabaki dute Afrika hegoalderako hegaldiak behin-behinean etetea, baina gaur jakin da Hegoafrikak aldaera berriaren berri eman baino egun batzuk lehenago agertu zela hura Herbehereetan. Amsterdamgo gobernua ikertzen ari da positibo emandakoak Hegoafrikan izan ote diren azken asteetan. Alemanian, berriz, inoiz Afrika hegoaldean egon ez den 39 urteko gizonezko batek positibo eman du omikron aldaeran. Leipzigen izan da, Saxonia eskualdean, COVID-19a zabalduen dagoen landerretako batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.