Argindarra

Sanchezek argindarren promesari eutsi arren, kontuak ez dira ateratzen

Azaroan %68 igo da argindarra, eta Espainiako Gobernuaren 2018ko prezioen promesa urrunago dago. Adituek diote «ezinezkoa» dela.

Tabernari bat bere negozioko kutxa elektrikoa erabiltzen. ARITZ LOIOLA / FOKU
xabier martin
2021eko azaroaren 30a
18:14
Entzun

Azaroa badoa, eta harekin batera Espainiako Gobernuak argindarrari buruz egindako promesaren esperantzarako zio gehienak, historiako fakturarik garestienetan bigarrena utzi baitu hilak, berriro ere errekorrak hautsita egun askoan. Madrilek bere promesari eusten dio, ordea: atzo bertan, Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroak esan zuen gobernuaren helburua indarrean dagoela, eta argindarraren 2021eko batez besteko faktura 2018koaren parekoa izango dela.

«Bai, inolako zalantzarik gabe». Hori erantzun zuen Madrilek agindutakoa betetzea posible ote den galdetu ziotenean. Ekaineko eta iraileko dekretuak gogora ekarri zituen, eta horiei esker faktura jaitsi dela zama fiskalean. Argitu zuen aurtengo faktura ez dela kontsumitzaile guztientzat 2018koaren parekoa izango, eta betiere batez besteko fakturari erreparatzen diola gobernuak.

Kontsumitzaileen elkarteek oso bestela ikusten dute gobernuaren helburu hori. Facuak adierazi du batez besteko kontsumitzaile batek 115,18 euro pagatu dituela azaroan araututako tarifarekin, hau da, duela urtebete baino %68,1 gehiago. Urritik zertxobait jaitsi da argindarra, %1,7 hain zuzen, baina, dekretuak dekretu eta neurriak neurri, 2018ko fakturaren maila urrun dago.

Facuak dio abenduko fakturak negatiboa beharko lukeela Pedro Sanchez Espaniako presidenteak bere promesa bete ahal izateko: kontsumitzaileek batez beste 2018ko prezioa pagatuko dutela 2021ean, KPIa alde batera utzita; %5etik gora kokatu da inflazioa azaroan, eta litekeena da datu hori Sanchezen aliatu gertatzea azkenerako. Hala ere, kontsumitzaileen elkarteen ustez, argindar konpainiek hamabi euroko itzulketa egin beharko lukete 2021. urtea 2018.ekoaren pare bukatzeko. Bistan da: hori ezinezkoa da.

KPIa, koiunturala

Ribera ministroak bakarrik ez, Nadia Calviño Espainiako Ekonomia ministroak ere babestu egin du Sanchez presidentearen promesa, eta esan du «tartea» badela oraindik neurri gehiago hartzeko energiaren garestitzeari mugak jartzeko, «hartu beharko balira». Gasaren BEZari buruz galdetzean helarazi du mezu hori, eta garbi utzi inflazioaren gorakada historikoa unean unekoa dela, 2022an jaitsi egingo dela eta maila apalagoetan egonkortuko dela.

Argi dago litekeena dela argindarraren prezioaren helburua betetzea hauteskundeetarako aldagai garrantzitsua izatea, batik bat Sanchezen gobernuak betetzen ez badu. Eta oso zaila da betetzea: AEGE Espainiako Kontsumo Handiko Enpresen Elkarteak aurreikusi du 112,09 euro megawatt-ordu izango dela 2021eko handizkako merkatuaren batez besteko prezioa: 2020koa halako hiru, alegia, %228,5 garestiagoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.