Ikus-entzunezkoen legea

Hizkuntzen berdintasunaren alde lan egiten dutenek salatu dute legean ez dagoela urratsik

Euskalgintzaren Kontseiluak eta katalanaren eta galegoaren eskubideen alde lan egiten duten erakundeek adierazi dute ikus-entzunezkoen lege berrian hizkuntza aniztasuna aitortu, defendatu, bermatu eta sustatu behar dela printzipio gisa.

Netflix Euskaraz herri mugimenduaren agerraldia, Durangon, apirilaren 17an. ENDIKA PORTILO / FOKU
Paulo Ostolaza - Urtzi Urkizu
2021eko abenduaren 1a
08:45
Entzun

Hizkuntzen eta haien berdintasunaren alde lan egiten duten gizarte eta kultur erakundeek —tartean Euskalgintzaren Kontseilua— adierazpen bateratua egin dute Espainiako Ikus-entzunezko Lege Orokorraren auziaren inguruan. Salatu dute ez direla inondik inora nahikoa testuan jasotzen diren hizkuntzen aldeko urratsak. «Nabarmen hobetu beharko da legea Espainiako Kongresuan izapidetzen den bitartean». Halaber, indar politiko guztiei eta Espainiako Gobernuari zera eskatu diete: «Gorte Nagusietarako izapideak egin bitartean, testuak oinarrizko printzipio gisa jaso dezala hizkuntza aniztasuna aitortzea, defendatzea, bermatzea eta sustatzea». Aniztasun hori bi eremutan, gutxienez, zehaztu beharko litzatekeela uste dute: «Estatuko hizkuntza guztietako edukiak eta gutxieneko ehunekoak berdinduko dira bikoizketan, azpitituluetan eta audio deskribapenetan.

Eta, bigarrenik, Estatuko hizkuntzetako ikus-entzunezko ekoizpenak finantzatzeko betebeharrak berdinduko dira, plataforma digitaletarako zein telebista kanaletarako». Ohartarazi dute ikus-entzunezkoena dela gaztelania ez diren hizkuntzek bazterketa nabarmena duten sektoreetako bat. Ikus-entzunezkoen sektorean «erabakitasunez» jardun behar dela uste dute adierazpenaren sinatzaileek; «izan ere, gure hizkuntzen bazterkeria egoera nabarmenena den eremuetako bat da, eta, aldi berean, herritarrek gehien erabiltzen duten aisialdi eskaintzetako bat da».

Adierazpen bateratuaren sinatzaileak honakoak dira: Euskalgintzaren Kontseilua, A Mesa pola Normalizacion Linguistica, Omnium Cultural, Ciemen, Accio Cultural del Pais Valencia, Obra Cultural Balear, Escola Valenciana, Asociacio Cultural Valenciana Tirant lo Blanc, Federacio d'Organitzacions per la Llengua Catalana, Iniciativa pol Asturianu eta Nogara Religada. Konpromisoa adierazi dute beharrezko eta jarduera guztiak elkarrekin egiteko diputatuen eta senatarien aurrean, bai eta Espainiako Gobernuaren aurrean ere.

Aurrekontuak zalantzan

ERCren haserrea eragin du atzo Espainiako Gobernuko iturriek berri agentziei esandakoak. Joan den azaroaren 23an streaming plataformetako edukien %6 gutxienez euskaraz, katalanez edo galegoz izatea adostu zuten Madrilek eta subiranistek, eta, horri esker, Pedro Sanchezen gobernuak bermatu zituen Espainiako aurrekontuentzako babesak. Atzo, ordea, Espainiako Gobernuak baieztatu zuen Netflixek, Amazon Prime Videok, Disney Plusek eta HBO Maxek, besteak beste, ez dute legez edukiaren %6 gutxienez euskaraz, katalanez edo galegoz izan beharko. Legeak Espainian, Herrialde Katalanetan, Galizian edo Hego Euskal Herrian sortuak diren zerbitzuei soilik eragingo die (Filmin, FlixOle eta tankerakoei).

Iluntzean, albistearen berri izan ostean, gogor mintzatu zen Gabriel Rufian ERCren bozeramailea. Argi utzi zuen, atzo argitaratutako informazioa egia bada behintzat, ez dutela babestuko Ikus-entzunezko Lege Orokor berria: «Eta ERCk lege hori babesten ez badu, lege hori ez da existitzen». Rufianek hizkuntzen kuotak Espainian, Herrialde Katalanetan, Galizian eta Hego Euskal Herrian ikusgai dauden plataforma guztiei ezartzea exijitu dio gobernuari, «hala ez egiteko jarri duten aitzakiak ez baitu zentzurik»: «Europako legediak kultur aniztasuna defendatzea ahalbidetzen du».

Azkenik, Espainiako aurrekontuak ez onartzeko mehatxu egin zuen bozeramaileak: «Hizkuntzaren gaiarekin ERCri adarra jotzea negozio txarra da», gehitu zuen. Izan ere, Espainiako Senatuan aurrekontu publikoak aldatuko balituzte, aurrekontuak berriz bozkatu beharko lituzkete Kongresuan, eta ERCren babesik gabe ezin dituzte onartu haiek. Oraingoz, argi dagoen bakarra da ERCk ez duela ikus-entzunezkoen legea onartuko kuotak plataforma guztiei ezartzen ez bazaizkie. Espainiako Gobernuko iturriek adierazi dute, bestalde, prest daudela negoziaziorako eta legearen tramitazioan aldaketak egiteko.

Akordioa

Joan den astean honela azaldu zuen akordioa ERCk: «Netflixen egongo diren ehun filmetik 30ek Europan ekoitziak izan beharko dute; horietatik, erdiak, estatuko hizkuntzan (gazteleraz); horietatik %40, katalanez, euskaraz edo galegoz. Hau da, Europako pelikulen %20k gutxienez katalanez, euskaraz edo galegoz eskuragarri egon beharko dute. Eskaintzen den edukia hizkuntza koofizial batean eskuragarri badago, itzulita edo azpidatzita, eskaintzan gehitu beharko da derrigorrez». Baina baliteke paper errea izatea hori guztia.

Kataluniako aktore eta bikoizleen AADP elkarteak eta Plataforma per la Llenguak lehendik ere uste zuten «murritza» zela akordioa, plataformak soilik bikoiztuak eta azpidatziak dauden edukiak sartzera behartuko lukeelako legeak, «teknikoki posible denean», eta horrek aitzakiak emango dizkielako plataformei. Euskalgintzaren Kontseiluak, Galiziako eta Kataluniako beste eragile batzuekin batera, auziaren gaineko analisi bateratua egingo du gaur.

Bestalde, Espainiako Kongresuan, PSOEren eta Unidas Podemosen gobernuaren aurka gogor jo zuen atzo Mireia Vehi CUPeko diputatuak ere: «Nola da posible gobernu batek ez balio izatea atzerriko enpresa handiei legeak betearazteko?». Streaming plataforma horiekin gogorra izateko eskatu zuen, kuotak bete ditzaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.