EUSKARA

Nafarroako berdintasun planean «emakumeen hizkuntza eskubideak berma daitezela» eskatu du Behatokiak

Planari zenbait ekarpen eta zuzenketa egin dizkio Behatokiak, «emakume euskaldunen diskriminazioa» murrizte aldera

Agurne Gaubeka, Behatokiko zuzendaria, eta Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusia, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2021eko abenduaren 1a
11:59
Entzun

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak hainbat zuzenketa aurkeztu dizkio Nafarroako Gobernuaren Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunerako Plan Estrategikoaren zirriborroari. Erakundearen helburua da plan horrek jaso ditzala emakumezkoen hizkuntz eskubideak bermatzeko neurriak, «emakume euskaldunen diskriminazioa» gutxitzeko xedez.

«Nafarroako berezko hizkuntza izanik, euskaraz bizi nahi duten emakumeek oztopo bereziak dituzte berdintasunerako estrategikoak izan daitezkeen lerro batzuetan», azaldu du Behatokiak ohar batean. Hizkuntz eskubideak aintzat hartzeak, planean jasotako neurrien eraginkortasunean ez ezik, «emakumeen osasun eta segurtasunean» ere eraginen dutela uste dute Behatokiko arduradunek. «Ezin genezake berdintasunean jardun, administrazioak Nafarroako emakumeen arteko desberdinkeria areagotzen duten erabaki eta neurriak zilegiztatzen baditu».

Behatokiak aurkeztutako zuzenketen artean daude «euskara ikasteko baliabide nahikorik ez duten emakumeei bideratutako neurri eta baliabideak eskaintzeko azterketa bat egiteko proposamena», eta baita «hezkuntza sistemarako berdintasuna lantzeko sortzen diren baliabide eta informazio guztiak euskaraz ere sortuko direla bermatzeko» eskaera ere. Bestalde, emakumeen osasunari lotutako neurri eta baliabide guztietan «euskarazko arreta, informazioa eta zerbitzua ere eskainiko dela bermatzea» ere eskatu du erakundeak.

Bestalde, salatu dute berdintasun plana diseinatzeko prozesuan bertan ere ez direla hizkuntza eskubideak bete: «Gaztelania hutsean publikatu dituzte diagnostikoa, ekarpenak egiteko dokumentua eta ardatz bakoitzari dagozkion neurri proposamenak. Dokumentu batzuek azaleko orria bakarrik dute elebitan, eta eduki osoa gaztelaniaz dago». Diagnostikoaren atalean, bestalde, Behatokiak salatu du euskararen ezagutza eta erabilerari buruz jasotako puntuak ez direla «ez egokiak ezta nahikoak ere, beharrizanak eta oztopoak detektatzeko».

Planaren nondik norakoak gizarteratzeko modua ere kritikatu du hizkuntza eskubideen aldeko erakundeak: «Erabat deitoragarria da webgunearen euskarazko bertsioaren arabera ekarpenak egiteko epea itxita dagoela agertu, eta gaztelaniazkoa epea luzeagoa dela agertzea. Ulertezina da berdintasuna helburu duen plan baten prestakuntza berdintasunez ez jokatzea Nafarroako emakume guztiei dagokienez». Gabezia horiek planari «zilegitasuna kentzen diotela» uste dute Behatokiko kideek, «Gobernuak ez duelako benetako esfortzua egin herritar guztien parte hartzea baldintza berdinetan izan dadin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.