Diru laguntzak

Frantziako Gobernuak orotara berrehun euroko laguntza emanen die herritar «xumeei»

2.000 euro baino lansari apalagoa duten herritarrek jasoko dute laguntza: ehun euro energiaren prezioen emendatzearentzat, eta beste ehun euro inflazio orokorrarentzat.

Gasolindegi bateko argazkia, artxiboan. BOB EDME
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko abenduaren 1a
12:17
Entzun

Prezioen igoerari aurre egiteko, «irabazi ttipiak» dituzten herritarrei bi diru laguntza banatzea erabaki du Frantziako Gobernuak. Frantziako Gobernuaren hitzetan, «herritar xumeek» jasoko dute laguntza; hau da, hilabetean 2.000 eurotik beherako lansaria duten herritarrek eskuratuko dituzte. Lehenik, ehun euroko laguntza izanen dute energiaren prezioaren garestitzea dela eta; Frantziako Gobernuak energia txekeen bidez banatuko du laguntza hori. Hau da, energia fakturak pagatzeko baizik ez du balioko. Bestalde, beste ehun euroko laguntza ere izanen dute herritar xumeenek inflazio orokorrari aurre egiteko.

Energia txekea abenduaren 20aren eta 22aren artean eskuratuko dute Ipar Euskal Herriko herritarrek, gutun bidez. Inflazioari aurre egiteko diru laguntza, berriz, abendutik otsailera bitarte banatuko dute, lan sektoreen arabera. Sektore pribatuko langileek eta independenteek abenduan eskuratuko dute; sektore publikoko langileek, langabeek eta ikasleek, berriz, urtarrilean. Erretretadunek otsailean jasoko dute.

Azkenik, Eguberrietako saria ere izanen dute gutieneko laguntza sozialekin bizi diren herritarrek. Bakarrik bizi diren pertsonek 152 euroko laguntza eskuratuko dute; bikotekidearekin bizi direnek edo guraso bakar direnek, 228 eurokoa; eta hiru lagunez osaturiko etxeetakoek, 274 eurokoa. Gainera, haur bakoitzeko 60 euroko gehigarria izanen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.