Nazioarteko merkataritza

Txinaren zetaren bideari aurre egiteko plana aurkeztu du Bruselak

Sei urtetan 300.000 milioi jarri nahi ditu garraio eta energia azpiegiturak finantzatzeko Europatik at.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, asteazken honetan eginiko agerraldian. OLIVIER HOSLET (EFE)
jokin sagarzazu
2021eko abenduaren 1a
17:15
Entzun

Europako Batzordeak plan bat prestatu du datozen sei urteetan 300.000 milioi euro jartzeko Asiako hego-ekialdean, Afrikan eta Latinoamerikan azpiegiturak finantzatzeko. Ursula von der Leyen presidentearen arabera, Txinako Gobernuak bultzatu duen Zetaren bide berria deiturikoaren «benetako alternatiba» izan nahi du Europaren planak. Ziurtatu du EB gai dela Pekin 2013tik garatzen ari den proiektu geoestrategiko handiarekin «beste modu batez» lehiatzeko. «Herrialdeek beren esperientziak izan dituzte Txinako inbertsioekin, eta eskaintza hobeak eta desberdinak behar dituzte: horretara gatoz gu».

Europatik mesfidantzaz begiratu izan diote Txinak bultzatutako egitasmoari. Ofizialki, Europako eta Asiako herrialdeen arteko merkataritza handitzea da zetaren bidearen helburua, baina mundu osorako egitasmoak jasotzen ditu. Errepideak, trenbideak, portuak, zubiak, oliobideak, energia plantak eta horrelako azpiegiturak eraikitzen «lagundu» nahi die Txinak horien beharra duten herrialdeei, besteak beste, Europakoei. Horretarako, 115.000 milioi euroko diru poltsa bat sortu du, zuzeneko diru laguntzetan eta maileguetan, eta zenbait azpiegitura eraikitzen hasi dira dagoeneko. Aditu ugarik diote proiektuaren horren atzean Txinak bere eragin geopolitiko militar eta ekonomikoa handitzeko xedea dagoela.

Hainbat urtez Pekinen egitasmoaren aurrean geldirik egon ostean, Bruselak urratsa egitea erabaki du, eta proiektu propioa aurkeztu du, Txinak iragarritako inbertsioak txiki utzita. Batzordeak EBko finantza erakundeak, estatu kideak eta enpresa pribatuak mobilizatu nahi ditu. Guztira 300.000 milioi mobilizatu nahi ditu datozen sei urteetan.

Datu batzuk zehaztu ditu Von der Leyenek: Garapen Jasangarrirako Europako Funtsetik 135.000 milioi euro bideratuko dituzte planera; Europako Inbertsio Bankutik eta Berreraikuntza eta Garapenerako Europako Bankutik, 145.000 milioi; Europako kanpo laguntzako programetatik, 18.000 milioi —kasu horretan, itzuli beharreko diru laguntzen bidez—. Horietara batuko lirateke estatu kideek bideratutako funtsak eta sektore pribatuaren inbertsioak.

Erabaki geopolitikoa

Finantzatuko diren azpiegiturak bereziki garraioarekin, energiarekin eta digitalizazioarekin izango dute zerikusia. Von der Leyenek adibide gisa jarri ditu hidrogenoa ekoizteko plantak eta kontinenteen arteko datu trukerako itsaspeko kableentzako instalazioak, baina ez du egitasmo zehatzei buruz hitz egin.

Von der Leyenen hitzetan, Europaren egitasmoan parte hartu nahi duten herrialdeek baldintza onetan jasoko dituzte maileguak eta laguntzak; ez da «zor maila jasanezinik» izango haientzat, eta azpimarratu du proiektuak diseinatuko direla herrialdeetan. «Badakite guk haiekin batera egiten ditugula proiektuak, modu inklusibo, demokratiko eta gardenean, eta tokiko komunitateek inbertsioaren balio erantsiaren onura jasoko dutela».

Dena den, batzordeko buruak ez du ezkutatu planaren «esentzia geopolitikoa», eta nabarmendu du EBk inbertsio horiek egiten baditu haren onurako ere izango direla. Dokumentuak jasotzen duen pasarte bat azpimarratu du: «Beste batzuei laguntzean, EBk ere lagunduko du bere interesak sustatzen, bere hornidura kateen erresilientzia indartzen eta EBren ekonomiarako merkataritza aukera gehiago irekitzen».

Batzordeko presidenteak esan duenez, proiektuaren «lehen testa» EBren eta Afrikako Batasunaren arteko goi bilera izango da, datorren urteko udaberrian egingo dena. Von de Leyenek ziurtatu du EB prest dagoela 145.000 milioiren inbertsioak egiten hasteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.