Auzitegiak

Erruduntzat jo dituzte Espainiako herri bateko zinegotzia hiltzegatik auzipetuak ziren Bizkaiko lau lagunak

2018an hil zuten Javier Ardines Llanesko zinegotzia, eta azaroaren hasieran hasi zuten epaiketa, Oviedon (Espainia). Zinpeko epaimahaiak ebatzi du akusatuak gizonezkoa hiltzearen errudun direla. Zigorra zehazteko da oraindik.

Defentsaren abokatuak, epaiketako lehenbiziko egunean. ELOY ALONSO, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko abenduaren 1a
18:44
Entzun

2018ko abuztuaren 16an hil zuten Javier Ardines, 52 urte zituela. Llanesko zinegotzi zen orduan, Izquierda Unida alderdiko kidea. Etxe alboan auto barrenean zela egin zioten eraso: hesi batzuk jarriz, bidea oztopatu zioten, eta, ibilgailutik ateratakoan, jipoitu eta ito egin zuten, hil arte. Bizkaiko lau gizonezko atxilotu zituzten hilketa leporatuta. Gaur, zinpeko epaimahaiak ebatzi du errudunak direla.

Ardinesek kargu politikoa izanik, hasieran poliziek susmatu zuten arrazoi politikoak izan zitezkeela hilketaren atzean. Ordea, ikerketak aurrera egin ahala, beste hipotesi bat gailendu zen: fiskalaren arabera, emakume batekin zuen harremanagatik hil zuten Ardines, eta, hain zuzen, andre haren senarrak antolatu zuen hilketa, mendeku gisa.

Gaur-gaurkoz, zehaztu gabe da errudun jotakoek zer zigor bete beharko duten. Oviedoko (Espainia) Auzitegiaren esku da erabakia. Fiskaltzak 25 urteko kartzela zigorra galdegin du haietako bakoitzarentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.