Albistea entzun

Txandaka, baina Landakon

Txanda sistema sortu dute Landako gunean eta Plateruenan sartzeko. Txanda bakoitzean 1.200 lagun sartuko dira, eta egunean bortz izanen dira.

Durangoko Azokarako prestaketa lanak, Landakon. /
Durangoko Azokarako prestaketa lanak, Landakon. / Jon Urbe/Foku Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Larretxea Agirre -

2021eko abenduak 2 08:39

Iaz langileek bete zuten Durangoko Azokaren bihotza den Landako gunea. Aurten, txandaka bada ere, kulturazalez beteko da Durango. Kulturazalez, liburuz, diskoz, eta erakusmahaiz. COVID-19ak eragindako pandemia dela eta, azken ordura arte duda zen aurtengo azokak zein itxura izango zuen. Iazko etenaren ostean, ordea, itzuli egingo dira erakusmahaiak erakustazokara, eta berriz aktibatuko dira azokaren parte diren gune guztiak ere.

«Agian ez da izango gurako genukeen modukoa, baina bada», nabarmendu zuen Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko koordinatzaileak azokaren aurkezpen egunean.

Azokaren beraren barruan bi azoka izango dira: digitala eta presentziala. Hilaren 3tik 7ra egongo da martxan denda digitala, eta 4tik 8ra egingo dute aurrez aurreko azoka. Iazko arrakastaren ondotik, eta «normaltasun» guztia itzuli artean, behin-behineko neurri gisa denda digitala martxan mantentzeko erabakia hartu du Gerediagak. Beraz, Durangora joaten ez direnek ere bertako katalogo guztia erosteko aukera izanen dute. Eskaera egin, eta egun batzuetara etxera iritsiko zaie eskaria.

Guztira, 219 mahai jarriko dituzte Landakon, eta 990 nobedade izango dira salgai bertan. Pandemia aurreko azken azoketan izandako kopuruen antzekoak dira zenbaki horiek, eta horregatik «oso pozik» azaldu dira antolatzaileak jasotako babesarekin.

Osasun egoerak neurriak zorroztea eragin du, eta, hala, azoka presentzialera bertaratzeko ezinbertzekoa izango da aitzinetik txanda hartzea. Zehazki Landako gunera eta Ahotseneko kontzertuetara sartzeko hartu beharko da ordua. Azaroaren 29an ireki zuten txanda hartzeko epea. Antolatzaileek azaldu dutenez, azoka segurua izatea izango da aurten Gerediagaren helburu nagusia. Jendea ez pilatzea nahi dituzte horretarako. Horregatik ezarri dute txanda sistema bat Landako gunea bisitatu ahal izateko.

1.200 pertsona aldiro

Egunean bortz txanda antolatuko dituzte, bakoitza gehienez ere 1.200 pertsonakoa, eta ordu eta erdiko iraupenekoa. Txanda bakoitza bukatu orduko hustu egingo dute gunea, hurrengoa hasi artean. Gainera tarte bakoitzeko lau txartel hartu ahalko ditu bisitari bakoitzak, eta nahi bertze txandatan eman ahalko du izena. Horiek hartzerako orduan arduratsu jokatzeko deia egin du antolakuntzak, eta joateko asmoa duten herritarrek bakarrik izena emateko. Beraz, bertara joateko asmoa dutenek aitzinetik egin beharko dute plana. Izan ere Gerediagatik behin eta berriz egin diete eskari bera herritarrei: aurretiazko txandarik hartu ez badute Durangora ez bertaratzeko.

Behin Durangon, maskara jantzia izan beharko da beti barrualdeetan, eta baita kanpoan ere, segurtasun distantziak bete ezin direnean. Eta azokako bisita bukatu ostean, herrira joanez gero, orduan ere, arduratsu jokatzeko deia egin dute antolatzaileek.«Kulturaren alde egitea eta osasun neurriak betetzea gauza bera dira», nabarmendu zuten azaro hasieran Durangoko Udalak eta Gerediaga elkarteak batera argitaratutako oharrean.

Landako guneaz eta Plateruenaz gainerako espazio guztietarako ez da aurrez txandarik eskatu beharko, baina eserleku kopuru mugatua izango dute guztiek. Areto Nagusian —Aurten Talaia izena hartuko du— 70 pertsonakoa izango da muga. Szenatokian, 304 ikuslekoa. Saguganbaran, Bartolome Ertzilla musika eskolan, 100 pertsonakoa; Irudieneako areto txikian, 120koa, eta proiekzioa areto handian denean, doblea. 240koa. Plateruenan 410 pertsona sartu ahalko dira aldi berean, beti ere aitzinetik txanda hartuta.

Ikasle Goizik ez

Txanda sistema ez ezik, pandemiak bertzelako murrizketa batzuk ere hartzera behartu ditu azokako antolatzaileak. Esaterako, aurten ezin izanen da Ikasle Goiza egin. Historikoki azokako lehen egunean egin izan dute egun hori, Euskal Herri osoko hamaika ikastetxetako ikasleekin. Aurten ez dute halakorik antolatu, ordea, eta «pena» azaldu du horregatik Gerediaga elkarteko koordinatzaile Gaztelurrutiak: «Ez dugu antolatu uste genuelako testuinguruak ez zigula horretarako aukerarik ematen, eta gure konpromisoa da hurrengo urtean, ahal den neurrian, berriz ere martxan jartzea». Horrez ordez, PortaDa! erronka egin dute Lehen Hezkuntza, DBH eta Batxilergoko ikasleekin.

Guztira, 165 parte hartzaile izango ditu Durangoko Azokaren 56. aldiak: argitaletxeak, diskoetxeak, kultur elkarteak, erakundeak, banatzaileak... Horietatik hamazazpi autoekoizleak izango dira, hamar Durangaldekoak eta 28 lehenengo aldiz mahai bat jarriko dutenak. «Jabetzen gara erakusmahaia jarriko duten askok ahalegin handia egin behar izan dutela Durangora etortzeko. Erakutsi duten jarrera txalotzekoa eta eskertzekoa da».

Iaz egin bezala, aurten ere Ahotseneko kontzertu eta solasaldiak zuzenean ikusi eta entzun ahalko dira Durangoko Azokaren webgunean. Gainera, egunero Azoka telebistak eguneko laburpen saio bat egingo du ETBrekin batera.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

dFeria jaialdiko antolatzaile eta sustatzaileak, gaur, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egindako aurkezpen agerraldian. ©Iñigo Uriz / FOKU

Oreka izango du ardatz aurtengo dFeria jaialdiak

Alex Uriarte Atxikallende

Arte eszenikoen dFeria jaialdia martxoaren 14tik 17ra bitartean egingo dute, Donostiako hainbat agertokitan. Festibala hasi baino bi egun lehenago, ‘pre-feria’ izeneko egitarau berezia izango da.

Lautan Hiru jaialdiaren antolatzaileak, gaur, Bilbon. ©Marisol Ramirez / Foku

Lautan Hiru antzerki jaialdia egingo dute laugarrenez Bilboko Zazpikaleetan

Olatz Enzunza Mallona

Euskaltzaindiak, Cafe Bar Bilbaok, Zazpi Katu gaztetxeak eta Bira kulturguneak antolatu dute egitaraua, elkarlanean, eta otsailaren 3an abiatuko da.

Antso Jakituna erregea eta Benjamin Tuterakoa bidaiaria elkarrizketan, Tuterako gazteluko ganberan. ©IÑAKET

Mundua Tuteratik zeharkatzea

Iñigo Astiz

Mikel Begoña gidoigileak eta Iñaki Martinez 'Iñaket' marrazkilariak XII. mendeko Nafarroa multikulturala irudikatu dute 'Benjamin Tuterakoaren bidaia aparta' komiki liburuxkan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.