Ziurtagiria ostatuetan eta gaueko aisialdian soilik ez erabiltzea aztertzen ari da Jaurlaritza

Iñigo Urkullu lehendakariak egin du iragarpena; onartu du erabilera zabaltzera egiten badute, auzitara jo beharko dutela berriro onespen eske.

arantxa iraola
2021eko abenduaren 2a
11:17
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorenak auziaz emana duen ebazpen ofiziala jaso orduko, osasun ziurtagiriaren erabilera ezartzera doa Eusko Jaurlaritza. Gaueko aisialdian eta 50 bezero baino gehiago hartzen dituzten ostatuetan eskatzen hasi beharko da. Gaur goizean Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazi du, ordea, aztertzen ari direla erabilera hori beste alor batzuetara ere zabaltzea. Ez du zehaztu zein jarduera eremu dituzten buruan. Onartu du, hori bai, urrats hori egiten badute, auzitegien onespena beharko dutela aurrena. Osasun ziurtagiriari emango dioten lehen erabilerarako, EAEko Justizia Auzitegi Nagusira jo zuten aurrena onespen eske, ezezkoa jaso zuten han, eta Gorenaren baietzarekin egin ahal izango dute orain aurrera. Nafarroako Gobernua osasun ziurtagiriaren erabilera zabaltzea aztertzen ari dela adierazi du gaur Maria Txibitek ere. Zehaztu egin du zein eremutan erabiltzea pentsatzen ari diren: zahar etxeetan.

Datuak txarrera ari direla ohartarazita, beste neurri gehiago ere espero dira datozen orduetan. Asteartean Osasun sailburu Gotzone Sagarduik iragarri zuen osasun larrialdi egoera ezarriko dutela berriro. Gorenaren sententziaren zain daude urrats hori egiteko ere. Berriz martxan jarriko du lehendakariak pandemiaren kontrako neurriak ezartzen dituen Labi batzordea, bilera batera deituko du, eta han ebatziko dira hemendik aurrerako jarraibideak. Urkulluk gaur zehaztu du «neurrizkoak eta egokiak» izango direla neurri guztiak. Pandemien kontrako legea badu Eusko Legebiltzarrak, eta horrexek zedarrituko ditu neurriak.Urkulluk gogora ekarri du «ardura kolektiboa» eta «norbanakoaren ardura» biak hartzen dituela aintzakotzat lege horrek, eta horren araberako jarraibideak ezarriko direla. Gogora ekarri du Eguberriak hurbil daudela, eta tentuz jokatzeko eskaria egin du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.