Kartela

Iraganari erreferentzia eginez

Leire Urbeltz artistak egin du Durangoko Azokako kartela, aurten. Kili-kili aldizkariko pertsonaia nagusia egokitu du queer ukitua emanda.

Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko zuzendaria eta Leire Urbeltz artista, kartela eskuetan. MONIKA DEL VALL, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko abenduaren 2a
11:29
Entzun

Bada! Horixe du Durangoko 56. Azokak leloa. Pandemiak pandemia, azokak bizirik dagoela erakutsiko du, baita koloretsua dela ere, eta hori erakusten du kartelak ere bere kolore ugariekin. Ukitu «retroarekin» eta atzera begira jarrita ondu du Leire Urbeltz Iruñeko diseinatzaileak aurtengo afixa. Kulturaren arloan ezereza zegoen garaiari erreferentzia eginez sortu du kartela Urbeltzek: «Denborarekin paralelismo bat eginez, urte edo garai gris bat pasatu dugu pandemiarekin, eta aurten azoka baldin bada ere, iaz ez zen egon. Nolabait, ezerezetik gertu dagoen pauso horretan inspiratu naiz. Erreferentzia egin nahi nien 60ko hamarkadako garai gris haietan —ezereza zegoenean— azoka sortu zuten gazte haiei. Omendu nahi nituen»

Kili-kili aldizkarian oinarritu da kartela egiteko eta , bertako pertsonaia nagusia izan du gogoan. Haren bi bertsio eguneratu ditu: Kili eta Kuir. «Iraganeko Kili-kili pertsonaia horri aipamena eginez baina gaur egungo queer teoriei lekua emanez. Gaur egungo berrikuspenak zeharkatuta», nabarmendu du.

Desipuindegia paratu dio izena kartelari. Rikardo Arregiren testu batetik hartu edo, berak erran gisan, «lapurtu» du kontzeptua: «Joseba Sarrionandiak azokari buruz idatzitako testu batean Rikardo Arregiren esaldi bat aipatzen du. Arregik esaten zuen garai hartako gazteak nolabaiteko desipuintzaileak zirela. Konberntzionalismo guztiak deseraiki behar zirela gauza berriak sortzen hasteko, eta asko gustatu zitzaidan hitza bera, desipuindegia».

Kartela egiteko ohorea

Pozez jaso du artista iruindarrak kartela egiteko eskaria. «Ohorea izan da», nabarmendu du. Azoka urteroko planetan presente izan duen egitasmo bat dela azaldu du, eta ez zukeela inoiz ere pentsatuko kartela egiteko aukera izango zukeenik. Irudia egiteko Sorland agentziarekin izandako elkarlanaz ere mintzo da: «Agentziako sormen taldeak leloa eta beren desioak definituak zituen, eta uste dut nire lana aukeratu zutela, zerbait koloretsua eta dibergentea egin nezakeelako, forma eta kolore askoko zerbait proposatu ahal nielako».

Paperean eta muralean lan egitera ohitua bada ere, bertze teknika bat erabili du afixa egitean: «Irudiak euskarri askotan izan behar du hedapena, eta interesgarria iruditzen zitzaidan tabletan egitea, marrazten duzuna oso fidel jasotzen duelako, oso organiko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.