Espazioak

Azokari arnasa ematen diotenak

Zazpi espaziok osatzen dute Durangoko 56. Azoka: Ahotsenea, Irudienea, Talaia, Kabi@, Saguganbara, Azoka TB eta Szenatokia. Ahotsenean egiten diren aurkezpenak zuzenean emango ditu Azoka TBk

Berri Txarrak-en liburuaren aurkezpena Ahotsenean, 2019ko Azokan. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko abenduaren 2a
11:42
Entzun

Durangoko Azoka ez da Landako gunea bakarrik, eremu zabalagoa hartzen du azokak herrian. Egun zazpi gunek osatzen dute azokaren ekosistema, eta gune bakoitzak du bere izana, bere esentzia eta baita bere funtzionatzeko modua ere. Guztiak dira beharrezkoak azokaren taupada indartsua izan dadin.

Ahotsenea(kontzertuak eta bestelakoak)

Gunerik handiena da Ahotsenea, eta, anitzek musikarekin lotzen badute ere, hori baino gehiago da. Doinuek eta hitzek osatuko dute aurtengo programazioa, kontzertuek eta liburu aurkezpenek. Gainera, lehenengoz liburu aurkezpenak bi gunetan banatuko dira: Landako gunean eta Durangoko musika eskolan. 70 aurkezpen izango dira, literaturakoak gehienak, baina diskoei buruzko solasaldiren bat ere izango da. Besteak beste, Eider Rodriguez, Leire Vargas, Itziar Ugarte, Alaine Agirre, Lander Garro, Amaiur Epher, Alberto Barandiaran eta Aritz Galarraga izango dira beren liburuak aurkezten.

Musikari dagokionez, bigarren urtez jarraian Plateruena izango da gune nagusia, bertan izango dira musika taldeen zuzeneko emanaldiak. Denera 50 disko aurkeztuko dira bertan. Ibilbide luzekoak batzuk, hasiberriak bertzeak.

Miren Narbaiza Ahotseneko koordinatzaileak nabarmendu duenez, aurten musika talde asko geratu dira kanpoan, inoiz baino disko gehiago aurkeztu direlako. Landako guneko karpatik aterata, bigarren oholtza galdu du guneak. Hots, Plateruenan egiteak oholtza bakarra izatea dakar, eta aldi berean talde bakarra egoteko aukera: «Lehen askoz talde gehiago kabitzen ziren, orain kontzertutik kontzertura eten bat dago, eta dinamismoa pixka bat ere galtzen du, hoztu ere egiten da, eta noski jende gutxiago ere sartzen da», nabarmendu du Narbaizak. Hala ere, Plateruenan egiteak alde onak dituela argi adierazi du: «Plateruena antzoki eder bat da, eta hor era guztietako taldeak egoteko aukera, hasiberriak zein beteranoak, uste dugu oso aukera ona dela. Sentsazioa, beraz, gazi-gozoa da».

410 lagun sartzen ahalko dira Plateruenan, hori bai, kontzertuetara joateko aitzinetik txanda hartu beharko da —azaroaren 29an ireki zen epea—: «Aurrez plana egiteko ahalegin bat egin beharko du norberak, antolaketa bat eskatzen du, baina horrela egin ahal badugu, egin dezagun!», nabarmendu du Narbaizak.

Hala ere, Durangora bertaratzerik ez duenak, edo txanda hartzea lortu ez duenak ere izango du aukera Ahotseneaz gozatzeko Azokako telebistaren bidez. Iaz hasitako bideari jarraikiz, streaming bidez emango dituzte zuzeneko kontzertu eta aurkezpen denak. Gainera, iaz egin bezala, zuzeneko kontzertuetan soinu nahasketa berezia egingo dute, etxetik hobeki entzuteko. Sortzaileentzako saioak streaming bidez ematea plus bat dela uste du Narbaizak, batez ere jende gehiagorengana iristeko modua ematen dielako. Hala ere, argi du helburua zein den: « Nik ez dut sinisten birtualki aurrera egiten duen azoka batean. Lehengo azoka hori bizi nahiko genuke datorren urtean».

Narbaizak kulturazaleei atxikimendua eskatu die: «Uste dut kulturazaleei atxikimendua erakustea egokitzen zaigula, eta hemen sortzen den uzta ikustea. Ederra litzateke segurtasun neurri guztiak beteta ahal duenak bertaratzea eta ongi pasatzea».

Irudienea(ikus-entzunezkoen isla)

Irudienean, ikus-entzunezkoen plazan, 35 film egongo dira ikusgai, Zugaza zinemetan: hamabi film labur, hamaika dokumental, hiru film luze, bi aurkezpen, lau estreinaldi eta hiru film haur eta gazteentzat. Inoiz baino parekideagoa izango da Irudienea, zuzendaritza eta protagonistetan emakumeak izango direlako nagusi, eta hainbat gai jorratuko dira bertan: memoria historikoa, pantailak euskaraz egoteko aldarria... Iaz Sormen Beka irabazi zuen Bañolet websaila ere Irudienean aurkeztuko da, abenduaren 5ean..

Talaia(gogoeta sustatzeko)

Euskarazko literaturaz harago, Durangoko Azokan beste argitalpen askok daukate lekua: dibulgazio liburuek, ikerketa lanek, euskal gaiak lantzen dituzten argitalpenak… Horiek guztiak Talaia gunean batuko dira, espazio bitan: Landako guneko Areto Nagusian eta Musika Eskolan. Talaian gai anitz lantzen dituzten liburu ugari aurkeztuko dituzte, eta hainbat mahai inguru ere antolatuko dituzte: musika elektronikoaz, ilustrazioaren munduaz, gazte sortzaileen ikuspegiaz...

Kabi@(hiru ardatz nagusitan)

2019an egin bezala, aurten ere Kabi@ Areto Nagusi barruan antolatuko dute, eta programazioa hiru ataletan banatuta egongo da: Geruza digitalak izeneko hitzaldi laburrak; sorkuntza digitalaren inguruko mahai inguru bat; eta Txikientzako lantegia izeneko jarduera. Diana Franco Kabi@ko koordinatzaileak nabarmendu duenez, programazioa ideia nagusi batekin lotuta egongo da: «eraldaketa digitalak balio dezake sortzaileak, sorkuntza lanak eta publikoa harremanetan jartzeko, eta, gainera, sorkuntzarako aukera ezberdinak zabal ditzake».

Saguganbara(haurrak protagonista eta ardatz)

Haurrek eta familiek euskal kulturaz eta literaturaz gozatzeko gunea da Saguganbara. Liburu aurkezpenak, haurrentzako ipuin-kontaketak eta ikuskizunak, denetariko eskaintza izango du guneak. Azken eguna, hilaren 8a, bereziki emankorra izango da haurrentzat. Dani Martirena idazleak Amonaren kea liburuaren kontaketa eginen du, eta Maite Franko, Bakarne Atxukarro, Izaskun Zubialde eta Raquel Samitier ipuin kontalariak ere bertan izango dira. Ohiko gunean egongo da Saguganbara, Elkartegian, Landako parean, baina saio batzuk Landako guneko Areto Nagusian ere antolatuko dira.

Szenatokia(bortz emanaldi)

Arte eszenikoak ardatz dituen programazioa eskainiko du Szenatokia guneak. San Agustin aretoan izango dira emanaldiak. Aurtengorako, denera, lau emanaldi antolatu dituzte. Larunbatean izango da lehena; Jon Ander Urresti antzerkigileak Txibirriz, baserri galdue obra emango du 18:00etan. Ondotik, igandean, Bagara kolektiboak I(n)tera(k)zioa antzeztuko du 18:00etan. Formol Laborategiaren txanda izango da astelehenean. 19:00etan estreinatu berri duten Album lana eskainiko dute. Laugarren emanaldia asteartean izango da. Mauma konpainia Galder Perezek zuzenduriko Lurrun minez obra taularatuko du 19:00etan. Iñigo Astizen eta Mikel Aierberen Högeitavat emanaldia izango da azkena. Asteazkenean izango da hori, 12:30ean. Emanaldi guztiak doan izango dira.

Azoka TB (azokak eman duena kontatzen)

Azoka TBk Durangoko Azokaren berri emango du, luze eta zabal. Azokako webgunean streaming kanal bi egongo dira, Plateruenan eta Areto Nagusian gertatzen ari dena zuzenean ikusteko. Gainera, Azoka TBren eta EITBren arteko elkarlanari esker, Azoka TBk kulturaren plazaren bueltan gertatzen dena jasoko du, egunero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.