Albistea entzun

EAE-ko aurrekontuak

Jaurlaritza eta EH Bildu pozik agertu dira lortutako akordioarekin

Ogasun sailburuak 2022rako kontuen «balio estrategikoa» nabarmendu du.Iriartek uste du ez direla«herriak behar dituen aurrekontuak».

Pedro Azpiazu, gaur goizeko prentsaurrekoan.
Pedro Azpiazu, gaur goizeko prentsaurrekoan. Irekia Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2021eko abenduak 2

Eusko Jaurlaritzaren eta EH Bilduren arteko akordioaren «garrantzi politikoa» nabarmendu du Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak: «Benetako borondatea dagoenean, posible da ezberdinen arteko akordioak lortzea». Era berean, EH Bilduko eledun Maddalen Iriarte ere «pozik» agertu da emaitzarekin, «batez ere, beren bizi baldintzak hobetzen ikusiko dituzten pertsona eta kolektibo horiengatik». Bi aldeek atzo jakinarazi zuten 253 milioi euro balio duten hainbat zuzenketa txertatuko dizkiotela 2022rako aurrekontu proiektuari, baita adostasun politikoak lortu dituztela enpleguari, I+G+B inbertsioei eta etxebizitzari dagokienez ere. Hartara, koalizio subiranista abstenitu egingo da hilaren 23an Eusko Legebiltzarrean egingo duten bozketan.

PSEren eta EAJren gehiengoa medio, EH Bilduren babesa ez zen ezinbestekoa gobernuak aurrekontuak onartzeko. Halere, Azpiazuren ustez, lagungarri dira bi aldeen arteko akordioak kontuak «hobetzeko» eta «gizarteko kohesioa mantentzeko»: hain zuzen ere, «politika da, hizki handiz». Adostasunak lortzeko, gobernuak «apaltasunez eta eskuzabaltasunez» jokatu duela ere adierazi du, eta EH Bilduri «eginiko ahalegina» eskertu dio. Haren hitzetan, «Euskadik elkarrizketa behar du», eta akordioak nahi horri erantzuten dio.

Iriartek ere nabarmendu du adostutakoak «eragin zuzena» izango duela herritarrengan, eta, ondorioz, EH Bilduk ez duela «zalantzarik» izan hobekuntzak lortzearen alde egitean: «Guk herritarren ongizatea eta bizi kalitatea ditugu lehentasun, eta horretan oinarrituta hartu dugu abstenitzeko erabakia». Hala, harro agertu da «EAJ mugitzea» lortu dutelako, eta Jaurlaritzak «berebiziko garrantzia duten hainbat aldarrikapen» onartu dituelako.

Bi aldeek, ordea, ez dute bat egiten datorren urterako aurrekontuen balioaz hitz egitean. Azpiazuren hitzetan, «garrantzi estrategikodunak» dira, «pandemiak eragindako egoera latzari erantzuteko prestatuak. Hala, «aurrekaririk gabeko aukera bat» direla zehaztu du. Iriarterentzat, baina, ez dira izango «herriak behar dituen aurrekontuak».

Neurri sorta

Bi aldeek hogei egun behar izan dituzte adostasun bat lortzeko. Lehen bileran, EH Bilduk sei neurri ekonomiko eta beste horrenbeste politiko aurkeztu zizkion gobernuari, eta Azpiazuren lantaldeak kontraeskaintza batekin erantzun zion eskaerari. Hala, EH Bilduren Mahai Politikoak osoko zuzenketarik aurkeztu ez, eta negoziatzen jarraitzeko erabakia hartu zuen. Aurrekontuetan 253 milioi euroko balioa duten hainbat zuzenketa txertatzea izan da emaitza; hala nola ehun milioi euro tokiko erakundeentzako Jasangarritasun Energetikoaren Funtsa aktibatzeko, 77 milioi I+G+B inbertsioak handitzeko, 30 milioi Osakidetzako lehen arretara bideratzeko eta hogei milioi gizarte inklusioa bultzatzen duten proiektuetarako.

Koalizioaren eskaera politikoetatik hiruri ere erantzun die Jaurlaritzak, betiere, gobernuaren «eskumenetara mugatuta», Azpiazuk azpimarratu duenez. Horiek dira alokairuen prezioak kontrolatzeko sistema bat eratzea, 2023an eta 2024an I+G+B inbertsioetan erabiltzeko funtsak %12 handitzea, eta «defendatzea» hitzarmen kolektiboek gutxieneko soldatak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batez besteko errentara egokituta ezartzea. Azken alor horretan, sailburuakadierazi du Jaurlaritzak jarrera hori babesteko «asmoa» duela, baina aldeak «behartu gabe».

Neurri politiko horien artean, Ikerkuntza, Garapen eta Berrikuntza alorrean egingo den jauzia nabarmendu du Iriartek: «Gure herriaren garapen industrial eta teknologikorako funtsezkoa den arlo horretan, gobernuak inoiz egin duen inbertsiorik handiena egingo du akordio politiko zehatz honi esker». Halere, akordioak ez du koalizioa guztiz ase, eta gainerako neurri politikoen inguruan hitz egiteko «erabat itxi» izana leporatu dio gobernuari. EH Bilduk zerga politikan eta adinekoen egoitzen kudeaketan aldaketak egiteko beharra adierazi zion Jaurlaritzari, ikus-entzunezko sektorea indartzeko nahiarekin batera.

Orain bai

Azpiazuk gogoratu du azken urteetan PPrekin eta Elkarrekin Podemos-IUrekin ere itxi izan dituztela aurrekontuen inguruko akordioak. Azkena duela bi urte izan zen, ezkerreko koalizioarekin; iaz PSEk eta EAJk soilik babestu zituzten kontuak. Aurtengoan, baina, bi indar politiko horiek negoziazioetatik kanpo geratu dira, sailburuaren hitzetan, «motibazio politikoak» medio.

Urkulluren arabera, Jaurlaritzaren «elkarrizketarako gogoa» azken urteetako bera izan da aurtengo negoziazioetan ere, eta EH Bildurentzako mezua bota du: «Bakoitzak ikusiko du zein baldintzak eragin dion iraganean posible izan ez zena orain hala izateko». «Bere iraganari jarritako osoko zuzenketa bat da», esan du, berriz, PSEko idazkari nagusi Eneko Anduezak. Iriarte, baina, ez da iritzi berekoa, eta azaldu du koalizioak Madrilen, Nafarroan eta EAEn erakutsitako jarrerak argi utzi duela «akordioetara iristeko prest» daudela, «baldin eta akordio horiek pertsonen bizi kalitatea hobetzen badute».

Gobernuaren eta EH Bilduren molde honetako lehen akordioa da aurtengoa. Ezker abertzalea 2002an abstenitu zen azkenekoz aurrekontuen inguruko bozketa batean. Batasunaren erabaki hark Juan Jose Ibarretxeren gobernuak kontuak aurrera ateratzea ahalbidetu zuen. EAk, berriz, gobernutik babestu zituen aurrekontuak azken aldiz, 2008an.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Altsasuko gazteen alde egindako mobilizazio bat, 2019ko urrian. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Estrasburgok ez du aintzat hartu Altsasuko auziko gazteek egindako salaketa

Gotzon Hermosilla

Auziak Europan izan zezakeen bide judiziala amaitu egin da. Gizarteak emandako babesa nabarmendu du Altsasu Gurasoak plataformak
<em>Mozal legearen</em> aurka egindako protesta bat, Iruñean. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Mozala nola kendu

Iosu Alberdi

Kongresuko Barne Gaietarako Batzordera iritsi da 'mozal legea' erreformatzeko proposamena. Indar parlamentarioen lana izango da orain aldaketen nondik norakoak eztabaidatu eta adostea.
Sortuko zenbait militanteren agerraldia, ETAren jarduera armatuaren 10. urteurrenaren harira. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Sortuko kideek Nazio Kontseilurako hautagaiak bozkatuko dituzte gaurtik

Jon O. Urain

Nazio Kontseilua osatzeko hamar hautagaien berri eman du Sortuk. Etzi arte eman ahalko dute botoa; emaitzak, larunbateko ekitaldian

EH Bildu eta PSE-EE bildu dira gaur, Bilbon ©Amaya Diaz-Emparanza

Anduezak adierazi du ez duela proiekturik partekatuko EH Bildurekin, ETA gaitzetsi arte

Oihane Puertas Ramirez

Anduezak uste du bi alderdiek zenbait herritan dituzten akordioak «puntualak» eta positiboak direla, baina ez du uste egoera egokia denik «pisuzko akordioak» egiteko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.