Energia

LPEEk eta aliatuek ekoizpena poliki handitzen jarraituko dute

Azken hilean %20 merkatu da Brent upela, gehienbat omikron aldaera agertu zenetik.

LPEEren ikurra, Vienako egoitzan. CHRISTIAN BRUNA / EFE
Iker Aranburu.
2021eko abenduaren 2a
17:10
Entzun

Ekoizpena gutxika handitzen jarraitzeko bideari eutsi diote LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak eta haren aliatuek, Errusia buru dutela. Petrolioa garestitzen ari zela, maiatzean, hilero ekoizpena 400.000 upel handitzea hitzartu zuten kartelak eta haren aliatuek, eta bide horretan zentimetro bakar bat ere ez dira urrundu, presioak presio. Horrenbestez, urtarrilean ere beste 400.000 handituko dute beren ekoizpena: 24,554 milioi upel ekoitziko dituzte LPEEko kideek (Venezuela, Iran eta Irak kontuan hartu gabe) eta 15,94 milioi upel aliatuek. Koalizioko bi ekoizle nagusiek, Saudi Arabiak eta Errusiak, gehienez 10,12 milioi upel aterako dituzte egunean beren putzuetatik.

Joe Biden AEBetako presidentea izan da presio horien protagonista nagusia. Lehenik, jendaurrean eskatuz ekoizpena handituz, eta gero beren erreserben zati bat salduko dituela iragarriz, eskari handiagoak prezioak jaits ditzan. Analisten arabera, ekoizpena handitzen jarraitzeko erabakian izan dute eragina Etxe Zuriaren mugimenduek, batez ere Saudi Arabiako Gobernuak Bidenekin harremanak hobetzeko asmoa duelako.

Petrolioaren prezioa %20 merkatu da azken hilabetean: Brent upelak, Europan erreferentzia gisa erabiltzen denak, 85 dolar balio zuen azaro hasieran, eta 68 dolarrean salerosi zen atzo. Hori bai, LPEEren eta aliatuen erabakiaren ondoren, 70 dolarrean salerosten zen arratsaldearen amaieran.

Upelaren merkatze horretan ez dute hainbesteko eragina izan Bidenen komentarioek eta ekintzek; bai, ordea, koronabirusaren omikron aldaeraren agerraldiak sortutako kezkak. Herrialde gehienek bidaiatzeko trabak jarri dizkiete Afrika hegoaldeko hegaldiei, eta kontrol zorrotzagoak ezarri dizkiete beste herrialdeetakoei.

Merkatzeak iraun dezakeela ikusita, LPEEko hamahiru kideek, Errusiak eta beste bederatzi ekoizlek erabaki dute hurrengo egunotan harreman telematikoak izatea, «beharrezkoak izan daitezkeen doikuntzak berehala egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.