Etxegabetzeak

Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak salatu du 23 pertsona etxegabetuak izateko «arrisku larrian» daudela

Sindikatuko kideek ohartarazi dute «etengabe» iristen zaizkiela etxegabetzear dauden pertsonen kasuak.

23 etxegabetzeen aurkako prentsaurrekoa eskaini du Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak. GASTEIZKO ETXEBIZITZA SINDIKATUA
unai etxenausia
2021eko abenduaren 2a
17:23
Entzun

Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, abenduan 23 pertsona beraien etxebizitzatik kanporatuak izateko «arrisku larrian» daude. Zehazki, etxegabetzear edo dagoeneko etxegabetuta dauden pertsonen egoera azaldu dute, eta arazoen konponbide posibleak planteatu dituzte. Haren arabera, Espainiako Gobernuak etxegabetzeen inguruan onartutako moratoriak etxea galtzeko zorian dauden pertsona guztiei laguntzen die. Ohartarazi dute «etengabe» iristen zaizkiela etxegabetzear dauden pertsonen kasuak. Hain zuzen, HEL Hiri Errentamenduen Legeak kontuan hartzen ez dituenak edo izapide burokratikoak zailtzen dituzten kasuak dira gehienak, azaldu dutenez.

Alokabideren etxeetan bizi diren pertsonak dira etxegabetu nahi dituztenetako batzuk; Arriagako Atea kaleko (Gasteiz) etxebizitza bloke bateko bost familia dira. Familia horiek bizitoki zerbitzudunetan bizi dira, eta, Eusko Jaurlaritzaren arabera, ez dute etxebizitza lizentzia. Sindikatuak adierazi du HELen bidez errentan har ezin daitezkeen ekipamendu publikoak baliabide gutxiko familientzakoak direla. Hala ere, Alokabidek galarazi egiten die maizterrei bost urte igaro ondoren etxebizitza horietan jarraitzea, «gizartearen beharren zerbitzura dagoen baliabide publiko bat pribatizatu nahi ez izatea» argudiatuz. Dena dela, sindikatuak uste du bost familia bota nahi nahi dituela Jaurlaritzak: «Bitartekotzarik gabe eta inolako bizitoki alternatibarik gabe, argi eta garbi erakutsiz estatu burgesak modu bereizi eta bateraezinean ulertzen dituela gizartearen eta proletariotzaren beharrak».

Bestalde, Gasteizko Alde Zaharreko Barrenkale kaleko ostatu pribatu batean logelak alokatzen dituzten bizilagunak etxegabetu nahi dituzte. «Horren jabeak hilero berritzen diren kontratuak dituzten logelak alokatzen ditu. Hala ere, gehienek hainbat hilabete daramatzate bertan bizitzen, eta hori dute etxebizitza bakarra. Jabeak, beraz, bere etxebizitzak ostatu bihurtzea erabakitzen du, alokairu erregular bihurtu beharrean, maizterren ezegonkortasunaz baliatzen delako». Gainera, sindikatuak gogorarazi du Gasteizko gizarte zerbitzuek gomendatu zietela alternatiba hori. Orain, berriz, jabeak, Jaurlaritzak eskatuta, hustu egin behar du establezimendua. Izan ere, legearen arabera, instalazioek ez dute legezko ostatu negozioa izateko araudia betetzen. «Hamasei maizter kalera joan behar dira, eta ia ez dute lege bermerik, legearen arabera haien etxebizitzak ez direlako ohiko etxebizitzak».

Baina bada besterik ere. Sindikatuak BERRIAri baieztatu dionez, batzuek ostatuan segitzen dute oraindik, baina gehienak beste etxebizitza batera edo lagunen zein familiartekoen etxeetara aldatu dira. Halere, etxebizitzan gelditu direnek zigor bat ordaindu beharko dute, hain zuzen, eguneko 50 euroko zigorra, kontratua amaitu ondoren logela uzten ez den lehen egunetik aurrera. Horrez gain, kideek uste dute etxebizitzak ondo daudela, eta bizitzeko leku aproposak direla. Beraz, uste dute hor bizi diren pertsonei araudiaren arabera kobratu ezin izateagatik kaleratzea «erridikulua» dela.

Sindikatuaren proposamenak

Etxegabetzeak saihesteko asmotan, alternatibak proposatu ditu sindikatuak, eta ziurtatu dute alde guztiekin «negoziatzeko prest» daudela. Horregatik, Alokabideren bizitoki zerbitzudunetako etxegabetzeak «berehala etetea» eskatu dute, behintzat beste bizitoki aukera bat negoziatu arte. Gainera, Alokabideri eskatu diote sindikatuarekin negoziazio bat irekitzeko, pertsona kaltetuen interesen ordezkari gisa «irtenbide erreal eta iraunkorrak» bilatzeko.

Barrenkale kaleko ostatuari dagokionez, Gasteizko Udalari exijitu diote bizileku irtenbide bat negoziaturik ez dagoen bitartean, pertsona horiek beraien etxeetan egoteko aukera izatea, ondorio penalen edo hornidura mozketen beldurrik gabe. «Batez ere, ostatuaren jabeari mintzatzen gatzaizkio: dozenaka familia ostatu kontratu oso prekarioen pean eduki ditu, hori baitzuen, hain zuzen ere, helburua; maizterrek ahalik eta berme gutxiena izatea, are gehiago aberasteko. Zure negozioak ostatu bat izateko baldintzak betetzen ez baditu, aloka itzazu etxebizitzak alokairu kontratu erregularren pean», exijitu dute. Halere, bide hori aukeratu beharrean, jabeak establezimendua ixtea erabakitzen badu, sindikatuak jendaurrean adieraziko du «bera dela jendea kalean uztearen arduraduna».

Horrez gain, nabarmendu dute «alderdi sozialdemokratak neurrien konplize» direla, eta gogor kritikatu dute «burgesiaren ofentsiban are gehiago sakontzen duten hainbat erreforma» onartu izana: «Gure etxetik botako gaituzten poliziei soldata igo diete, etxebizitza hutsen aurkako legea sustatu dute, Etxebizitzaren Lege berriari ia baldintzarik gabeko babesa eman diote eta abar. Ezinbestekoa zaigu politika antiproletario horietatik kanpo eta horien kontra antolatzea». Azkenik, gaineratu du bizi baldintzen aurkako «ofentsiba burgesari aurre egiteko alternatiba bakarra antolakuntza komunista dela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.