Alemania, derrigorrezko txertaketa onartzeko bidean

Merkelek jakinarazi du nahitaezko txertaketa ezartzeaz bozkatuko dutela diputatuek; otsailean sartuko litzateke indarrean. Txertorik hartu ez dutenak ezingo dira sartu jatetxeetan, tabernetan eta dendetan.

Angela Merkel eta Olaf Scholz, gaurko agerraldian. FILIP SINGER / EFE
ander perez zala
2021eko abenduaren 2a
18:10
Entzun

Gobernu eta agintari aldaketarako astebete baino gutxiago falta den honetan, Alemanian koronabirusaren pandemiari aurre egiteko neurri murriztaileak hartu dituzte berriz ere. Angela Merkel jarduneko kantzilerrak jakinarazi duenez, Bundestageko diputatuek derrigorrezko txertaketa ezartzeaz bozkatuko dute, eta, hori onartuz gero —badirudi hala egingo dutela—, neurria datorren otsailean sartuko litzateke indarrean.

Merkelen arabera, egungo egoera «oso larria» da, eta beharrezkoa da herritarrek «elkartasun nazionaleko ekintza bat» egitea. Kantzilerra nahitaezko txertaketaren aurka agertu izan da, baina intzidentzia tasaren eboluzioak iritzia aldarazi dio; zenbait iturriren arabera, Olaf Scholz karguan haren ondorengoa neurri horren alde agertu da, eta baliteke iritzi hori erabakigarria bilakatu izana gobernuaren jarrera aldatzeko.

«Ez daukagu nahikoa jende txertatuta. Badakigu [egoera] horrek ondorioak dituela», adierazi du Scholzek, Merkelekin batera egindako agerraldian. Austriak jada hartua du txertoa derrigorrezko bihurtzeko erabakia, baita Greziak ere 60 urtetik gorakoentzat.

Alemaniako jarduneko kantzilerrak azaldu du zenbait neurri murriztaile hartu dituztela, batez ere txertorik gabekoei begirakoak. Hala, horiek soilik supermerkatuetan, okindegietan eta farmazietan sartu ahalko dira osasun ziurtagiria erakutsi gabe. Alemaniako hedabideen arabera, de facto konfinamendu bat izango da dosia hartu ez duten herritarrentzat —%30 inguru dira—.

Gainera, intzidentzia tasa 350etik gorakoa —100.000 biztanleko— duten eremuek itxi egin beharko dituzte diskotekak, eta toki itxietako bilkurak 50 lagunera mugatuko dituzte; kanpokoen kasuan, 200era. Betiere, horietako parte hartzaileak txertatuta baldin badaude edo gaitza gainditu baldin badute. Horrez gain, maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da ikastetxeetan.

Alemaniako intzidentzia tasa 439,2koa da, eta herrialdeko eremu batzuetan mila positiboren berri ematen ari dira egunero.

Scholz, asteazkenetik aurrera

Pandemiari buruzko neurri murriztaile horiek jakinarazi aurretik, Bundestageko iturriek azaldu dute datorren asteazkenean egingo dutela Scholz herrialdeko kantziler izendatzeko bozketa. Hautagai sozialdemokratak hiruko koalizioa osatuko du ekologistekin eta liberalekin, eta, hortaz, hari egokituko zaio koronabirusari buruzko erabakiak hartzea, Osasun ministro berriarekin batera.

Hiru alderdien arteko ituna aurkeztean, Scholzek argi utzi zuen koronabirusari aurre egitea haren agintaldiko lehentasunetako bat izango dela. Neurriei buruz, adierazi zuen Gabonetarako beste 30 milioi txerto jarri nahi dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.