Kontu ekonomikoak

Hazkundearen moteltzea baieztatu du Eustatek

Urteko bigarren hiruhilekotik hirugarrenera %1 handitu da, urrian aurreratutakoa baino bi hamarren gehiago.

Bukatu gabeko furgonetak Mercedesen Gasteizko lantegiko aparkalekuetan. DAVID AGUILAR / EFE
Iker Aranburu.
2021eko abenduaren 3a
10:20
Entzun

Urrian aurreratutako datuak pixka bat zuzendu ditu Eustatek, hobera. Horien arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPG barne produktu gordinaren hazkundea moteldu egin da urteko hirugarren hiruhilekoan, aurrekoarekin alderatuz gero. Bigarren hiruhilekoan %2,2 hazi zen, eta %1, berriz, hirugarrenean. Edonola ere, moteltzea ez da iragarri bezain handia izan: %0,8 hazi zela esan zuen urrian.

Orduan, Eustatek jakinarazi zuen industria izan zela moteltzearen eragile nagusia, hornidura katean zeuden arazoak zirela eta. Datuek baieztatu egin dute iragarpen hori: industriak %0,2 egin du atzera hiruhileko batetik bestera. Tasa negatiboa izan du lehen sektoreak ere (-%7,2). Zerbitzuak hazi egin dira (+%2,3), baina kontsumoarekin lotutako haren osagaia — merkataritza, ostalaritza eta garraioa— %2,7 uzkurtu da.

Urte arteko tasan ere zuzenketa bat egin du Eustatek, gorantz. Urrian, %3,8 esan zuen, eta orain dio %3,9 izan dela. Edonola ere, urrun dago Eusko Jaurlaritzak udako hilabeteetarako egin zuen iragarpenetik (%5,5).

Bizkaiak, datu hobeak

Lurralde historikoen araberako BPGari dagokionez, 2021eko hirugarren hiruhileko honetako bilakaera homogeneoa izan da urte arteko terminoetan: % 3,9ko hazkuntza Araban eta Gipuzkoan, eta % 4,0koa Bizkaian. Hiruhilekoen arteko bilakaera desberdinagoa izango da, baina positiboa hiru lurraldeetan. Bizkaian, % 1,4ko hazkundea, Gipuzkoan %0,6koa, eta Araban %0,3koa. Azken bi lurralde horietan du industriak pisu handien.

Enpleguak bilakaera ona izan zuen uztailetik irailera, %0,9 handitu baitzen dedikazio osoaren baliokide diren lanpostuetan neurtuta. Zenbaki osoetan, 8.000 enplegu gehiago. Urte arteko tasan, berriz, iazko udan baino %3,5 lanpostu gehiago izan dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.