Hasi da azoka digitala

Dagoeneko salgai daude azokaren 56. aldian egongo diren 990 nobedadeak: 733 liburu, 143 disko, 37 aldizkari eta bestelako 77 produktu. Bihar hasiko da azoka presentziala, 10:00etan.

Durangoko Azokako lehen eguna, azoka digitala. ANDONI CANELLADA
2021eko abenduaren 3a
11:46
Entzun

Dagoeneko martxan da Durangoko Azokako denda digitala. Goizean goiz jarri dute martxan, eta dagoeneko salgai dira azokaren 56. aldian egongo diren 990 nobedadeak: 733 liburu, 143 disko, 37 aldizkari eta bestelako 77 produktu. Egun ez-presentziala da gaur: ez da ekitaldi presentzial eta jendetsurik egingo, eta Durangoko Azoka ireki ohi duen ikasle eguna ere beste era batean egiten ari dira. Lehiaketa berezi bat antolatu dute Lehen Hezkuntzako eta DBH zein Batxilergo mailetako ikasleentzat.

PortaDA! gisa izendatu dute erronka, eta euskarazko liburu eta diskoak ezagutzeko eta gaztetxoen sorkuntza sustatzeko helburuarekin antolatu dute. Euskal Herriko ikastetxe ugari batu dira erronkara, eta Sopelako (Bizkaia) eta Azkoitiko (Gipuzkoa) bi ikastetxe izan dira garaileak: Sopelako Ander Deuna Ikastolako kideek irabazi dute Lehen Hezkuntzako garaikurra; DBH eta Batxilergoko kategorian, berriz, Azkoitia BHI ikastetxeak irabazi du.

Larunbatean hasiko da azoka presentziala, unibertso hori berezko egiten duten erakusmahai, aurkezpen, solasaldi, kontzertu eta bestelako anitzekin. Goizean irekiko ditu ateak, eta,10:00etatik aurrera, ordu eta erdiko bost txandatan sartu ahalko dira bisitariak —10:00etatik 11:30era, 12:00etatik 13:30era, 14:00etatik 15:30era, 16:00etatik 17:30era eta 18:00etatik 19:30era, hurrenez hurren—. Txandetan izena eman daiteke dagoeneko durangokoazoka.eus webgunean.

Plateruena edo Ahotsenean Zuzenekoak gunean egingo diren kontzertuetarako ere txanda hartu beharko da lehenago. Kasu horretan, txanda independenteak izango dira, kontzertu bakoitzeko txanda bat. Egunero hamar talde edo bakarlari igoko dira oholtzara: 11:00etan hasiko da lehena, eta gehienez 22:00etan amaituko du azken taldeak. Landako eta Plateruena espazioez gain, beste hainbat gune ere egongo dira —Szenatokia, Irudienea, Saguganbara, Kabi@, Talaia eta Ahotsenea solasaldiak—, eta, horietara sartzeko, ez da aurrez erreserbarik egin beharko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.