Albistea entzun

Azpiegiturak

Lanen ondorioz, berandutzeak

Gipuzkoan egiten ari diren zenbait obrak, trenak berandutzeaz gain, murrizketak eragin dituzte. Horren ondorioz, kexu dira bidaiari eta langile batzuk. Besteak beste, eraikitzen ari diren hirugarren erraila egiteko lanek eta abiadura handiko trenaren lanek sortu dituzte eragozpenik handienak.

Bidaiariak, Donostiako tren geltokian Renferen tren batera igotzen. /
Bidaiariak, Donostiako tren geltokian Renferen tren batera igotzen. / Gorka Rubio/Foku Tamaina handiagoan ikusi

Miren Mujika Telleria, Gipuzkoako Hitza -

2021eko abenduak 4

Goizeko hamaikak dira. Donostiako geltokian trenaren zain daude bidaiariak; izan ere, 11:07an da iristekoa Irundik Brinkolarainoko bidea egiten duen trena. Obretan dago geltokia; abiadura handiko trenaren geltoki berria eraikitzen ari dira Donostian. Berehala eman dute bozgorailuetatik abisua: iristear da trena. Geltokiko ordulariak 11:07 jo dituenean iritsi da trena geltokira. Dagokion orduan dator oraingoan, baina, hala ere, kexu dira zenbait bidaiari; gaurkoan puntual iritsi bada ere, maiz berandu heltzen dela salatu dute.

Fatima Fernandezek, esaterako, egunero hartu behar izaten du trena. Gehienetan, Urnietatik Donostiarako bidea egiten du, baina Donostiatik Tolosara joateko ere hartu izan du trena. Garraio publikoa erabiltzearen alde dagoela azaldu du Fernandezek, baina, dioenez, trena «askotan» iristen da berandu: «Ia egunero gertatzen zait: hamar bat minutu lehenago iristen naiz geltokira, eta ordu erdi gehiago egon behar izaten dut trenaren zain».

Eta, trena berandutzeaz gain, trena abisurik gabe kendu izana ere gertatu izan zaiola azaldu du Fernandezek: «Noizbait gertatu izan zait, 20:30ean lantokitik atera, geltokira joan eta trena ez igarotzea». Horrelakoetan, hurrengo trenaren zain gelditu behar izaten duela dio. «Ez zait itxarotea beste aukerarik geratzen».

Lanera joateko edo beste norabait berandu ez iristeko, beraz, irtenbide bakarra ikusten du Fernandezek: «Hobekien datorkidan trena hartu beharrean, aurreko trena hartzen dut gehienetan, inora berandu ez iristeko». Hala ere, garraio publikoaren aldeko bezeroa den heinean, «zerbitzu on bat» edukitzea gustatuko litzaiokeela defendatu du Fernandezek.

«Hurrengo geltokia: Andoain erdia», egin die abisu treneko bozgorailuak bidaiariei. Batzuk musika entzungailuak belarrietatik kendu, bildu, poltsikoan gorde eta alboko eserlekuan utzitako motxila bizkarrean jarrita jaitsi dira trenetik. Beste batzuk, berriz, bertan igo dira. Astelehenetik ostiralera egunero hartzen du trena Marina Gomezek. Izan ere, Legazpitik Andoainerako eta Andoaindik Legazpirako bidea egin behar izaten du beti. Bi urte dira bide hori egiten duela, eta bat dator Fernandezekin. Gomez ere «haserre» dago Renferen zerbitzuarekin. «Izan ere, egunero badago zerbait», azaldu du. Tren geltokira joaten denean, «askotan», aurreikusitakoa baino denbora gehiago itxaron behar izaten duela-eta kexu da Gomez: «Trena iristeko pare bat minutu falta denean, bozgorailuetatik esaten dute trena ez dela pasatuko».

Andoainen ari da ikasten Gomez, eta trenak berandutzeagatik, «batzuetan», klasera berandu iritsi behar izan duela azaldu du: «Trena ez datorrenean, askotan, hurrengo trenari itxaron behar izaten diot».

Renfeko Komunikazio arduradun Alvaro Etxanizek ez du ukatu tren batzuk behar baino beranduago iristen ari direla. Are gehiago, ados dago bidaiarien kexekin. Atzerapenak trenbidean egiten ari diren lanei dagozkiela argitu du Etxanizek: «Egia da obretan aldaketak izan ditugula; esaterako, seinale berriak Errenterian; obrak Donostiako geltokian; Iztuetako biaduktuko obrak… Horien eraginez, tren batzuk kendu behar izan ditugu, atzerapen handiak izan dira, eta traba handiak eragin dizkiete gure langileei eta bidaiariei».

Hirugarren erraila

Adif enpresa hirugarren erraila ezartzeko lanak egiten ari da Irun eta Astigarraga artean, euskal trenbide sarea Europako trenbide zabalerara egokitzeko. Hirugarren erraila eraikitzeak ere «atzerapenen bat» eragin du trenei dagokienez. Adifeko komunikazio arduradun Amaya Lezamak argitu duenez, obra hori egiteko Astigarraga-Irun ibilbidean zeuden tuneletako galiboa handitu behar izan dute. Horretarako, makina bat erabiltzen da, trenaren erabilera ahalbidetzen duena, baina trenbide bakarrean. Lezamaren hitzetan, horrek murriztu egin du Irun eta Lezo arteko trenen zerbitzua.

Murrizketen jakitun dira Renfe eta Adif enpresak, beraz. Baina, Lezamak gaineratu nahi izan du obra guztiek sortzen dituztela eragozpenak: «Obrek eragiten dituzten arazoak eta sor daitezkeen eragozpenak uler ditzakegun arren, lan horiek ezin dira bestela egin. Hobetzeko eta aurrera egiteko, obrak egin behar dira».

Etxanizek «ulergarritzat» jo ditu hirugarren errailaren, Donostiako geltoki berriaren eta Abiadura Handiko Trenaren obrek eragin dituzten gorabeherak: «Alde horretatik, ulergarria da azpiegitura obra handiek aldaketak eta eragozpenak eragitea aldirietako zerbitzuak eskaintzeko garaian».

Etxanizen hitzetan, lau urte igaro dira trenen atzerapenen arazoa hasi zenetik. Baina, hala ere, nabarmendu nahi izan du «hamar bat egun» badirela trenak «inolako atzerapenik gabe» dabiltzala: «Oro har, obrak egitean izandako ustekabeko gorabeherek eragin dituzte atzerapen horiek guztiak, eta 2017ko udatik jasaten ari garen arazoa da hori, gainera. Baina azken egun hauetan obretan ondo aritu direla esan beharra daukagu, gorabeherarik gabe, eta, beraz, ez dugu izan ia atzerapenik». Gehitu nahi izan du, gainera, aurtengo urtarriletik urrira 3,9 milioi bidaiari pasatxok erabili dituztela aldiriko trenak Gipuzkoan; hau da, iaz baino %15,5 gehiagok: «Pandemia hasi aurreko bidaiari kopurura itzultzen ari gara pixkanaka».

Villabonan, atzerapenik ez

Iritsi da trena Villabona-Zizurkil geltokira. Gainontzeko geldialdietan bezala, trenera igo eta trenetik jaitsi da jendea, norbere gauzak hartuta. Geltoki horretan jaitsi da Maddi Etxebeste ere. Trena «oso gutxitan» erabiltzen duela aitortu du Etxebestek, «bikotekideari bisita egiteko baino ez». Donostiatik Villabona-Amasarako bidea egiten du halakoetan: «Berehala iristen naiz; Donostian hartzen dut trena, eta hogei bat minutuan iristen naiz Villabonara».

»Erosoa eta azkarra»; hala definitu du Etxebestek trena. Aitortu du aurtengo udan gehiagotan erabili duela tren zerbitzu hori, eta noizbait gertatu izan zaiola, aurrez abisurik jaso gabe, trena berandu iristea: «Behin, gaueko azken trena hartu behar nuen, eta, ez zetorrela ikusita, larritu egin nintzen, baina, azkenean, behar baino hamabost bat minutu geroago iritsi zen geltokira».

Hala eta guztiz ere, adierazi du, Fernandezi eta Gomezi ez bezala, ez zaiola inoiz gertatu hartu behar zuen trena kendu izana: «Egia da trenen bat berandu iritsi izan zaidala, baina inoiz ez dut gelditu behar izan hurrengo trenaren zain». Azaldu duenez, trenak berandu Donostiako geltokian hartu behar izan duenetan iritsi izan zaizkio gehienbat: «Villabonan hartu behar izan dudanetan, aldiz, ez dut gogoan inoiz arazorik izan dudanik».

Atzerapen horiek, batez ere, udan gertatu izan zaizkiola gaineratu du Etxebestek, baina trena hartu duen azken aldietan beti «iritsi behar zuen orduan» iritsi izan dela aitortu du: «Egin ditudan azken tren bidaietan ez da izan inolako atzerapenik, puntual iritsi izan da beti».

Etxebesteren hitzak bere eginda, Etxanizek gehitu nahi izan du eguraldi txarraren ondorioz gertatu dela azken hamar egunotan izan den atzerapen bakarra; ez, ordea, obren eraginez. Hain zuzen, horixe bera nabarmendu nahi izan du Adifeko komunikazio arduradun Lezamak ere: «Izandako gorabehera guztiak ezin zaizkie leporatu obrei. Arrazoi asko daude trenak berandutzeko eta murrizketen arazoak gertatzeko, eta azpiegituren matxurak eta baldintza klimatikoak daude atzerapen horien artean».

12:15 markatzen du treneko ordularian. «Hurrengo geltokia: Zumarraga», entzun da trenean. Iritsi da bere helmugara; zegokion orduan, gainera.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Lekukoak badu nondik nora ibili

Julen Aperribai

Korrikaren ibilbidea jakinarazi dute. Mendebaldean hasiko da, eta Gasteiz izango da igaroko duen lehen hiriburua. 2.180 kilometro eginda iritsiko da Donostiara. Otsailaren 1ean zabalduko da kilometroak erreserbatzeko aukera
Aitor Elexpuru (Uema) eta Agurne Gaubeka (Behatokia), atzo, Nafarroako Parlamentuan. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Nafarroan euskaraz egin daitezkeen tramite telematikoak, %25etik behera

Ion Orzaiz

Administrazioak «euskaldunen eskubideak urratzen» dituela salatu dute Uemak eta Behatokiak
 ©BERRIA

«Ospitale publikoa egonaldiak saltzen dituen enpresa bilakatu da»

Oihana Teyseyre Koskarat

Figura mediatikoa da Grimaldi. Urteetan, barnetik bizi izan du ospitale publikoaren egoera, eta argi du okerrera egin duela. Jomugan ezarri du Frantziako Gobernuaren murrizketa politika, pandemiak azaleratu dituen egiturazko arazoak salatuz.
Joan den urtean ere egin zituzten osasun publikoa indartzearen aldeko mobilizazoak. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Bizkaiko Medikuen Elkargoa urtarrilaren 23ko mobilizazioetara batu da

Jone Arruabarrena

ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek antolatu dituzte mobilizazioak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, iganderako

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.