Albistea entzun

EUSKAL PRESOAK

EPPK-k eta Foro Sozialak ontzat eman dute kolektiboaren agiriak izandako harrera

Agus Hernan Foro Sozialeko bozeramailea eta EPPK-ko mintzaide Jon Olarra eta Ainhoa Mujika Logroñoko espetxean bildu dira gaur goizean. «Presazko eta zentzuzkotzat» jo dute euskal presoak Euskal Herriko kartzeletara ekartzea. Bi aldeek hitzartu dute euren «lan agendan» sartzea «ebatzi gabeko kasuen» gaia.

Agus Hernan, gaur goizean, Logroñoko espetxearen aitzinean.
Agus Hernan, gaur goizean, Logroñoko espetxearen aitzinean. FORO SOZIALA Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2021eko abenduak 3

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak eta Foro Sozial Iraunkorrak bilera egin dute gaur Logroñoko espetxean (Espainia). Foro Sozialak jakinarazi duenez, bertzeak bertze azaroaren 29an EPPK-k ongietorriei buruz kaleratutako oharra izan dute hizpide: bi aldeek «positibotzat» jo dituzte agiriak izan duen harrera eta erreakzioak: «Eragile instituzional, politiko, sindikal eta sozialek adierazpenaren balioa eta tamaina ulertu dute, Aieteren hamargarren urteurrenean sortutako agertokia sendotzeko testuinguruan», azaldu du Foro Sozialak bileraren ondotik plazaraturiko ohar batean.

Azaldu duenez, bai EPPK, bai Foro Soziala 2019tik ari dira lantzen ongietorrien gaia, eta, foroaren arabera, presoen kolektiboak «eskertu» egin ditu Foro Sozial Iraunkorrak egindako «errazte lanak», «beharrezko adostasunak» eraikitzeagatik «funtsezko» bi gairen inguruan: «Biktimekiko enpatia eta familien eta gertuko pertsonen aldetik harrera jasotzeko eskubidea». Foroak EPPK-ri adierazi dio adierazpen «garrantzitsua» izan dela, eta «ekarpena» egiten diola «bizikidetza demokratikoari»: «Erabaki honen bidez, EPPK-k bat egiten du Euskal Herriko gehiengo sozial eta politikoarekin, zeinak indarkerien zikloaren ondorioak konpontzeko urratsak egin nahi dituen».

Foro Sozialeko Agus Hernan eta EPPK-ko mintzaide Ainhoa Mujika eta Jon Olarra izan dira bileran, eta, foroak azaldu duenez, «presoen arazoari konponbide integrala» ematea ere izan dute hizpide —horren barnean kokatu dute EPPK-ren agiria ere—. Bi eragileen ustez, hiru «eztabaida» daude irekita uneotan presoei buruz: Espainiako Estatuan dauden preso guztiak Euskal Herriko kartzeletara eramatea, araudi arrunta aplikatzea —tartean bigarren eta hirugarren graduak eta baldintzapeko askatasunak leudeke— eta «birgizarteratze plan orokor bat» zehaztea. Foroaren arabera, plan horrek «erakunde publikoak» izan behar ditu «buru», eta «inplikatutako eragileekin» adostua izan behar du, baita presoekin eurekin ere: «Presoei lagundu behar die euren birgizarteratzeko banakako ibilbidean, bai baldintzapeko askatasuna lortzeko bidean, bai ondoren birgizarteratzeko eta laneratzeko bidean». Horretarako «bermeak» galdegin dituzte. Presoak Euskal Herriko kartzeletara ekartzea «presazkoa eta zentzuzkoa» da, Foro Sozialaren eta EPPKren ustez: «Preso guztiek kartzela horietan zigorra bete dezaten behin betiko agertokirantz irmoki aurrera egin behar da».

«Ebatzi gabeko kasuak»

Bi aldeek hitzartu dute, bertzalde, euren «lan agendan» sartzea «ebatzi gabeko kasuen» gaia: horien barnean sartu dituzte hala «erakunde armatuek» egindakoak nola Espainiako Estatuak eragindakoak. EPPK-k, ordea, «kezka» agertu du «pertsona batzuei eragiten dieten sumario berriak irekitzeko dagoen bultzada judizialagatik». Hala azaldu du foroak: «EPPKren aburuz, [ebatzi gabeko kasuen] errealitate hori guztia gatazken konponbidearen ikuspegitik aztertu beharko litzateke, nazioarteko estandarrek definitzen duten bezala, Justizia Trantsizionalaren doktrina baten barruan, eta, hala badagokio, Egiaren Batzorde bat sortuz, lortu ahal izateko, hain zuzen ere, egia, aitortza, erreparazioa, eta geratutakoa berriro ez errepikatzea». Presoen kolektiboak uste du helburuak ez duela «inola ere» izan behar «mendekuaren eta sufrimenduaren noriatik irtetea eragozten duten eta, azken batean, indarkeriaren zikloaren ondorioen konponbidearen behin betiko amaieratik urruntzen» duten «salaketak, auzipetzeak eta zigorrak ezartzea».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Eneko Goia Donostiako alkatea, artxiboko irudi batean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Eneko Goiaren gobernukideek baztertu egin dituzte alkateak proposatutako turismo tasak

Iñaut Matauko Rada

PSE-EEko eta PPko ordezkariek Eneko Goiaren proposamena kritikatu dute. Udalerriek kudeatutako turismo tasa ezartzea eskatu dio Donostiako alkateak Eusko Jaurlaritzari.

Elkarretaratzea, gaur, Leitzan. ©Leitzako Txosna Batzordea.

Txosnetan jasotako «mehatxu faxistak» salatu dituzte Leitzan, elkarretaratze batean

Berria

150 bat lagun elkartu dira Faxismoari stop lelopean. Pintura gorria bota zuten txosna batera, eta herritar baten aurkako mehatxuak ere agertu ziren.

Konpartsetako kideak, atzo Bilbon egindako agerraldian. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Sarek eta Bilboko konpartsek manifestazioa egingo dute 26an

Gotzon Hermosilla

Mobilizazioak 'Etxera bidea gertu' izango du goiburu. APAVT elkarteak debekatzeko eskatu du, xedea «ETA gorestea» delakoan

Etxeratek joan den astean Donostian egindako protesta. ©ANDONI CANELLADA/FOKU

Beste sei euskal preso jarri dituzte hirugarren graduan azken hilabetean

Berria

Guztira, 23 presori eman diete hirugarren gradua Eusko Jaurlaritzak espetxeen eskumena hartu zuenetik.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...