Albistea entzun

Pantailak euskaraz

Euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko manifestu bat aurkeztu dute

Pantailak Euskaraz taldeak plazaratu du testua, ikus-entzunezkoen arloko eta euskalgintzako zenbait eragileren ekarpenekin. Sektore desberdinetako 35 eragilek eman diote atxikimendua manifestuari. Atzo egin zuten agiriaren aurkezpena.

Pantailak Euskaraz ekimeneko kideak, manifestua aurkezten, gaur Durangon.
Pantailak Euskaraz ekimeneko kideak, manifestua aurkezten, gaur Durangon. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2021eko abenduak 5 08:51

Ikus-entzunezkoetan euskarak duen «egoera larriarekin» kezkatuta, Disney Plus Euskaraz, Netflix Euskaraz eta Zinema Euskaraz taldeak sinadurak biltzen hasi ziren duela hilabete batzuk. Pantailak Euskaraz taldea osatu zuten gero, eta, haiekin batera, talde eragilean ari dira Tinko euskara elkartea, Bieuse bikoizleen kooperatiba eta Game Erauntsia elkartea. Atzo, berriz, askotariko 35 eragileren babesa jaso zuten Euskarazko Ikus-entzunezkoen Aldeko Manifestua aurkezteko Herritar taldeen kanpainetan eta 3000 twitz kanpainan, 30.000 sinadura baino gehiago jaso dituzte. Euskalgintzaren Kontseilua, Topagunea eta Uema daude babesa eman duten eragileen artean.

Izaskun Rekalde eta Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz-eko ordezkariek irakurri zuteh manifestua, Durangoko Azokako programazioaren barne, Irudienean. Hala esan zuen Aginagaldek: «Euskararen normalizazioan pauso sendoak ematea, euskarazko ikus-entzunezkoen produkzioa sustatu eta hedatzea, kalitatezko bikoizketa eta azpidatziak indartzea, eta euskarazko kultura eta ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea dute helburu gure proposamenek».

Hamar proposamen jasotzen ditu manifestuak. Lehena «euskarazko ikus-entzunezkoen sektoreko finantzaketa publikoa argitzea eta handitzea» da. Sustatzaileek uste dute euskarazko ikus-entzunezkoen arloa aro digital berrira egokitzeko «politika publiko sendoak» behar direla. «Gardentasuna, zehaztasuna eta irisgarritasuna eskatzen ditugu erakunde publikoek ikus-entzunezkoetara bideratzen duten diru kopuruetan». Diru kopuru hori handitzea proposatu du Pantailak Euskaraz-ek. Halaber, nazioarteko edukiak euskarara bikoizteko diru laguntza lerroak sendotzea ere eskatu du taldeak.

EITB «indartzea» eta «euskararen normalizaziorako tresna bihurtzea» jasotzen du manifestuak. «Aurrekontuetan eta programazioan euskarazko kateei lehentasuna eman eta euskarazko kalitatezko ikus-entzunezko edukiak nabarmen ugaritzea» eskatu dute. Halaber, ekintzaileek uste dute EITBko gaztelaniazko kateek ere hizkuntzaren normalizazioan «tresna eraginkorrak» izan behar dutela, eta, horregatik, kate horietan euskara «ikusgarri» izatea eskatu dute.

Euskarazko streaming plataforma bat sortzea da eskaera nagusietako bat. «Euskaraz sortutako eta euskarara ekarritako nazioarteko edukiak bilduko dituen plataforma bat beharrezkoa da, eta euskaldun komunitatearen streaming plataforma nagusia bilakatu beharko luke». Manifestuaren sustatzaileek uste dute erakundeek plataforma horren aldeko egin behar dutela. «Euskaraz ekoiztutako edukiak biltzeaz gain, nazioarteko eduki arrakastatsuak euskarara itzultzearen aldeko apustu argia egin behar da».

Streaming plataforma handietan, bestalde, euskararen presentzia bermatzea eta areagotzea jasotzen du manifestuak. Euskal Herriko erakunde eta alderdi politikoei neurri hauek eskatu dizkiete: «Estatuetako ikus-entzunezko lege berrietan eragitea euskararen presentzia bermatzeko, euskarari gutxieneko kuotak ezarriz, bai euskarazko ekoizpenerako bai katalogoan euskarara bikoiztu eta azpidatzitako eduki kopuruan; eta Netflix, HBO Max, Disney Plus, Amazon Prime Video eta gainontzeko plataformetan euskarazko edukiak bermatzeko, beharrezkoak diren neurriak hartuz». Estreinaldi berrietan, euskarazko bikoizketa eta azpidatziak sortzeko prozesuan «era proaktiboan» parte hartzeko eskatu dute.

Zinemaren lege propioak sortzea da manifestuaren beste eskaera bat; «Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean, zinema aretoetan euskararen presentzia legez bermatu eta areagotuko duen zinemaren lege propioak behar ditugu». Ipar Euskal Herrian, ikus-entzunezko arloen eskumena duten erakundeen arteko mahaian, zinemetan euskararen presentzia bermatzeko neurriak hartzea eskatu dute, baita Frantziako legegintzan eragiten saiatzea ere.

Bideo jokoetan ere euskararen presentzia bermatzeko eta sustatzeko eskatu dute. Baita sortzaile plataformetan ere. «EITB Euskal Herriko eduki sortzaile nagusia izanik, bere edukiak sortzaile plataformetara bideratzea eta plataforma horietan eduki esklusiboak sortzea eskatzen dugu. EITBk sortzaile euskaldunekin kolaborazioak egin eta haien ikusgarritasuna areagotu beharko luke». Gazteek edukiak euskaraz sortzera eta kontsumitzera animatzeko kanpainak sortzea ere garrantzitsutzat jotzen dute.

Ikus-entzunezko lege propioak sortzeko eskatu dute manifestuan. Baita lurralde administrazio bakoitzean ikus-entzunezkoen kontseilu propioak sortzeko ere. «Aditu independentez osatuko lirateke kontseiluak, eta horiek bermatuko lukete gardentasuna, aniztasuna eta neutraltasuna betetzen direla. Kontseilu horien ardura nagusietakoa litzateke euskaldunen hizkuntza eskubideak betetzen direla gainbegiratzea».

Espainiako eta Frantziako telebista publikoek, RTVE eta France Televisions taldeek, hizkuntza aniztasuna haien programazioetan bermatzeko eskatzen du Pantailak Euskaraz-en manifestuak. Honako hiru eskaera zehatz egin diete irrati-telebista horiei: «RTVEk EAE eta Nafarroarako albistegien deskonexioak euskaraz eskaintzeko; Clan haurrentzako katean edukiak euskaraz emateko; eta France3 Akitania kateak euskarazko eduki gehiago emateko».

Manifestuaren aurkezpenean, Alex Aginagaldek gogorarazi du Pantailak Euskaraz egitasmoak aldarrikatu izan duela streaming plataforma guztiei %7,5eko kuota ezarri behar zaiela hizkuntza gutxituetan. Espainiako Ministro Kontseiluak onartu berri duen legearen eta sortu den eztabaidaren harira, zera adierazi du Aginagaldek: «Funtsezkoa da merkatuan nagusi diren plataformei betebeharrak ezartzea, beraz, euskalgintzarekin eta Kataluniako eta Galiziako eragileekin lanean jarraituko dugu, Espainiako Kongresuko tramitazioan betebehar hori bermatua izan dadin».

Manifestuari, berriz, honako eragile hauek eman diote atxikimendua: AEK Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea, Apika Arabako ikus-entzunezko ekoizleen elkartea, Bertsozale elkartea, Bieuse Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea, EBI Elizbarrutiko Ikastetxeak, Bilboko Kafe Antzokia, Disney Plus Euskaraz, EHBE Euskal Herriko Bikoizleen Elkartea, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea, Ene Kantak taldea, Euskal Encondings egitasmoa, EHE Euskal Herrian Euskaraz, EPE/APV Euskal Produktoreen Elkartea, Game Erauntsia elkartea, Hekimen Euskal Hedabideen Elkartea, Ikastolen Elkartea, Izarkom, Kantu Kolore taldea, Katxiporreta elkartea, Euskalgintzaren Kontseilua, Kristau Eskola, Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkartea, Napar Nafarroako ekoizleen elkartea, Netflix Euskaraz, Sortzen eskola publiko berriaren aldeko elkartea, Tinko euskara elkartea, Euskaltzaleen Topagunea, 3000 Twitz egitasmoa, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, UEU Udako Euskal Unibertsitatea, Zinea hedabide digitala, Zinema Euskaraz egitasmoa eta Zukugailua euskal zinema sustatzeko Iparraldeko elkartea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / @FOKU

«Galtzen ari den lan bat azaleratu nahi dut»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Ontzi bat da, esamolde bat da, eta arrantzalearen azalean jarri nahi bat da 'Axalian'. Izen hori jarri dio Ortolaizek Zarauzko Photomuseumen paratu duen erakusketari: «Mundu eder bat da itsasoa».
Jon Mirande, eskuinean, Bretainiar Elkartearen Saria ekitaldian, 1969. ©Z / EZEZAGUNA

De viris illustribus: Jon Mirande bretainiarra

Miel A. Elustondo

Euskaraz baino lehen ikasi zuen bretoieraz Jon Mirandek Parisen. Euskaldunak lagun egin baino lehen, bretainiarrak egin zituen adiskide. «Gazte haien karra! Askok ez zekiten haurretatik beren herriaren hizkuntza, baina ikasi zuten eta bretoieraz ari dira beti. Guk, aldiz...», idatzi zuen. Goulven Pennaod bretainiarrarena dugu jakilegoa, Txomin Peillenek 1976an bildua.

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Zorroztasuna funtsezkoa da kazetaritzan»

Urtzi Urkizu

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kazetarien elkargoko dekano eta Euskal Kazetarien Elkarteko presidente izendatu dute Goikoetxea. Dioenez, kazetariek baldintza onak behar dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.