Albistea entzun

Euskal presoak

Bakegileek mobilizazio fase berria abiatuko dute

Gatazkaren konponbidean aitzina egiten Frantziako Gobernuaren «borondatea falta» dela eta, desobedientzia zibilari ekingo diote. Urtarrilaren 8an Baionan eginen duten manifestazioa izanen da fase berriaren hasiera.

Bakegileen agerraldi jendetsua, gaur, Hiriburun
Bakegileen agerraldi jendetsua, gaur, Hiriburun Guillaume Fauveau Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2021eko abenduak 4

«Ez dugu gibel eginen. Ez dezatela pentsa, orain arte egin den guztiaren ondoren, amore emanen dugunik». Bakegileek agerraldi jendetsua egin dute Hiriburun (Lapurdi), eta beste mobilizazio fase bat iragarri dute Euskal Herriko gatazkaren konponbidean Frantziako Gobernua aitzinapausoak egitera bultzatzeko. Desobedientzia zibilean oinarrituko da, «ekintza indartsuago eta determinatuagoekin», eta herritarrei dei egin diete bertan parte hartu dezaten. «Bolondres guztien engaiamendua eskatuko du, bakoitza bere heinean eta maila ezberdinean». Urtarrilaren 8an euskal presoen alde Baionan eginen duten manifestazioarekin abiatu nahi dute fase berria, eta gaur jakinarazi dituzte lehen xehetasunak: hiru lekutatik abiatuko da protesta, hiru zutabetan, eta oraindik iragarri ez duten leku batean bukatuko da. Fase berrian parte hartu nahi dutenentzat izena emateko parada izanen dela iragarri dute.

Ez da berria Frantziaren aitzinean jarrera gogortzeko borondatea. 2020ko irailean ekintza sinbolikoa egin zuten Bakegileek Baionako suprefetura aitzinean, adreiluzko pareta bat eraikita Frantziak gatazkaren konponbideari jarri dion «blokeoa» salatzeko. Hilabetera, biltzar nagusia egin zuten, eta mobilizazio ziklo «determinatu eta iraunkor bat» bultzatzea erabaki zuten. «Gogorrago» jokatzeko asmoa azaldu zuten, eta Luhusoko operazioaren urteurrenerako euskal presoen aldeko desobedientzia zibileko egitasmo «masibo eta determinatu» batean parte hartzeara deitu zuten. Baina, hortik egun batzuetara, Frederic Haranburu Xistor euskal presoa baldintzapean aske uztea erabaki zuen Parisko Dei Auzitegiak, eta behin-behinean ekintza «suspenditzea» erabaki zuten Bakegileek, erabakiak «esperantza izpi bat» sortzen ziela adierazita.

Eragile anitzetako ordezkariek eta herritar andanak inguraturik, urte batean izandako bilakaera laburbildu dute Anaiz Funosas eta Jean Daniel Elixiri Bakegileek. «Urte bat pasatu da Xistor etxekoengana itzuli denetik. Urte bat, Madrilek egiten dituen mugimendu berrien lekuko garela. Presoen hurbilketek eta Espainiako espetxe administrazioak aplikatzen dizkien gradu aldaketek perspektiba berriak irekitzen dituzte. Baina, urte bat gehiago da Jon Parot, Jakes Esnal eta Unai Parotentzat ere. 31 urte daramatzate kartzelan», deitoratu dute. «Urte bat gehiago, zeinetan, frantziar botere politikoak eta botere judizialak ez duten inongo jarrera aldaketarik erakutsi. Ez zaio inongo konponbiderik atzeman preso eta iheslariek aurre egin behar dieten arazoei. Ez dugu inongo borondaterik ikusten presoen egoerari aterabiderik atzemateko, eta, bereziki, erran dezagun, Jon Parot eta Jakes Esnalen kasuan. 70 urte baino gehiago dituzte gaur egun, eta 31 urte daramatzate giltzaturik».

Aieteko Konferentziaren hamargarren urtemugan, gatazkaren konponbidearen alde «engaiamendu berria» hartzeaz gain, dei zabala egin dute: «indarrak bil ditzagun etapa berri bati aurre egiteko». Batetik, Frantziako Gobernuaren «inertzia» ikusten dute, eta, bestetik, Terrorismoaren aurkako Frantziako Fiskaltzaren «laztasuna». Horregatik erabaki dute beste fase batera pasatzea. «Inork ezin ditu bazterrean utzi lurralde honetan izan diren bilakaera nagusiak; gatazkaren konponbidearen eta elkarbizitzaren alde, eragile ezberdinek izan duten engaiamendua: hautetsiak, gizarte zibila, alde guztietako biktimak eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboa».

Macron interpelatua

Bakegileek argi dute: «Gatazka honen konponbidearen ordua iritsi da». Horregatik, Emmanuel Macron Frantziako presidenteari dei egin diote, eta- 2019ko maiatzaren 17an, G7koen goi bileraren harira Miarritzera (Lapurdi) egin zuen bisitan izan zituen hitzak oroitarazi dituzte: «Euskal afera egiazko gai bat da, nire ustez. Euskal Herria adibide bat da niretzat gatazken konponbidean eta armagabetzean. Zergatik hori? Omentzekoak dira eskualdeko hautetsi anitz, Frantziako eta Espainiako hautetsiak, gogoetarako eta adiskidetzarako borondatea erakutsi dutenak. Estatuaren eginbeharra da mugimendua laguntzea. Ez dezagun historia errepika, laguntzea da gure egin beharra». Bakegileek, «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko ordua dela adierazi diote.

Urtarrilaren 8ko mobilizazioa Jon, Jakes eta Unai gurekin! lelopean antolatuko dute. Lauga gelatik, tren geltokitik eta Euskaldunen plazatik abiatuko da, eta Ipar Euskal Herriko eskualde bakoitzeko jendea hiru eremuetako batera bideratuko dute. Zutabe moduan Baionako karrikak zeharkatuko ondotik, berantago jakinaraziko duten toki batera iritsiko dira. Mobilizazioa prestatzeko, toki mailako dinamikak martxan jarriko dituzte gaurdanik, eta Eguberri garaian ekitaldi bat baino gehiago antolatuko dutela iragarri dute.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Altsasuko gazteen alde egindako mobilizazio bat, 2019ko urrian. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Estrasburgok ez du aintzat hartu Altsasuko auziko gazteek egindako salaketa

Gotzon Hermosilla

Auziak Europan izan zezakeen bide judiziala amaitu egin da. Gizarteak emandako babesa nabarmendu du Altsasu Gurasoak plataformak
<em>Mozal legearen</em> aurka egindako protesta bat, Iruñean. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Mozala nola kendu

Iosu Alberdi

Kongresuko Barne Gaietarako Batzordera iritsi da 'mozal legea' erreformatzeko proposamena. Indar parlamentarioen lana izango da orain aldaketen nondik norakoak eztabaidatu eta adostea.
Sortuko zenbait militanteren agerraldia, ETAren jarduera armatuaren 10. urteurrenaren harira. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Sortuko kideek Nazio Kontseilurako hautagaiak bozkatuko dituzte gaurtik

Jon O. Urain

Nazio Kontseilua osatzeko hamar hautagaien berri eman du Sortuk. Etzi arte eman ahalko dute botoa; emaitzak, larunbateko ekitaldian

EH Bildu eta PSE-EE bildu dira gaur, Bilbon ©Amaya Diaz-Emparanza

Anduezak adierazi du ez duela proiekturik partekatuko EH Bildurekin, ETA gaitzetsi arte

Oihane Puertas Ramirez

Anduezak uste du bi alderdiek zenbait herritan dituzten akordioak «puntualak» eta positiboak direla, baina ez du uste egoera egokia denik «pisuzko akordioak» egiteko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.