Astebetean %52 handitu da positibo kopurua Hego Euskal Herrian

27 herritar hil dira COVID-19ak jota, iragan astean baino hiru gehiago. Orotara, 445 gaixo daude Hego Euskal Herriko ospitaleetan.

Herritar batzuk osasun zentrora bidean, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko abenduaren 6a
13:32
Entzun 00:00:0000:00:00

Pandemiaren hedapenak ez du gelditzeko itxurarik. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eman dituzten datuan arabera, 12.902 positibo atzeman zituzten azaroaren 29tik abenduaren 5era arteko astean: hau da, aurreko astean baino %52 gehiago. Datu bereziki txarra izan zen joan den ostegunekoa. Egun hartan egindako probetan 2.215 kasu atzeman zituzten.

Birusa kontrolatzeko ezintasuna erakusten du positiboen ehunekoak: adibidez, atzo egindako 10.481 probetan 1.548 lagunek eman zuten positibo; hau da %14,8k. Beraz, OME Osasunaren Mundu Erakundeak pandemia bat kontrolpean edukitzeko jarritako %5eko langaren gainetik dago nabarmen.

Gipuzkoako egoera da bereziki larria. Bertan, atzo egindako probetan, beste 560 kasu atzeman dituzte, eta azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia 1.183 kasukoa da. Nafarroan, 435 lagunek eman dute positibo egun bakarrean, eta 828 kasuko intzidentzia daukate; Araban, 184 positibo erregistratu dituzte, eta 739 kasukoa da intzidentzia; eta Bizkaian, 354 lagunek eman dute positibo, eta 435 positiboko intzidentzia daukate.

Gero eta jende gehiago gaixotu ahala, gero eta gehiago dira ospitaleko arta behar duten gaixoak ere. Atzo beste 42 herritar sartu behar izan zituzten ospitalean, eta, oraintxe, 445 eri daude Osakidetzako eta Osasunbideko ospitaleetan. Kopurua etengabe ari da igotzen: duela astebete baino %30 gaixo gehiago daude, eta duela bi aste baino %70 gehiago. Abuztuaren 17tik ez dira hainbeste gaixo egon Hego Euskal Herriko ospitaleetan. Gainera, horietako batzuk larri daude, ZIUetan. Hain zuzen, 86 pazientek behar dute arta mota hori, duela astebete baino %43 gehiagok eta duela bi aste baino %105 gehiagok.

Hildakoen kopuruan ere igoeratxo bat ikusten da: astebetean, Hego Euskal Herriko 27 pertsona hil dira COVID-19ak jota, aurreko astean baino hiru gehiago.

Nafarroan, beste neurririk ez

Nafarroan, ez dira ari aztertzen birusa hesitzeko beste neurriren bat hartzea, Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek SER irratian egindako elkarrizketan esan duenez: «Txertaketa ahalik eta gehien bizkortzea ari gara baloratzen, eta COVID pasaportea ondo funtzionatzen ari zaigu». Adierazi du COVID ziurtagiria eskatzeak jendea txertatzera bultzatu duela: Txibiteren datuen arabera, ziurtagiria eskatzen hasi aurretik ordurik gabe 75 lagun inguru txertatzen ziren egunero; orain, 250 dira egunero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.