Ikastetxeetako protokoloa zorroztuko dute Ipar Euskal Herrian

Hirugarren arrisku maila aplikatu beharko dute hezkuntza egoitzetan: maskara derrigorrezkoa izanen da beti, taldeak ez nahasten ahalegindu beharko dira, eta, tokiko egoeraren arabera, lizeoetan klaseen erdia etxetik egiten ahalko dute.

Ikasleak maskara jantzita, Mauleko kolegioan, iragan irailean. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko abenduaren 6a
16:43
Entzun

Frantziako Gobernuak Osasun eta Defentsa Kontseilua izan du eguerdian. Osasun egoera larritzen ari denez, neurri murritzaileak ezartzea aztertu dute bilkuran. Txertaketaren inguruan ere eztabaidak izan dituzte, zenbait hedabidek aurreratu dutenez. 19:00etan mintzatu dira Jean Castex Frantziako lehen ministroa eta Olivier Veran Osasun ministroa. Birusaren hedapen handia dela-eta, neurriak errespetatzera deitu dute, eta ikastetxeetako protokoloak zorroztuko dituztela iragarri dute.

Castexek erran du bosgarren olatua iritsi dela, baina nabarmendu du egoera orain dela urte bat baino hobea dela. Hori txertaketari esker izan da, bere hitzetan. «Txertorik gabe ez ginen honela izanen». Hala ere, abisatu du txertoak COVID-19aren forma grabeak eta heriotzak sahiestea ahalbidetzen badu ere, «indartze dosi bat beharrezkoa dela immunitatea atxikitzeko». Horregatik, hirugarren txertoa emateko kanpaina abiatu dute berriki.

Birusaren hedapena mugatzea eman du helburutzat Castexek. Hala ere, konfinamendu edo etxeratze agindu oro baztertu ditu; «gehiegikeria» litzateke. Ikastetxeetako protokoloetan eman dute azpimarra: hirugarren arrisku mailara igaroko da.

Arrisku maila hori ezarrita, maskararen erabilera derrigorrezkoa izanen da berriz ere Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikastetxeetan, ikasle eta langile guztientzat, barnealdean zein kanpoaldean. Barnealdean, kirola egiteko ere beharrezkoa izanen da maskara erabiltzea eta elkarren arteko gutxieneko distantzia atxikitzea. Klaseen arteko gurutzatzeak ere saihetsi beharko dituzte, batez ere otorduen denboran. Castexek abisatu du, hiru kutsatze kasutik aitzina ikasgelak itxiko dituztela.

Oraingoz, xehetasunik eman ez badute ere, hirugarren arrisku mailak ahalbidetzen du lizeoetan klaseen zati bat etxetik egin ahal izatea, lekuko egoera epidemiologikoaren arabera. Azken datuen arabera, Ipar Euskal Herria barne duen Pirinio Atlantikoetako Departamenduan zazpi eguneko intzidentzia tasa metatua 587 da.

Defentsa Kontseiluan, bestalde, 5 eta 11 urte arteko haurren txertaketari buruz aritu da Frantziako Gobernua. Castexek adierazi «hurbil» dagoela adin tarte horretako umeen txertatzea. Oraingoz, Frantziako Osasun Aginte Gorenaren eta Frantziako Etika Batzordearen iritziaren zain daude agintariak, baina Veranek asteburuan aurreratu zuen zaurgarri diren haurrek «laster» jartzen ahalko zutela txertoa, «abenduaren erdialdetik seguruenik». Aginte Gorenak baimenduko balu, abenduaren 15ean hasiko direla erran du Castexek. Gainerakoentzat, urtarriletik aitzina hasteko asmoa adierazi zuen Veranek, betiere batzordeen oniritzia ukanen balute.

Ospakizunak

Koronabirusak eragindako osasun krisia abiatu dutenetik, egin dituzten hitzartze gehienetan bezala, agindu bera eman du Frantziako Gobernuak: telelanaren hedatzea. «Hori da metodo ona», Castex lehen ministroaren hitzetan. Frantziako Estatuko enpresa guzietan neurri hori orokortzera deitu du, astean hiru egunez etxetik lan egitera deituta.

Urte bukaerako bestak aitzin, eremu profesional eta pribatuan ospakizunik ez egitera ere deitu du. Eremu publikoan antolatzen diren ekitaldientzat, departamenduetako prefeten esku utzi du protokoloaren bilakaera zuzentzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.