«Hizkuntza politika burujabea» aldarrikatu du EHEk Durangon

Ehunka lagun bildu dira Euskal Herrian Euskaraz taldeak egindako manifestazioan. Euskara «prozesu subiranistaren erdigunean» jartzera deitu ditu independentistak, eta euskararen aldeko borroka «berpiztea» galdegin die euskaltzaleei eta euskalgintzari.

Manifestazio jendetsua egin du gaur EHEk Durangon. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2021eko abenduaren 6a
20:16
Entzun

Eguraldiak ez du lagundu, baina ehunka lagun bildu ditu EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak gaur arratsaldean, Durangon (Bizkaia) egindako manifestazio nazionalean. Hizkuntza politiketan jauzi bat eskatu du: euskararen alorrean ere burujabetza nahi du, eta euskal errepublika «Euskararen Errepublika» izan dadila. Eta, helburua ezartzeaz gain, eskaera zehatzak ere egin ditu EHEk. Euskalgintzari eta euskaltzaleei galdegin die «euskalduntzearen aldeko borroka berrindartzea»; eta independentziaren aldeko eragileei, berriz, hizkuntzarekin ez ahaztea: «Euskararik gabe ez dago Euskal Herririk».

«Nire hizkuntzak zure estatuaren oinarriak astintzen baditu, horrek esan nahi du, ziur asko, zure estatua nire lurrean eraiki duzula». Musa Anter idazle kurduaren esaldi horrekin abiatu du Koldo Zarate EHEko kideak martxaren osteko ekitaldi politikoa, kurduen bisita probestuta. Izan ere, haren ustez, euskaldunak «arnasarik gabe» nahi dituzte Espainiako eta Frantziako estatuek: «Gure hizkuntza gure gorputzetatik ostu nahi digute. Herri izatea ematen digun osagaia, euskara, zokoratu nahi dute. Estatuen botere eta ahalmen guztiak euskara gutxiagotzeko eta gure eskubideak urratzeko baliatu dituzte». Historian zehar debekuak, zigorrak eta irainak izan direla ekarri du gogora Zaratek, baina ohartarazi du eraso gehiago helduko direla: «Datozkigun astinaldiak bizirik gauden euskaldun gehienok inoiz ezagutu ez ditugun dimentsio eta intentsitatekoak izango dira; herri gisa baturik aurre egin ezean, neoliberalismo homogeneizatzailearen eta estatuen zentralismo linguiziden olatuak harrapatuko gaitu».

Hortaz, egungo egoera gainditzeko premiaz mintzatu da EHEren bozeramailea. Batetik, ez duelako borondate politikorik ikusten Madrilen eta Parisen: «Frantziar eta Espainiar estatuak ez daude prest euskararen berreskurapen eta normalizazio osoa gerta dadin uztera. Zapalkuntza hori da euskaldunok pairatzen dugun hizkuntza gatazkaren muina». Bestetik, agortuta nabaritzen dituelako egungo hizkuntza politikak: «Eman behar zutena eman dute». Beraz, jauzi bat behar du euskarak, «burujabetza osoa eskuratzean» datzana: «Inolako esku hartzerik gabe soilik Euskal Herrian erabaki behar dugu nolako hizkuntza politika nahi dugun. Horretarako, Euskararen Errepublika independentea lortu behar dugu ezinbestean».

Hiru eskaera

Bide horretan, eskaera zehatzak egin ditu gaur arratsaldeko manifestazioan Euskal Herrian Euskaraz-ek. Lehenik, euskalgintzari galdegin dio euskararen borroka «biderkatzea» eta Euskal Herri osoan zabaltzea: «Aktiba ditzagun euskalgintzaren indarrak instituzioak eta eragileak burujabetzarantz presionatzeko». Euskaltzaleei ere «grina berpizteko» eskatu die: «Ahal dugun guztietan euskaraz bizitzetik hasita. Euskaraz bizitzea baita euskaldunok egin dezakegun ekintzarik desobedienteena».

Azkenik, Euskal Herriaren independentziaren aldeko eragileei ohartarazi die euskarak «prozesu subiranistaren erdigunean» behar duela: «Bizi dugun egoerak eskatzen du eragile politiko, sindikal eta sozial independentistok elkarrekin esertzea, adostasunak bilatu eta guztion artean Euskararen Errepublikara, Euskal Errepublikara, eramango gaituen gehiengo sozial independentista egituratzeko». Hala, Txillardegi zenaren esaldi batekin amaitu du Zaratek mintzaldia: «Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; gabe, ziur ezetz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.