Indonesia

Herri indigenen lurrak baliatzeko baimena ukatu diete auzitegiek palma olioa ustiatzen duten enpresei

Indonesia da palma olio esportatzaile handiena. Papua probintzian milioi bat hektarea baso lur bideratu dituzte palma olioa ekoiztera 2000. urtetik.

Palmondoak landatzeko prestatutako eremu bat Acehen, Indonesian. HOTLI SIMANJUNTAK, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko abenduaren 7a
11:59
Entzun

Garaipen handia izan da Indonesiako Mendebaldeko Papua probintzian bizi diren herri indigenentzako. Joan den otsailean heldu zen lehen albiste ona, Sorong barrutiko buru Johny Kamuruk bertan behera utzi zituenean palma olioa ustiatzen zuten hainbat enpresei emandako baimenak, indigenek salatu ostean ez zutela onartuko enpresek euren antzinako lurrak baliatzea palmondoak landatzeko. Hala, enpresetako hiruk helegitea jarri zuten, eta gaur auzitegiek berretsi egin dute aurrez hartutako erabakia, baimenak ukatuz.

Indonesia da munduko palma olio esportatzaile handiena, eta Mendebaldeko Papuan soilik milioi bat hektarea baso lur bideratu dituzte 2000. urtetik palmondoak landatzera. Indonesiako Greenpeace erakundearen arabera, helegitea jarri duten hiru konpainiek soilik 90.031 hektarea palmondo dituzte probintzian. Joan den urrian plazaratutako txosten baten arabera, herrialdeko palmondo eremuen bosten bat baimendu gabeko eremuetan dago landatuta, besteak beste, herri indigenen lurretan, eremu babestuetan edota parke nazionaletan.

Duela bi urte, 2019an, Indonesiako presidenteak moratoria bat onartu zuen palmondo landaketa berrientzako, basoak babesteko helburuarekin. Etenaldia, ordea, irailean amaitu zen, eta gobernuak lanpostuak sortzea helburu duen beste lege bat ezarri zuen haren ordez. Horren arabera, legez kanpo palmondoak landatu dituzten konpainiek euren baimenak berritu ditzakete hiru urteko epean, eta modu horretan zigorrak saihestu. Enpresa horietako askok moi indigenen lurretan dituzte palmondoak.

Ingurumenaren aldeko ekintzaileek ohartarazi dute moratoria bertan behera uzteak arriskuan jarriko dituela baso eremuak. Gobernuaren datuen arabera, Indonesiako 47,3 milioi hektarea lirateke palmondoak landatzeko baliagarriak, eta horietatik 21 milioi hektarea basoak dira, tartean herri indigenak bizi diren inguruak. «Iaz Indonesiak 95,6 hektarea baso zituen, bere eremu osoaren %50,9 inguru. Baina palmondoak landatzeko asmoei eusten badie, lurralde osoaren heren bat soilik izango da basoa», ohartarazi du Indonesiako Basoen Behatokia gobernuz kanpoko erakundeko ikertzaile Mufti Fathul Barrik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.