Oinatz Bengoetxeari iritsi zaio agur esateko unea. Hala jakinarazi du pilotariak berak Baikoren bidez. Leitzako (Nafarroa) pilotariak hemeretzi urte egin ditu profesionaletan (2002ko urrian egin zuen debuta), eta hori «pribilegio bat» dela adierazi du gaur, agurtzeko argitaratu duen bideoan: «Oso harro nago egindako ibilbideaz», gehitu du.
Ez da gutxiagorako. Juan Martinez de Irujo edo Aimar Olaizola bezalako pilotarien belaunaldi berekoa den arren, garaipen garrantzitsuak lortu ditu Bengoetxeak: bi aldiz izan da buruz buruko txapelduna (2008an eta 2017an), 2016an irabazi zuen lau eta erdiko txapelketa, eta 2015ean binakakoa. Txapelketa nagusietan galdutako finalak ere baditu: lau eta erdikoa 2012an, eta binakakoa 2005ean eta 2017an. Denera mila norgehiagoka baino gehiago jokatu ditu.
Hortaz gain, pilotazaleen artean maitatua da Bengoetxea VI.a, eta horren jakitun da: «Urte hauetan guztietan pilotazaleen artean oso maitatua sentitu naiz. Eskertuta nago. Pilotazalerik gabe ez genuke pilota bizirik edukiko; ezinbestekoa da pilotarentzat. Partida guztietan jokoa erakargarria egiten saiatzen naiz, pilotazaleek gozatu dezaten», esan zion BERRIAri pasa den urrian. Izan ere kantxan erakutsi duen joko erasokorra eta alaia da leitzarraren ezaugarri nagusienetako bat.
Kantxatik kanpo, berriz, iaz Baikoko pilotariek egin zuten grebaren bultzatzaile eta aurpegi nagusienetako bat izan zen. Tarteka, BERRIAn ere idatzi izan du zutabe bat edo beste.
Bengoetxeak beste urtebetez jarraitzeko nahia zuela esan zion BERRIAri duela bi hilabete, baina aitortu zuen bazekiela zaila izango zela: «Azken finean, 37 urte ditut, eta lehietan nabaritzen dut fisikoki ez dudala lehengoko gaitasun bera. Ahalmen hori galtzen noa, baita erresistentzia ere; berrindartzea gehiago kostatzen zait», adierazi zuen. Urte bukaeran amaitzen zaio Baikorekin duen kontratua, eta ez dute argitu ez berritzea noren erabakia izan den: enpresarena, pilotariarena edo biena.
Agurrak
Bengoetxeak ez du pilota egun batetik bestera utziko, ordea. Zaletuek hura jokatzen ikusteko aukera izango dute urtarrilaren 29ra arte; egun hartan jokatuko du azken partida, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Baikok iragarri ditu agurraren aurretik Bengoetxeak eurekin jokatuko dituen beste neurketak ere: abenduaren 26an Bilbon, urtarrilaren 2an Gasteizen, urtarrilaren 16an Donostian eta urtarrilaren 24an Tolosan (Gipuzkoa). Dena den, urrira arte edo bere kabuz jokatzen jarraitzeko asmoa duela jakinarazi du pilotariak.