YEMEN

Saudi Arabiak gidatutako koalizioak eta matxino huthiek elkarri eraso egin diote

Nazioarteko koalizio militarrak leporatu die matxinoei Riadeko auzoetara misilak jaurtitzea. Huthiek adierazi dute Saudi Arabiaren petrolio enpresa publikoaren instalazioari eraso egin diotela.

Matxino huthi batzuk hileta batean, atzo. YAHYA ARHAB / EFE
Igor Susaeta.
2021eko abenduaren 7a
13:16
Entzun

Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek gidatutako nazioarteko koalizio militarrak, eta Iranen laguntza duten Yemengo matxino huthiek elkarri eraso egin diote azkeneko orduetan. Matxinoek ohar baten adierazi dutenez, misilekin eta droneekin eraso egin diete Saudi Arabiako Erresumaren Defentsa Ministerioaren erakinari eta Riadeko aireportuari, besteak beste. Koalizio militarrak ere jakinarazi du, erresumako Arab News hedabidearen bidez, Sana Yemengo hiriburuan «helburu militarrak» bonbardatu dituela. 2015az geroztik bi aldeak gerran daude Yemenen.

Matxino huthien bozeramaile Yahya Sarearen arabera, «etsaien helburu militarrak» bonbardatu dituzte erresumako hainbat lekutan; zehaztu du, esaterako, herrialdearen petrolio enpresa publiko Aramco-ren instalazioei eraso egin dietela airez. Oharrak dioenez, instalazioaren bueltan bizi diren herritarrak deitu zituzten horretatik urruntzera, matxinoen «helburu zilegiak» bihurtu direlako.

Koalizioak adierazi duenez, bestalde, besteak beste huthiek Sanan dituzten arma biltegiei eraso egin diete eta inguruan bizi diren zibilei ohartarazi diete ez daitezela helburu horietara gerturatu. Saudi Arabia buru duen koalizioak leporatu die huhiei zibilak ezkutu gisa erabiltzea eta Riadeko auzoetara misilak jaurtitzea. «Zibilei sistematikoki eta nahita eraso egiteko milizia huthiek duten jokabide basati eta arduragabeak talka egiten du printzipio humanitarioekin, eta nazioarteko zuzenbide humanitarioa urratzen du», azpimarratu du koalizioak.

NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, gerra hasi zenetik iazko abendura arte 233.000 bat pertsona hil ziren Yemengo gerran. Acled GKE gobernuz kanpoko erakundeak gerra guneetako datuak biltzen ditu, eta, plazaratutako azken txostenaren arabera, aurten 21.000 hildako eragin ditu gerra horrek.

Yemengo Gobernua babesten du koalizioak, eta azken asteetan ia egunero jakinarazten du huthiek Sanan dituzten «posizio zehatz batzuei» eraso egin dietela. Matxinoek herrialdearen ia iparralde guztia du kontrolpean. Orain Marib eskualdea hartzeko ahaleginean dabil.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.