Mendebaldeko Sahara

Polisarioak ohartarazi du «Marokoren krimenek» ezinezko egiten dutela irtenbide baketsu bat

Saharar herriaren aldeko elkarretaratzea egingo dute Genevan, ostiralean, Giza Eskubideen Aldeko Nazioarteko Egunean. Salatu dute Sultana Khaia ekintzaileak urtebete baino gehiago daramala etxean preso, eta asteburuan eraso egin ziotela Marokoko segurtasun indarrek.

Fronte Polisarioaren soldaduak joan den urrian Mahbesen, Mendebaldeko Saharan. MANUEL LORENZO, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko abenduaren 7a
16:23
Entzun

Azaroaren 14an bete zen urtebete Fronte Polisarioak 1991ko su-etena hautsitzat eman eta gerra egoera ezarri zuela, eta geroztik egoerak okerrera egin du. SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidente Brahim Ghalik ohartarazi zuen atzo Fronte Polisarioak ez duela inolako bake prozesurik abiatuko, Marokok «krimenak» eten ezean. Adierazpenok NBE Nazio Batuyen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresi zuzendutako idatzi batean egin zituen Ghalik, eta leporatu zion nazioarteko erakundeari beste aldera begiratzea.

Gogor egin zuen Ghanik nazioartearen isiltasunaren aurka: «Saharar zibilen aurkako Marokoren krimen ankerrek zigorrik gabe jarraitzen dute, kolokan jarriz NBEk bultzatutako bake prozesua, eta atea itxiz Mendebaldeko Sahararen deskolonizazio baketsuari». SEADeko presidentearen esanetan, zentzugabea da bake prozesua berriz abian jartzeaz hitz egitea, Rabatek giza eskubideen aldeko ekintzaileak jazartzen jarraitzen duen bitartean.

Adibide argi bat ere jarri zuen Ghanik mahai gainean: Sultana Khaiaren kasua. Khaiak urtebete pasa darama etxeko atxiloaldian bere ama eta ahizparekin batera. Giza Eskubideen Saharar Elkarteko presidentea da Khaia, eta iazko azaroaren 19tik atxiloaldian dago. Egunean 24 orduz daude soldaduak bere etxe atarian, eta gertukoek salatu dutenez, argindarrik eta Interneterako sarbiderik gabe daude Khaia eta bere senideak. Equipe Mediak zabaldu duenez, igande goizaldean Marokoko segurtasun indarrak familiaren etxera sartu ziren, eta hiru emakumeak jipoitu eta bortxatu zituzten. Ez da lehen aldia halako eraso bat salatzen dutena, azaroan ere gauza bera egin zuten. Oraingo honetan, baina, substantzia ezezagun bat arnastera behartu zuten Khaia, eta ondoren gai toxiko bat bota zuten ur edukiontzian. Etxeko teilaturako sarrera ere itxi zuten, Khaia eta bere ahizpak Mendebaldeko Saharako bandera astindu ez zezaten —bi emakumeak egunero igotzen dira teilatura bandera astintzera—.

«Inork ezin du espero izan Fronte Polisarioa bake prozesuarekin konprometitzea, Marokok lurralde okupatuetan izua zabaltzen jarraitzen duen bitartean, eta NBEk bidegabeko isiltasunari eusten dion artean», salatu zuen Ghanik, eta eskatu zion Guterresi eta NBEko Segurtasun Kontseiluari amai ditzatela Khaiak eta giza eskubideen aldeko ekintzaileek egunero jasan behar dituzten «izugarrikeriak», eta babes ditzatela ekintzaileok «Marokoren erasoetatik», baita ere egin ditzatela urratsak Marokok preso politiko guztiak aska ditzan, tartean Gdeim Iziken atzemandakoak.

SEADeko presidenteak ultimatuma eman zion NBEri ere, eta ohartarazi nazioarteak egoera bideratzeko beharrezko urratsak egiten ez baditu Polisarioak eskura dituen aukerak baliatu beharko dituela, hau da, Minurso Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio batuen Misioarekiko elkarlana amaitzea eta bake prozesua alde batera uztea.

Hain zuzen ere, ostiralean, Giza Eskubideen Aldeko Nazioarteko Egunean saharar herriaren aldeko elkarretaratzea antolatu dute Genevan, NBEren egoitza nagusiaren aurrean. Hirugarren urtea da protesta hauek antolatzen dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.