Pfizer dosiak ez ote diren faltako beldur dira txertaketa guneetako langileak

Eskualdeko Osasun Agentziak hobetsi du Moderna txertoak banatzea. Baionako txertaketa guneko langileek lana uzteko eskubidea aldarrikatu dute, pazienteei «gardentasuna zor» zaielakoan.

Baionako txertaketa gunea, artxiboan. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko abenduaren 7a
16:24
Entzun

Frantziako Gobernuak osasun egoeraren okertzeari aurre egiteko, txertoaren indartze dosiaren kanpaina zalutzea ezinbestekotzat jo zuen. Nahi bai, baina ezin: halakoa da Baionako txertaketa guneko egoera. Pfizer enpresaren txertoak agortzen ari dira bertan, eta, Eskualdeko Osasun Agentziak aurrerantzean txertaketa guneak Moderna txertoarekin hornitzea hobetsi du.

Izan ere, Eskualdeko Osasun Agentziak argudiatu du Moderna txertoaren kontserbaziorako baldintzak egokiagoak direla txertaketa guneen antolaketarako; honezkero, Pfizer txertoaren dosiak osasun profesional independenteen bulegoetan eta farmazietan jartzen ahalko dira bakarrik. Baionako txertaketa guneko langileentzat, «ulertezina da» egoera. «Pfizer txertoaren dosi bat hartzeko ordua hartu duten herritarrei Moderna txertoa eman behar diegu?», galdetu dute. Horien arabera, «gardentasuna zor» zaie pazienteei. Argi utzi dute ez dutela Moderna txertoarekiko kezkarik, baina jendeen «hautua errespetatzea» ezinbestekoa dela erran dute. «Arazoa ez da Modernarekin txertatzea; arazoa da herritarrak ez direla aldez aurretik abisatuak, eta gure esku gelditzen dela lan hori ere», salatu dute.

Hala, Pfizer txertoaren bialak agortzean, lana uzteko eskubidea dutela aldarrikatu dute Baionako txertaketa guneko langileek. Gainera, oroitarazi dute 30 urtetik beherako herritarrek ez dutela baimenik txerto hori jasotzeko. Lehen arretako medikuengana joan beharko dute, beraz, gazteenek ordua berriz hartuta. Jakinda, gainera, osasun ziurtagiria balizkoa izaten segitzeko indartze dosia jartzeko zazpi hilabeteko epea dutela, gehienez ere.

Gobernuaren erantzuna

Frantziako Gobernuko Osasun Zuzendaritza Orokorrak BERRIAri adierazi dionez, «ez da arazorik indartze dosia RNA mezularitza bidezko beste txerto batekin egiteko». Bestela erranda, dosiren bat Pfizer txertoarekin eginik ere, Modernaren indartze dosia jar daiteke. Zehaztu dute 30 urtetik beherakoek farmazietara jo dezaketeela Pfizer txertoa jartzeko. Gehitu dute: «Txertoak badira, dosirik ez dugu falta. Garrantzitsua ditugun baliabide guztiak erabiltzea, eta horien artean dira Moderna txertoaren bialak».

Hitz eman dute, bestalde, Pfizer txertoa jartzeko ordua hartu duten herritarrek txerto hori jarri ahal izango dutela, «banaketa berri» bat egingo duelako «laster» Frantziako Gobernuak. Ez dute zehaztu noiz, zehazki.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.