UKRAINA

Bidenek adierazi dio Putini zigorrak ezarriko dizkiola Ukrainari eraso eginez gero

AEBetako presidenteak eskatu dio Errusiakoari «bide diplomatikoak» ibil ditzala. Washington «koordinatuta» dago Europako potentziekin

Putin, eta Biden, pantailan, gaurko bilera hasi aurretik. MIKHAEL METZEL / EFE
Igor Susaeta.
2021eko abenduaren 7a
17:21
Entzun

Mendebaldearen arabera, Errusiak jarraitzen du Ukrainako mugan baliabide militarrak hedatzen. Horri buruz hitz egiteko bilera telematikoa egin dute, gaur, Joe Biden AEBetako presidenteak eta Vladimir Putin Errusiakoak. Etxe Zuriak batzarraren ondoren kaleratutako oharrararen arabera, Bidenek ohartarazi dio Putini «zigor ekonomiko gogorrak eta bestelakoak» ezarriko dizkiola Errusiari, Ukrainari eraso egiten badio. Gauzak horrela, «tentsioa baretzeko» eta «diplomaziaren bideak» ibiltzeko eskatu dio.

Pare bat ordu iraun du batzarrak, eta Bidenek jakinarazi dio Putini AEBak eta Europako potentziak «koordinatuta» jokatzen ari direla auzian. Putinekin bildu aurretik, bezperan, atzo, auziaz hitz egiteko bilera telematiko bat egin zuen Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin; Angela Merkel Alemaniako jarduneko kantzilerrarekin; eta Mario Draghi Italiako lehen ministroarekin zein Boris Johnson Erresuma Batukoarekin. Etxe Zuriaren esanetan, AEBak eta beste potentzia batzuk «kezkatuta» daude bai horregatik, baita Moskuren «erretorika geroz eta gogorragoarengatik» ere.

AEBetako Estatu Idazkaritzako funtzionario batek hainbat hedabideri herenegun adierazi zienez, Mendebaldeko potentziek adostu dute «fronte bateratu bat» osatzea auzian. Iturri horren beraren esanetan, gainera, AEBek adierazia diote Moskuri NATOk Europa ekialdean dituen baliabide militarrak indartuko dituztela, Errusiak Ukraina inbaditzen badu.

CNN telebista kateak azken egunotan adieraz duenez, zigortu nahi dituzte bai Putinen gertukoak, baita Errusiako energia sektorea ere, besteak beste.

Putinek lehengo astean aipatu zituen zeintzuk diren Errusiaren «marra gorriak» auzian: aliantza militarraren tropak ez daitezela Errusiarantz gehiago hedatu Ukrainatik eta Georgiatik. «Mendebaldeko gure mugetan handitzen ari dira mehatxuak; NATOren azpiegitura militarrak emandako aurrerapausoak ikusi besterik ez dira egin behar behar», nabarmendu zuen. Ukrainak NATOko kide bilakatzeki asmoa du, eta aliantza militarrak prozesu hori bideratzeko konpromisoa agertu du. Ukraina NATOko kide bilakatzea eragotzi nahi du, ordea, Putinek. Haren esanetan, hori arriskutsua litzatekeelako Errusiaren segurtasunarentzat, aliatuek misilak hedatu ahal izango lituzketelako Ukrainan.

AEBen eta Ukrainaren arabera, Errusiak 70.000 bat soldadu eta baliabide militarrak ditu hedatuta Donbassko mugan —Ukraina ekialdean—, eta datorren urtearen hasieran 175.000 soldadu inguru izango dira, Errusiak Ukrainari eraso egin nahi baitio urtarrilaren amaieran. Hori kaleratu zuten AP Associated Press berri agentziak eta The Washington Post egunkariak pasa den larunbatean, AEBetako Gobernuko funtzionarioen iturriak aipatuz.

Frankotiratzaileak hedatuz
Ukrainako Defentsa Ministerioak ohar batean atzo salatu zuenez, Errusiako «okupazio indarrek» segitzen dute Donbassko mugan dituzten baliabide militarrak areagotzen. «Frankotiratzaile bikoteak areagotu ditu, Ukrainako armadako kideei eraso egiteko, bideozaintza sistemak txikitzeko eta errepresaliaz tiroak probokatzeko». 2014an hasi zen Donbassko gatazka. Donetskeko eta Luhanskeko agintariek bi eremuen independentzia aldarrikatu zuten, Errusiaren babesarekin. Ordutik, 14.000 lagun hil dira eremuan, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera. 2015ean su-eten bat adostu zuten alde guztiek, Minsken, baina egoerak okerrera egin du azken hilabeteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.