Durangoko 56. Azoka

Azokaren balorazio positiboa egin du Gerediaga elkarteak

Landakora sartzeko txanda guztiak bete direla, eta orotara 25.000 lagunetik gora bildu direla nabarmendu dute antolatzaileek. Kulturzaleen ardura eta konpromisoa txalotu dituzte.

Landako Gunean jendea joan-etorrian, gaur hartutako irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2021eko abenduaren 8a
18:15
Entzun

Ezohikoa izan da aurten Durangoko azoka. Iaz online dendaren bidez soilik egin ondotik, aurrez aurrekoa izatera itzuli da aurten, neurri zehatz batzuekin —edukiera muga eta aurrez izen ematea izan dira nagusiak—. Horiek horrela izanik ere, Durangoko 56. Azokaren inguruko «balorazio positiboa» egin dute antolatzaileek, ohar baten bidez. «Aurten kulturaren plaza osasun-neurrietara egokituta antolatu behar izan da, eta Azokak kulturzaleen eta parte-hartzaileen (argitaletxe, diskoetxe, sortzaile...) konpromisoa eta ardura eskertu eta azpimarratu nahi izan du». Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak gogorarazi du azokan arduraz jokatzeko eta osasun neurriak betetzeko deia egin zutela, eta «erantzuna bikaina» izan dela nabarmendu du. «Kulturaz gozatu ahal izan dugu modu seguruan, eta hori denon ardura eta konpromisoari esker izan da. Zuei esker Durangoko Azoka baDA!».

Aurrez aurreko plaza berreskuratzea izan da antolatzaileen lehentasuna, eta helburua bete dela nabarmendu dute: «Pozik gaude berriro ere batzeko aukera izan dugulako, kulturzale eta sortzaileak plazan elkartu ditugulako berriro, egungo egoerara moldatuta bada ere». Osasun-neurrietara egokitu beharrarekin, erreserba-sistemak ezarri zituzten Landakon eta Plateruenan sartzeko. Landako Gunearen kasuan, 25.000 bisitari baino gehiago izan dituela nabarmendu dute; erreserba leku guztiak bete direla, eta publikoaren jarrera «ezin hobea» izan dela: «Eskertu nahi dugu bisitariek une oro izan duten jarrera eta prestutasuna: ilaretan itxaroteko, Landako Gunea husteko, pilaketak ekiditeko... Kultura segurua dela argi geratu da beste behin ere».

Aurrez aurreko azoka egitearekin batera, online dendari ere eutsi diote antolatzaileek. Bisitariek aurrez aurreko salmentari lehentasuna eman diotela jakinarazi dute antolatzaileek, «argi geratu baita Durangoko Azoka bertatik bertara bizitzekoa dela». Haien hitzetan, aurrez aurreko erakusmahaietan salmentak «etengabeak eta orekatuak» izan dira bost egunetan. «Bisitari askok nabarmendu duten bezala, inoiz baino erosoagoa izan da erakusmahaietara gerturatu eta sortzaileekin zuzenean egotea». Edonola ere, beste alde bat ere izan du horrek, eta hori ere aipatu dute antolatzaileek oharrean: «Partaide batzuek diotenez, aurreko edizioetako salmentekin alderatuta, salmenta kopurua orokorrean baxuagoa izan da, bisitari kopurua ere baxuagoa izan delako».

Hainbat datu ere xehatu dituzte antolatzaileek. Online dendari dagokionez, abenduaren 3tik 7ra 1.300 erosketa egin ziren durangokoazoka.eus webgunean, eta, guztira, 5.400 lan erosi ziren. Bataz besteko gastua 58 eurokoa izan da erosketa bakoitzeko. Halaber, azokaren webguneak 110.000 bisita baino gehiago jaso ditu abenduaren 3tik 8ra arte, eta streaming kateari dagokionez, 21.000 lagun konektatu dira abenduaren 4tik 8ra eskainitako zuzeneko kanal bietan.

Guneak

Azoka bera bezala, berau osatzen duten guneak ere bueltan izan dira aurten, eta haietan koordinatzaile aritu direnek ere balorazio «positiboa» egin dutela azaldu dute antolatzaileek ohar berean. Ahotsenearen kasuan, Plateruenan ezinbestekoa izan da aldez aurretik lekua erreserbatzea, eta hainbat disko aurkezpenetan edukiera osoa bete egin da: Liher, Willis Drummond, Anari, Skakeitan, Kai Nakai, Nikotina, Etxekalte + Habi, Bulego eta McOnak taldeenetan, hain zuzen. Literatur solasaldiei dagokienean, Alaine Agirre, Eider Rodriguez, Jon Maia eta Leire Vargasen aurkezpenak izan dira jendetsuenak, antolatzaileen datuen arabera. Orotara, 7.500 bisitari batu dira Ahotsenean, eta Miren Narbaizak nabarmendu duenez, «giroa oso ona izan da Ahotsenean. Plateruenan momentu oso politak eta goxoak bizi izan ditugu, dantzagarriak asko. Eskertu da zuzenekoak berriz bizi ahal izatea».

Irudienearen kasuan ere poza agertu du Johana Olabarriak, «ezberdin baina posible, euskal kulturgintzak merezi duen erronka» gauzatu dutelakoan. Mila bisitari baino gehiago izan dituzte bost egunetan, eta bi ekitaldi aipatu dituzte jendetsuenen artean: iazko sormen beka irabazi zuen Bañolet websailarena, eta Kurdistango Kobane hiriko liburutegiaren istorioa kontatzen duen Hala ere dokumentalarena. Ikusleek bereziki lanen sortzaileekin izandako hizketaldiak eskertu dituztela ere aipatu dute.

Saguganbarak, «handi eta txikien aterpe» gisa definitu dutenak, mila bisitarien langa gainditu duela azaldu du Marina Agirrek. Publikoaren bost egunetako joan-etorria «gorabeheratsua» izan bada ere, hainbat aurkezpenetan aretoa bete egin da, Monika Arratibel eta Xabier Etxanizen Laino txiki egizu negar poliki-renean, kasurako.

Szenatokiari dagokionez, Arantza Arrazola koordinatzaileak nabarmendu du antzerki eta dantza zaleek «bikain» erantzun diotela programazioari, eta oso pozik daudela izandako erantzunarekin. Guztira, 620 ikusle igaro dira gunetik, eta oso publiko gaztea egon dela nabarmendu dute, «antzokietan oso ohikoa ez dena». Bagara kolektiboaren Interakzioa dantza ikuskizuna izan da ekitaldirik jendetsuena bertan.

Kabi@ gunea Landako barruko Areto Nagusian antolatu dute aurten, eta Diana Franco arduradunaren arabera, «eztabaida mamitsuak» egon dira egunotako hitzaldi eta mahai inguruetan. Eztabaidek sarean izan duten jarraipena ere nabarmendu du.

Talaiara, azkenik, «gazte sortzaileekin eta kultur eragileekin egindako mahai inguruek» erakarri dute jendea, Izaskun Ellakuriagaren hitzetan. 500 lagun baino gehiago gerturatu da aurkezpenetara, eta sortzaileek eskertu dute euren lanez hitz egiteko lekua izatea.

'Zu non, han DA!' egitasmoa

Durangoko 56. Azoka gaur amaituko bada ere, antolatzaileek jakinarazi dute Euskal Herri osoko liburu dendetan jarraipena izango duela urtarrilaren 6ra bitarte, Zu non, han DA! egitasmoaren bidez. Iaz abiatu zuten proiektua, eta azokan eskuratu ahal izan diren lanak Euskal Herriko 149 saltokitan erosi ahal izango dira haren bidez datozen egunetan. Lanen zerrenda osoa durangokoazoka.eus webgunean dago ikusgai.

Amaitzeko, antolatzaileek oharrean eskerrak eman dizkiete azokari modu batean edo bestean babesa eman dioten argitaletxe, diskoetxe, babesle, herri mugimendu, erakunde... guztiei, baita egindako ahalegina ere. «Badakigu erronka eta esfortzu berezia izan dela guztientzat aurtengo Azoka babestea. Eskerrik asko Azokaren eta euskal kulturaren alde egindako apustuagatik». Kulturzaleen konpromisoa eta boluntario lanetan aritu direnen laguntza ere eskertu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.