Migrazioa

Gizon bat atxilotu dute, migratzaileak mugaz bestaldera «ilegalki» eramatea egotzita

Migratzaileak Irunen hartu, eta autoz mugaren bestaldera eramaten zituen, Espainiako Gobernuaren EAEko Ordezkaritzaren arabera. Frantziako Poliziak atzeman zuen, Luzuriagako lepoan.

Frantziako Poliziaren kontrol bat Santiagoko zubian, Irun eta Hendaia artean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2021eko abenduaren 9a
15:05
Entzun

Bidasoako mugan migratzaileak «ilegalki» mugaz bestaldera garraiatzea egotzita, gizon bat atxilotu zuten iragan azaroaren 30ean, Espainiako Gobernuaren EAEko Ordezkaritzak gaur jakinarazi duenez. Espainiako eta Frantziako poliziek batera jardun zuten operazioan, eta atxilotutakoaren mugimenduei segika aritu ziren, harik eta jendarmeek Lizuniagako lepoa igaro ostean atzeman zuten arte, ordezkaritzak ohar bidez azaldu duenez.

Frantziako matrikula duen Citroen markako auto gris baten berri izan zutenean abiatu zuten ikerketa, oharrak dioenez. Ibilgailu horretan migratzaileek muga «ilegalki» igaro zezaketen susmoa zuen Poliziak, eta, hala zen egiaztatzeko, zaintza operazioak zorroztu zituzten. Ordezkaritzaren arabera, autoaren ustezko jabea «Saharaz hegoaldeko zenbait migratzaile» jasotzen ikusi zuten, Irungo (Gipuzkoa) Gurutze Gorriaren egoitzaren inguruan, eta, ondoren, mugaz bestalderako norabidea hartzen.

Hondarribian (Gipuzkoa) ere ikusi zuten auto bera, Bidasoako Ospitalean. Orduan ere hiru migratzaile autora igo zirela dio Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak. Autoari segika mugara iritsi ostean, Frantziako Poliziari abisua pasatu zieten Espainiako agenteek, eta hala atzeman zuten gizona.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.