Bertsolaritza

Joseba Etxebarriak eta Moises Enbeitak elkarrekin jantziko diote txapela Bizkaiko Txapelketako irabazleari

Bi txapel jartzaile izendatuta, taldean egiten den lana sinbolizatu nahi izan du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Abenduaren 18an jokatuko da finala, Bilbon.

Moises Enbeita eta Joseba Etxebarria. BIZKAIKO BERTSOZALE ELKARTEA
Inigo Astiz
2021eko abenduaren 9a
18:07
Entzun

Lau eskutara jantziko diote txapela aurten Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapeldunari: Joseba Etxebarriak eta Moises Enbeitak egingo dute lan hori, elkarrekin. Abenduaren 18an jokatuko da txapelketako finala, Bilbo Arenan kiroldegian. Orduan jakingo da txapelduna nor den, bakarra, baina Bizkaiko Bertsozale jakinarazi berri du Etxebarriak eta Enbeitak jantziko diotela txapela. «Biek batera txapela janztearekin, taldean egiten denak duen balioa azpimarratu eta sinbolizatu gura izan du elkarteak».

Bizkaiko Txapelketako Talde Antolatzaileko kide izan dira urte luzez hala Enbeita nola Etxebarria, eta lan hori omendu nahi izan du orain elkarteak. Prentsa ohar bidez azaldu dituzte motiboak. «Nabarmentzekoa da bertsolaritza zelan ulertu eta transmititu duten, jardun kolektibo moduan». Ordea, haietako bakoitzaren ibilbide pertsonala ere gogoan izan dute erabakia hartzerakoan.

Eragile eta bertsolari

Larrabetzun (Bizkaia) eta eskualdean egindako lana aipatu dute Joseba Etxebarria Uriarteri dagokionez, esaterako. Bikoizle izandakoa da Etxebarria, eta hark idatzi zuen 2016ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako mezua ere. 2000. urtean hasi zen Bizkaiko Txapelketako Talde Antolatzailean lanean, eta urteak eman ditu elkarteko zuzendaritza batzordean ere.

Moises Enbeita Ealo bertsolari izandakoa da, Muxikan jaioa (Bizkaia), baina plazatik atzeko lanera pasatu zen gero. 2000. urtean, epaile lanean hasi zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketan, etazuzendaritza batzordean eta antolaketa taldean aritu izan da geroztik.

Bi txapel jartzaile, txapel bakarrarentzat

Zortzi bertsolari arituko dira finalean kantuan: Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Etxahun Lekue Etxebarria, Gorka Pagonabarraga Agorria, Jone Uria Albizuri, Nerea Ibarzabal Salegi, Onintza Enbeita Maguregi eta Xabat Galletebeitia Abaroa. Haietako bakarrak jantziko du txapela, baina aurten, bi txapel jartzaile izango ditu txapeldun bakar horrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.