Gutxienez 54 migratzaile hil dira Mexikon, kamioi istripuz

Beste 50 zauritu inguru zenbatu dituzte. Guztira 107 migratzaile zihoazen kamioian.

Migratzaileak autobusera igotzen, Mexiko hegoaldean. JUAN MANUEL BLANCO/EFE
Maria Ortega Zubiate
2021eko abenduaren 10a
12:12
Entzun

54 migratzaile hil dira Mexiko hegoaldean, barruan zihoazen kamioiak istripua izan ondoren. Kamioian zeuden 107 migratzaileetatik gutxienez 54k galdu dute bizia, eta beste 50 inguru zauritu dira. Gehienak Erdialdeko Amerikakoak direla jakinarazi dute zenbait hedabidek. Mexikoko Migrazioaren Institutu Nazionalak jakinarazi du bizirik atera direnei arta emango dietela: «Ostatua, jatekoa, eta onartzen dutenen kasuan, kausa humanitarioengatiko bisita txartelak».

Tragediatzat jo du gertatutakoa Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko Gobernuko presidenteak, eta Guatemalakoak, Alejandro Giammatteik, adierazi du zaurituei beren esku dagoen «laguntza kontsular guztia» eskainiko dietela: «Aberriratzeak barne». Horren harira, bertako zenbait hedabidek jakinarazi dute bizirik ateratako zenbait migratzailek ihes egin dutela istripuaren lekutik, aberriratuak izango diren beldur.

Kamioiaren gehiegizko abiadura jo dute istripuaren arrazoi nagusitzat. Dena dela, migrazioaren institutuak jakinarazi du ikerketa bat abiaraziko duela. Era berean, institutuak ere adierazi du hildakoen gorpuen identifikazioan, hileten gastuetan eta aberriratzean lagunduko duela.

Migratzaile gehienak Erdialdeko Amerikakoak direla jakinarazi dute zenbait hedabidek, hain zuzen ere, eskualde horretatik abiatzen baitira migrazio mugimendurik jendetsuenak; batez ere Guatemalatik. 2018ko migrazio karabana jendetsuez geroztik, bide horri ekindako migratzaile kopuruak gorantz jarraitu duela jakinarazi dute erakundeek. Hain zuzen ere, Giammattei presidenteak jakinarazi du hori lantzen ari direla, AEBetako Gobernuarekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.