'Nafarkaria'

Zortzi orri eta komunitate bat

'Egunkaria' zenak duela 30 urte kaleratu zuen 'Nafarkaria' gehigarriaren lehen zenbakia. 11 urte iraun zuen bidea hasi zuen Nafarroako gehigarriak 1991ko abenduaren 6an. 2002ko uztailaren 26koa izan zuen azken zenbakia, UPNren gobernuak diru laguntza kendu eta gero, ezin izan zuelako eutsi.

edurne elizondo
2021eko abenduaren 10a
16:48
Entzun

Mahai baten bueltan, eta paper zuri batean jasotako ideiak oinarri hartuta. Halaxe sortu zen Nafarkaria, duela 30 urte. 1991ko abenduaren 6an kaleratu zuen Egunkaria-k Nafarroako gehigarriaren lehendabiziko zenbakia. 11 urteko bidea egin zuen, UPNren Nafarroako Gobernuak diru laguntza kendu, eta ito zuen arte. 2002ko uztailaren 26koa izan zuen azken zenbakia.

Alberto Barandiaran kazetariak pena hori du: “Erabakia ez genuela guk hartu. Diruagatik sortu, eta diruagatik desagertu zen”. Barandiaran izan zen Nafarkaria-ren lehendabiziko zuzendaria; hori baino gehiago: hutsetik hasi zuen lana, eta Nafarroan nafarrentzat egindako produktu bat ondu zuen. “Iñaki Uria [Egunkaria-ko orduko zuzendariordea] etorri zen Iruñera, Nafarroako Gobernuaren diru laguntza jasotzeko aukera bazela esanez; Uria, Ana Unanue eta hirurok elkartu, eta hasi ginen ideiak botatzen”, oroitu du hastapenei buruz. Ez zaio ahaztu Uriak koplarik erabili gabe baztertu zituela berak mahai gainean jarritako zenbait proposamen.

Nafarkariaren lehen zenbakiko azala.

Maketak, faxez

Oraingoa baino garai analogikoagoa zen ordukoa; Egunkaria-ren egoitza nagusian faxez jasotzen zituen Xabin Makazagak Barandiaranek eskuz egindako maketak. Tiraderan gordetzen zen kolaboratzaileen zerrenda, eta haietako batzuek Egunkaria-ren Iruñeko Irrintzi dorreko egoitzaraino eramaten zituzten beren testuak. “Diskete batekin etortzen ohi zen Joxemiel Bidador; solasalditxo baterako aukera ematen zigun horrek”. Horixe nabarmendu du Asier Azpilikueta kazetariak. Hura izan zen gehigarriko azken arduraduna; 1999ko irailetik aritu zen, desagertu zen arte. “Itxi zuten arte; erabaki politiko bat izan zen”, berretsi du.

Euskararentzat “arnasgune txiki bat” izan zen Nafarkaria, Azpilikuetaren hitzetan. Nafarroako euskaldunen eta euskaltzaleen arteko “sarea” ehuntzen lagundu zuela uste du Barandiaranek ere; Irene Arrizurieta kazetariak gehigarriak egindako lan hori nabarmendu nahi izan du, hain zuzen ere: “Ez zen bakarrik kazetariontzako foro bat izan; kolaboratzaile asko pasatu ziren Nafarkaria-tik, eta askorentzat lehen erakusleihoa izan zen”.

Barandiaranek kontatu du “erraza” izan zela jendea proiektura batzea. “Euskaltzaleek pozik hartu zuten, eta berehala esaten zuten baietz laguntza eske haiengana jotzen genuenean”. Bingen Amadoz izan zen Nafarkaria-ko azaleko lehen zutabea idatzi zuena. Amadozekin batera, Felipe Riusek, Aingeru Epaltzak eta Josetxo Azkonak osatu zuten hasierako laukotea. Laster batu ziren bertze anitz, eta 11 urteko bidean, Nafarkaria-ko zutabegile izan ziren Pili Ioldi, Estitxu Fernandez, Maite Urkia, Jojo Bidart, Josetxo Azkona, Juanjo Olasagarre, Xanti Begiristain eta Mikel Taberna, bertzeak bertze.

Patziku Perurenak ere idatzi zuen gehigarrian. “Leitzako Maimur liburu dendatik faxez bidaltzen zituen testuak; ez dakit erdi hondatua ote zegoen edo zer gertatzen zen, baina hizkiak falta ziren beti, eta telefonoz aritu behar izaten genuen testua osatzen”, gogoratu du Azpilikuetak, ordukoaz.

Kazetariak Arrizurietaren eskutik jaso zuen gehigarriaren arduraren lekukoa. Arrizurieta bi urtez izan zen Nafarroako gehigarriko koordinatzailea, 1997eko irailetik 1999ko irailera. Azpilikuetarekin eta Barandiaranekin bat egin du, eta Nafarkaria “kazetaritza eskola” bat izan zela erran du. Hiru kazetariei, gainera, herrialdea txokoz txoko ezagutzeko aukera eman zien aldizkariak. Barandiaranek, adibidez, Joxe Lacalle argazkilariarekin Aezkoara edo Erriberara egindako bidaien oroitzapena du fresko, bereziki. “Nafarroa ezagutu genuen Nafarkaria-ri esker”.

Gehigarriko lehen arduradunak beti izan zuen garbi aldizkariak “nafar guztientzat” izan behar zuela, eta herrialde osoari egin behar ziola so. “Ezagutzen ez genuen Nafarroa bat deskubritu genuen, eta ikasi genuen herrialdea zeinen askotarikoa den”, azaldu du.

Nafarkariaren hamargarren urteurreneko zenbakiaren azala.

Nafarkaria-k lortu zuen irakurle talde fidel bat. Ez hori bakarrik. “Jendea identifikatu zen proiektuarekin; Nafarkaria-k balio erantsi bat eman zion Egunkaria-ri Nafarroan ostiraletan”, aipatu du Barandiaranek. Sortu zen harremana, ondorioz, gehigarriaz harago joan zen. Barandiaranek kolaboratzaileekin eta lagunekin egindako urteroko afariak gogoratu ditu. “Zaldiko Maldiko elkartean egiten genituen; Luzia Goñik prestatzen zituen”.

Irene Arrizurietak ere gogoan ditu afari horiek; batez ere, gogoan du ongi “aukeratu” behar zela tokia. “Martxelo Otamendiren ondoan eseriz gero, bazenekien ez zela gau osoan isilduko”, oroitu du, barrez.

«Utzi du arrastoa»

“Eskola” bat izan zela, eta “ilusio handiz” egin zutela. Horixe nabarmendu dute Barandiaranek, Arrizurietak eta Azpilikuetak Nafarkaria-ri buruz. Barandiaranek garbi du arduradun bakoitzak “berea” eman ziola gehigarriari, egindako bidean. “Utzi du arrastoa”, erantsi du. Zortzi orriko astekari bat zen Nafarkaria, baina bere txikitasunean handi izan zen, haien ustez. “Ederki pasatu genuen egiten”, erran du Azpilikuetak, baina ez du lana idealizatu nahi izan; ez gehiegi, behintzat. “Nafarrentzat euskarazko gauzak eskaini genituen, baina tokiko informazioaren esparruan urratsa eskas gelditu zen”.

UPNren esku zen Nafarroako Gobernuarentzat, baina, urrats hori ere gehiegi omen zen. Euskara erabiltzen zuten hedabideak diruz laguntzeko deialdian esku hutsik utzi zuen Nafarkaria, 2001ean. “Pedro Pegenaute zen Hizkuntza Politikarako arduraduna. Egin zuen lehen gauza izan zen elebitan zegoen bere bulegoko plaka gaztelania hutsean jartzea. Deialdia moldatu zuten, Nafarkaria kanpo uzteko”, kontatu du Azpilikuetak.

2002ko uztailera arte eutsi zion gehigarriak. Hilabete hartako 26an atera zuen azken zenbakia. 11 urtez, Nafarroaren kronika berezi bat idatzi zuen Egunkaria-ko astekariak Nafarroan eta nafarrentzat. Bai eta nafarrekin ere: Nafarkaria-k komunitate oso bat lotu baitzuen aste oroko bere zortzi orrietara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.