Memoria historikoa

Gerrilari antifrankistei «bidelapur» deitu die Guardia Zibilak, eta txioa ezabatu du gero

Erakunde militarrak gogorarazi du 1949. urtean txakurrak erabiltzen hasi zirela Pirinioetan erresistentziako kideak jazartzeko. Ez dute zuzenketarik egin, ezta barkamena eskatu ere.

Guardia Zibilak atzo argitaraturiko txioaren irudia. BERRIA
Edu Lartzanguren.
2021eko abenduaren 13a
10:51
Entzun

Guardia zibil bat, elurturiko mendi batean, irribarrez, bi txakurrekin. Hori erakusten zuen argazkiarekin, hautsak harrotu dituen testu bat argitaratu zuen atzo Guardia Zibilak Twitterren: «1949an txakurrak erabiltzen zituzten postu eta destakamenduak sortu ziren, bidelapurrak era antolatuagoan jazartzeko mugaldeetan».

Bidelapurrak 1949an? Txioak berehala sortu ditu erantzunak, eta horietan azkar nabarmendu dute nortzuk ziren Guardia Zibilak «bidelapur» deitzen dituen horiek.

«Nork gurutzatzen zituen ezkutuan Espainiako mugak 1949. urtean?», galdetu du, esaterako, Ina Robles suhiltzaile bizkaitarrak. Bakearen ekintzaileak salatu du Guardia Zibilak gaur ere harro esatea gerrillari antifrankistak jazartzen zituztela. Borrokalari haiek «bide bazter batean nola bukatzen zuten hurrengo txioan jarriko dute», esan du, ironiaz.

Jonathan Martinez kazetariak, berriz, gogorarazi du 1936ko gerra ostean, herritarren eta gerrillarien arteko lotura egiten zutenek lepoa jokatzen zutela sasian zeudenei lurrin bat eramateko. Borrokalariek oinetakoak bustitzen zituzten horrekin, Guardia Zibilaren txakurrak nahasteko, esan duenez.

Ordu batzuk geroago, txioaren arrastorik ez da ageri Guardia Zibilaren Twitterreko kontuan. Txioa ezabatu egin dutela nabarmendu du Roblesek, «baina ez dute barkamenik eskatu edo zuzenketarik egin. Historia berriz idazten saiatzen ari dira, eta ezin dugu ametitu».

1963an hil zuten azkena

Oraindik ari dira borrokalari haien gorpuzkiak agertzen Euskal Herrian, han eta hemen.

Iazko ekainean maki izandako aita-seme batzuen hezurrak atera zituzten Gazteluberrin (Nafarroa). 1944. urtean hil zituzten. Eta uztailean, Aranzadi zientzia elkarteak eta Nafarroako Gobernuaren Memoriaren Institutuak Imozko Goldaratzen (Nafarroa) frankistek 1940ko hamarkadan hildako bi gerrillariren gorpuzkiak lurpetik atera zituzten. Lekukoen arabera, sasian zebiltzan borrokalari antifrankistak inguruko mendietan babesten ziren. Espainiako armada frankistak inguratu egin zuen taldea, eta haietako batzuk hil. Zenbait hobitan lurperatu zituzten. Beste batek, berriz, ihes egin zuen, zaurituta. Egun batzuen buruan, herritarrek haren gorpua topatu zuten eraso lekutik kilometro batzuetara, eta bertan lurperatu zuten.

Aste honetan bertan argitaratu du BERRIA-k Pirinioetan 1940ko hamarkadan Brigada vasco-pirenaica deituan borrokan arituriko Anjel Lekuona gernikarraren bizitzaren inguruan haren biloba batek eginiko ikerketari buruzko erreportajea: Katalunian aritu zen hura frankisten aurka, eta nazien kontra Frantzian. Hradischko-ko (Txekoslovakia) kontzentrazio esparruan fusilatu zuten gero SSek.

Izan ere, Hegoaldean Guardia Zibilak egiten zuen lana naziek egin zuten Iparraldean, baina Alemanian delitua izango litzateke erresistentziako kideak jazartzen zituztenak goraipatzea. Maki horietako baten inguruko erreportajea egin zuen Miel A. Elustondok iazko abuztuan: Marie-Louise Lasserre Davances. «Makiaren kide izan ninduzun Ospitalepean, presoner Ravensbrücken».

Pirinioetako azken makia Ramon Vila Caracremada katalana izan zen. Anarkista izan zen, CNTko kidea, eta, 1932. urteko langileen protesten harira, kartzelan sartu zuten Manresan (Katalunia). Faxisten matxinadari aurre egiteko, aske utzi zituzten presoak, eta Vilak parte hartu zuen borrokan. 1939an, muga zeharkatu zuen, eta Argeles-sur-Merreko kontzentrazio esparruan sartu zuten. Nazien kontra borrokatu zen II. Mundu Gerran, eta, hura amaitzean, Kataluniara itzuli zen, frankismoaren aurka aritzera. Guardia Zibilak hil zuen, 1963. urtean, segada batean, Rajadellen (Katalunia). Orduan ere, Guardia Zibilak prentsara bidalitako oharrean, gerrillaria «lapur» gisa definitzen zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.