Donostiako Zinemaldia

Barragan, Claret, Collel, Gorostidi, Miranda eta Schonfeldek beren lanak garatuko dituzte Ikusmira Berriak programan

Guztira 281 proiektuk eman dute izena 2022ko programan. Zortzigarren edizio honetan, bostetik seira handituko da egonaldi kopurua.

Meritxell Collel zinemagilea. BERRIA
Berria
2021eko abenduaren 13a
12:09
Entzun

Ikusmira Berriak programaren zortzigarren edizioan izena eman duten zinema proiektuen artean, zinemagile hauenak aukeratu dituzte: Ana Cristina Barragan, Jaume Claret, Meritxell Colell, Irati Gorostidi, Joao Paulo Miranda eta Maximiliano Schonfeld. Ikusmira Berriak ikus-entzunezko proiektuak garatzeko egonaldien programa da, eta Donostiako Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Elias Kerejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatzen dute. 2022ko edizioan, egonaldi kopurua bostetik seira handituko da.

Hauek dira landuko dituzten lanak:

La hiedra (Ana Cristina Barragan)
Estrany riu (Jaume Claret)
Lejos de los árboles (Meritxell Colell)
Anekumen (Irati Gorostidi)
Bandeira (Joao Paulo Miranda)
Frankenstein (Maximiliano Schonfeld)

Ana Cristina Barragan zuzendari eta gidoilari ekuadortarrak (Quito, 1987) Horizontes saria irabazi zuen Donostiako Zinemaldian, bere lehen film luzeari esker: Alba (2016). Orain, Ikusmira Berriak programan parte hartuko du, Elias Kerejeta Zine Eskolako hirugarren promozioko ordezkari gisa, La hiedra proiektuarekin. Jaume Claret katalana ere (Bartzelona,1998) EQZEn aritu zen, lehenengo promozioan, eta, 2020an, Ella i jo lana estreinatu zuen Nest sailean. Hain zuzen, kategoria horretako ordezkari izango da, Estrany riu proiektuarekin. Meritxell Colell (Bartzelona, 1983) Espainiako kategorian aritzeko aukeratua izan da, Lejos de los árbolesizeneko bere hirugarren film luzea garatzeko. Amb el Vent (2018) filma estreinatu zuen Berlineko zinema jaialdian, eta Made in Spain sailean hartu zuen parte, Dúo filmarekin (postprodukzio-fasean). Irati Gorostidi zinemagile nafarrak (Eguesibar, 1988) Noka programan hartu zuen parte eta Tabakalerako Artisten Gunean egoiliar izan zen. Orain, Euskal Autonomia Erkidegoa ordezkatuko du Anekumen proiektuarekin. Hainbat esperientzia izan ditu film laburren eremuan, baina aipatutako hori izango da bere lehen film luzea.

Gainera, aurten, bi ordezkari izango ditu nazioarteko kategoriak. Alde batetik, Joao Paulo Miranda brasildarrak (Porto Feliz, 1982), Zuzendari Berriak sailean parte hartu zuena Casa de antiguidades filmarekin (2020), Ikusmira Berriak programako egonaldia baliatuko du bere hurrengo filmean lan egiteko: Bandeira. Bestetik, Maximiliano Schonfeld argentinarrak (Crespo, 1982) Frankenstein proiektua landuko du. 2020an WIP Latam egitasmoan parte hartu zuen Jesús López izeneko bere hirugarren film luzearekin, eta, Donostiako Zinemaldiaren azken edizioan, Horizontes Latinos saila inauguratu zuen lan horrekin berarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.